BASO ERTZETIK

Onddolarien urtaroa

Erabiltzailearen aurpegia Jon Ander Galarraga

Luis Mari onddolaria da: «Oporrak udan? Zertarako! Oporrak udazkenean hartu behar dituk, onddotara juteko!». Luis Marik ez du sekula arratsalde bat alferrik galtzen kilo bat onddorengatik: «17 kilo eta beste hainbeste han utzi nizkian!». 

Luis Marik ez du kotxetik ere atera beharrik baso batean onddoak daudela jabetzeko: «Leihoa irekita joaten nauk, ta onddoa baldin bazegok, segituan usaintzen diat; kotxea hantxe, bide ertzean, utzi eta han juten nauk!». Beti aurkitzen ditu onddo-lekurik onenak Luis Marik: «Beteta! Lurra dena onddo beltzakin josita! Ibiltzeko ere komeritan!». Eta Luis Marik ez du pare bat orduko ibilbide bat egiten onddotan: «Goizean bostetan esnatu nintzen eta arratsaldean kotxea hartu nuenerako iluntzen hasita zegoan!».

«Oporrak udazkenean hartu behar dituk, onddotara juteko!»

Luis Marik maletategi handia duen kotxea dauka, eta bi saski eramaten ditu onddotara, badaezpada ere… «Saskia topera beteta, ezinean, bizkarreko minarekin iritsi nintzen kotxera; ziza horiak hustu eta beste lau buelta egin nizkian, maleteroa bete onddo, eta atzeko eserlekuak erabili behar!». Luis Marik beti topatzen ditu alerik onenak: «Hura bai onddo beltza! Esku batekin hartu eta pisua zeukan!». Eta ez galdetu sekula Luis Mariri nondik ekarri dituen onddoak: «Ze, nahi dek pasara bat ematea, edo?». Gainera, sekula ez du onddo txar bat biltzen: «Dudan nengoan, txarra ote zan… Pena eman zidan horrelako onddo puska zakarretara botatzea eta azkenean tortilara bota nian… Hurrengo egunean, gurekin afaldutako bi lagun ospitalera eta beste hiru komunetik ezin ateraz! Ni, berriz… ondo». Eta, noski, esperimentuak egitea ez zaio gustatzen: «Nik, onddo beltza, ziza horia, gibelurdina eta kitto! Hor zuhaitzetan ateratzen diren horiei eta bide ertzetakoei kasurik ez; ona izanda, ez zen bide ertzean aterako!».

Denok ezagutzen dugu Luis Mari bat.

Badu zerbait berezia onddotara joateak. Agian, gure barren-barrenetik datorren ehizatze eta etxera janaria ekartzeko sentimendu hori izango da. Gaztaina bila joateak ere ez du onddotara joatearen xarma hori. Gaztainondoak erraz ikusten dira, gaztainak ugariak dira, baina onddoak… Onddoak basoaren sakoneran bizi dira; bila joan beharra dago, eta askotan, ordu luzez. Lekuak ezagutu behar dira: leku ilunak, isilak, askotan euritan… Badu, bai, zerbait magikoa.

Gurean, harizti eta pagadien lurrean, onddoak ugariak dira. Eta onddo horiek urte sasoi batean perretxikoa —edo, zuzenean, «onddoa» esaten diogun txapeltxoa— ateratzen dute lur azalera. Txapeltxoa batzuek, besteek «astaputza» deitzen diogun pilotak, eta badira beste hainbeste forma eta koloretakoak ere. Izan ere, Gipuzkoan 3.500 onddo-espezie inguru ditugu sailkatuta; ziur hamar aldiz gehiago egongo direla. Eta horietatik guztietatik, 20 bat espezie dira jateko atseginak eta seguruak.

Perretxikoa lurpetik ateratzen bada, lurpetik baten batek atera duelako izango da. Zer ote dago lurpean, perretxikoa ematen duen hazi bat? Lurpean onddoa dago. Sustrai moduko luzakinez osatutako sare bat da. Ez da pilota edo zizare formako biziduna: hifa deritzen harizpiez osatutako sare moduko bat da. Hifa horiek asko mugitzen dira lurpean; sarea hazteaz gainera, lurpean bidaiatzeko gai dira. Sasoiaren arabera, hifa horiek lurpetik atera eta perretxikoa, astaputza edo bestelako egitura bat sortzen dute. Zertarako? Ugaltzeko.

Egitura horrek onddoaren esporak daramatza, eta haizeak garraiatzen ditu; lurpean haize bidez ezin baita ugaldu. Horregatik, Luis Marik xextoa darama eta ez plastikozko poltsa: «Xextoarekin esporak zabaldu egiten ditut, plastikozko poltsa ez erabili onddotarako!». Luis Marik basoan dauden onddo guztiak etxera eramango ditu, baina badaki etorkizunaz pentsatzen.

Ugaltzeko haizearen bila joan behar; larunbat gauetan Tolosako kaleetan gertatzen denaren kontrakoa: ugaltzeko haizerik gabeko taberna-zuloan sartu behar.

Gure Gipuzkoa txiki eta maite honetan, onddo asko mikorrizatuak dira. Horietako gehienak Luis Mariren zartaginean amaitzen dute: onddo beltza eta zuria, gibelurdinak, ziza horiak… Guztiek, beren hifak lurrean barrena zoriontsu zabaldu partez, pago, haritz, gaztainondo eta pinuen sustraiei lotzen dizkiete, iluntasunean gertatzen den lurpeko besarkada luze baten modura… Batek babesa ematen die, eta besteek elikagaiak. Gogoratu: pago eta haritzik ezean, akabo onddoak.

Luis Mari onddoetan aditua bera, onddoen munduari zirrikitu txiki batetik begiratzen ari da. Milioika onddo daude, eta ez bakarrik basoan: gazta egiten dutenak, edari alkoholdunak sortzen dituztenak, antibiotikoak direnak eta, noski, basoko egur hila, hildako animaliak eta bestelakoak deskonposatzen dituzten milaka onddo daude.

Beraz, ene udazkeneko onddozale, inork ezagutzen ez duen eta onddoz jositako pagadi ilun eta heze batera zoazenean, eta pago baten azpian onddo beltz bat ikusten baduzu, kontuz… Pagoaren atzetik Luis Mari aterako da: «Hau nik ikusi diat!».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!