Altzoko jaien hasiera ekitaldia -Jaiei ongi etorri ekitalditxoa eta Artea dantza taldeko txikienen dantza saio polit eta hunkigarria- amaitu orduko, gertu genituen pilotariak eta ikusleak Frontoi Zaharreko finalez gozatzeko.
Gaztetxoek, 13 urtez behekoek, eman zien hasiera. Maialen Elola-Martin Arsuaga eta Malen Goitia-Manex Luluaga bikoteak lehiatu ziren. Ligaxkan lehenak irabazi zutenez erraz samar, 18 eta 12, partida hauen aldera eror zitekeela ematen zuen. Bada, ez! Malen Goitiak eta Manex Luluagak irabazi zuten 18 eta 11 aurreikuspenak eta orduko emaitza irauliz. Emaitzak adierazten duena baino estuagoa izan zen partidua.
Emakumeen txanda etorri zen gero: Uxue Murua-Ainhoa Ugartemendia batetik, eta Olaia Agirre-Irati Murua bestetik. Aurreikuspenik ez zen hemen. Ligaxkan lehenak gailendu ziren, baina 22-21 ezin estuago batekin. Halaxe izan zen finala ere, estua eta ondo lehiatua, baina oraingoan, Olaia Agirre eta Irati Murua izan ziren garaileak. Hasiera hasieratik hartu zuten aurrea eta, abantaila handiagoa edo txikiagoa, azkenera arte eutsi zioten. 22 eta 19 amaitu zen partida eta, esan bezala, txapelak Olaia eta Iratirentzat.
Eta bukatzeko, mutil gazteen txanda. Mikel Olano-Pello Olano lehengusuak eta Haritz Esteban-Amets Uzkudun, aurkarien lehengusua hau ere, izan genituen aurrez aurre. Ligaxkan elkarren aurka jardutea egokitu zitzaien eta lehenen alde erori zen partida 22 eta 15, baina partidu estua espero zen. Halaxe izan zen. Partida bikaina eskaini ziguten hasi eta buka: bizi jokatuz, ertzak bilatuz, pilareak astinduz, ñakuak botaz ... Baina garesti zeuden tantoak. Frontoiari tamaina eta maina hartuak zeudela eta sasoi latza daukatela erakutsi zuten lau pilotariek; horma zaharraren zulo eta koskak ziren kontrolatzen ez zituzten bakarrak, eta egin zien axio bat baino gehiago batzuei eta bestei. Elkar hautsi ezinik jardun ziren 15. tantora arte; aldi luze honetan, beren aldeko 9 eta 13ko tarte polita zabaltzea ere lortu zuten Haritzek eta Ametsek, baina 13an harrapatu egin zituzten eta kasik zuzenean joan ziren bi lehengusuak 22ra, tanto ia guztiak, oso lehiatuak asko, beren alde erortzen ziren-eta. Azkenean, 22 eta 16 eta txapelak Mikel eta Pello olanotarrentzat.
Gozatu genuen ikusleok. Bukatzeko sari-banaketa egin zuten Aitor Murua, Enaitz Aizpitarte eta Haritz Olanok. ederki merezitako txalo zaparraden artean. Partaide eta antolatzaileen osoko argazkia atera zuten azkenik. Eskerrik asko guztiei eskainitako debaldeko festa bikain honengatik! Zorionak denei! Datorren urtera arte!!