Frontoi Zaharreko finalak bihar, hogeita zazpigarrenez

Erabiltzailearen aurpegia Elordi elkartea 2023ko uzt. 27a, 13:49

Bihar hasiko dira Altzoko jaiak herriko Artea dantza-taldearen emanaldiarekin, eta, eguraldia lagun, Frontoi Zaharreko finalak jokatuko dira segidan, 18:00tan hasita. Hogeita zazpigarrena izango da aurtengoa. Etenik gabe antolatu da 1997ko hura jokatu zenez gero.

Hiru partida izango dira. GAZTETXOek jokatuko dute lehenengoa, Malen Goitia-Manex Luluaga  bikotea, Maialen Elola-Martin Arsuagak osatzen dutenaren aurka. Bigarrenean, EMAKUME GAZTEen txanda izango da, eta Uxue Murua-Ainhoa Ugartemendiak jokatuko dute Olaia Agirre-Irati Muruaren aurka. Azken partidan MUTIL-GAZTEak izango ditugu: Haritz Esteban-Amets Uzkudun batetik eta Mikel Olano-Pello Olano bestetik.

Elordi Elkarteak, urte pare bateko bizia zuenak artean, antolatu zuen lehen ekitaldia, 1997an; erantzun bikaina izan zuen deialdiak 38 herritarrek, 13 urte arteko 6 gaztetxok eta 14 urtez goiko 32 gazte eta helduk,  eman zuten izena-eta, eta Oier Arregi-Iker Laso gaztetxoetan eta Xabier Iturriotz eta Juan Karlos Olano gazte-helduetan izan genituen lehen txapeldunak. Herriko pelota eskolak, Elordi Elkartearen lan-ildo gisara funtzionatu zuenak lehen urtetan, hartu zuen handik aurrera ardura, eta urterik huts egin gabe ekarri da gaur arte.

Aurten ere 38 izan dira parte hartu dutenak. Berdina da kopurua, baina alde nabaria dago partaide multzoetan, 13 urte arteko 12 gaztetxo, 6 emakume gazte eta 20  mutil gazte izan baitira aurtengoan. Altzotarrentzat, udako ekimen kuttunetakoa bilakatu dela esan daiteke. Elizaren hormatzar garaiaren koska, zulo eta pilarek, joka-lekuaren txikiak, eta joko-arau propioek - jirako marra zuria ontzat ematen da esate baterako - berezia egiten dute frontoi honetan pilota jokoa. Ekaina eta uztaileko arratsalde eguzkitsu askotan eta hodeitsu batzuetan, ohikoa da ikustea pilotariak jokoan eta jendea jiran, lehia sanoaz gozatzen eta txalotzen.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!