BASO ERTZETIK

Gipuzkoan ez dago ezer naturalik

Erabiltzailearen aurpegia Jon Ander Galarraga 2026ko uztailaren 11

Telebista jarri nuen egun arraro horietako batean, atril baten atzean eta mikrofono pare baten aurrean, guri agintzen diguten gizon gorbatanormatibo bat ikusi nuen. Gizaseme hura zoriontsu zegoen, autopista bat amaitu berri zuten, eta autopista berriaz hitz egiteaz gainera, autopistaren alboan sortu zuten «baso autoktonoaz» eta «eremu naturalez» ari zen hitz egiten. 

Pertsona gorbatanormatibo hauek abilezia ikaragarria dute gai oso konplexu batez adituak direla itxura ematen, nahiz eta «baso autoktono» deitu zion eremu hori, hamar haritz gazte landatu berri izan eta «eremu berdea» deritzona, lehen bi euriteekin pikutara joango den lorategiko belar geruza arin bat izan… pintura berdea. 

Gaur egun, «naturala» edozer gauzari deitzen diogu, eta marketin balio ederra du. Farmazian, adibidez, gauza natural asko daude, lehengoan pilula kaxa bat ikusi nuen, «baratxuria» jartzen zuen goian eta baratxuri baten irudia azpian, atzean «pilula naturalak» zirela zioen, baratxuri landareak ematen dituen pilulak izango ziren!

Hori gutxi balitz, lehengo astean, Gipuzkoako hiriburuan dagoen supermerkatu erraldoi baten atarian, lau familiaz osatutako talde bat  zegoen, supermerkatu inguruko «balio naturala» ezagutzeko bisita gidatu bat egiten… supermerkatu alboko aparkalekuan. Zer ikusi behar ote zuten, aparkalekuaren alboan landatutako lore eta zuhaixka ornamentalak edo? Ba, bai, kanpotik ekarritako loreak eta zuhaixka exotikoak ikusten zeuden, eta supermerkatuak «biodibertsitatea eta natura-balioen alde» egindako apustu ikaragarria goraipatzen ari ziren! Zeinen gogorra den biologoa izatea gaur egun!

«Baina zer da eremu 'naturala'? Ba al dugu gure Gipuzkoa txiki, menditsu eta jendez betetako honetan, eremu edo baso naturalik? Spoiler: ez»

Nire biologo lanaren zati bat, irakasleei natur ezagutza apur bat transmititzean datza, laburbilduz, irakasleak eremu natural batean sartu eta lehen ikusten ez zutena ikustaraztea da: eserita dauden eremu naturalaren historia ematea garai bateko mapa bidez, enbor hilean dauden bizidunen arrastoak bilatzea, hegaztien kantuak entzutea, ugaztunen arrastoak behatzea… eremu natural batean. Baina zer da eremu «naturala»? Ba al dugu gure Gipuzkoa txiki, menditsu eta jendez betetako honetan, eremu edo baso naturalik? Spoiler: ez. Erantzuna emanda, hemendik aurrera irakurtzen duenak, bere ardurapean izango da.

Txikitatik esan digute, gure benetako basoa, hau da, bakean hazten utzitako baso potentziala, harizti bat dela, eta 600 metrotik gora, pagadia. Oso labur esanda halaxe da, gure beheko eremuetako lurzoruetan haritz kanduduna nagusitzen da, eta 600 metro ingurutik gora, haritz kandudunari kosta egiten zaio bizitzea, eta altuera horietara egokituago dagoen pagoa gailentzen da. Oso orokorrean esanda: beheko eremuetan hariztiak ditugu, eta goiko eremuetan pagadiak izan beharko genituzke. Baina kontuz, natura askoz ere konplexuagoa da, eta haritzi batean haritzarekin batera beste hainbat zuhaitz eta landare hazten dira: hurritza, lizarra, gaztainondoak, gorostiak… eta pagadi batean ere ezpela edo bestelako zuhaitz eta zuhaixkak topatzen ditugu, gutxiago diren arren. Pagoa espezie hedakorra eta zapaltzailea da! Baina zergatik ez dugu gehiengo batean baso mota hauek gurean?

Historia luzea da, baina kontuan izan behar duguna da, Gipuzkoan, basoak gutxienez erromatar garaitik hona, eraldatu egin direla egurra zein beste produktu batzuk lortzeko; beraz, jada garai hartatik ez ditugu baso «naturalak». Horrez gain, XIV. mendetik XIX. menderaino, euskaldunok jo eta ke gure ontziekin mundua konkistatzen ari ginen; horretarako, itsasontziak eraikitzeko egurra eta egur ikatza behar genituen, eta noski, basoak material hauek sortzeko erabiltzen eta eraldatzen genituen, basoak ez ziren paseoan joateko eremu berde zoragarriak, egurra ekoizteko fabrikak baizik. Seguruenik gurdiak iristeko bideez josiak egongo ziren, bertako haritz eta pagoak egur mota zehatz bat ekoizteko mugaratuak eta zainduak egongo ziren, zuhaitzen alboan txondor pilak ikatza egiteko, basoa ikatz hautsez belztua, paisaia naturala benetan! 

XIX. mende hasieran herri-mendiak esku pribatuetara saldu ziren (DBH garaian desamortizazioa hitza ezagutu genuenekoa) eta orduan, baso publikoak esku pribatuei saldu zitzaizkien, eta esku pribatuek etekina ateratzearren egur ekoizpena handitu eta basoen soiltzea handitu zen, eta hau gutxi balitz, nekazaritzarako lurren beharragatik oraindik baso gehiago soildu ziren nekazaritza-lurrei lekua egiteko, ia basorik gabe geratu ginen. 

XX. mendeko lehen hamarkadan berriz, ekonomiari bultzada ikaragarria eman zion papergintza industria etorri zen gurera, eta industria mota horrek zelulosa behar zuen. Zelulosa zuhaitzek ekoizten dute, baina haritz bat hazi eta zelulosa emateko 100 urte behar zituen. Horregatik, papergintzako superheroia landatu zen gure mendietan: pinua. 20-30 urtean hazten zen, eta noski, baso-jabe oro pinuak landatzen hasi zen neurrigabe, pinuaren hordagoa bota zen: dena pinuaren alde.

Hordagoak ederki funtzionatu zuen hasierako urteetan, baina XX. mende erdian sekulako izoztea egon omen zen gurean, landatu berriak ziren pinu gazteak izorratu ziren. Orduan, bi erregeekin bota zen hordagoa pikutara joan zen. Horri buelta emateko, beste pinu mota batzuekin esperimentatu zuten: Larizio pinua, alertzeak eta izeiak. Baina XXI. mende hasieran beste superheroi bat etorri zen gurera: australiarra bera, eukaliptoa. Hazkunde oso azkarra zuen espeziea, 10 urtean etekinak ematen zituen, eta hau gutxi balitz, moztu berri den eukalipto motzondo batetik, beste bi urtez atera daiteke eukalipto-zuhaitzak, eukalipto gazerik landatu gabe. Hau guztia noski, egurra atera behar den unean, berebiziko triskantza sortzen du baso eta lurzoruan.

Eta urteetako jarduera horiek sortu dute gaur egun gure mendietan ikusten dugun puzzle ikaragarria. Eta orain puntu kritiko batean gaude: pinurik ez da mozten ez delako errentagarria, eukaliptoak berriz ez dira landatzen moratoriagatik, bitartean isil-isilik, espezie hauen azpitik, gure haritz, pago, lizar, gaztainondoek… pinudipetik burua atera dute. Posible izango litzateke gure bertako basoek egurra ekoizteko gaitasuna izatea eta aldi berean, gure basoak, eta bertako bizidunak, kontserbatzea? «...Sokaren gainean eraiki nahian geroa…».

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!