Joxe Manuelek arnasa sakon hartzen du, izerdi tanta kopetatik behera; alboan, Agustin: «Emaiok, Joxe Manuel, emaiok, de diooo!!!», oihukatzen du. Baina Joxe Manuel ehiztariaren trantzean dago; dena isilik dago, soilik basurdea eta Joxe Manuelen arnasa entzuten da, eskopetaren pisua nabari du Joxe Manuelek. Joxe Manuel eskopeta da eta eskopeta Joxe Manuel da, eta halako batean: Danba! Berunezko puntadun kalibre altuko Remington bala zuzenean basurdearengana doa, oso geldo, Joxe Manuelek begia puntomiratik altxatu du, basurdeak tiroa entzun duen albora burua jiratu du, eta une batez Joxe Manuelen begiekin topo egin du iraileko igande goiz lehorrean.
«Joxe Manuel eskopeta da eta eskopeta Joxe Manuel da»
Basurdeak bere bizitza osoa segundo batean paretik pasatzen ikusi du. Gogoan du abuztuko goiz batean lehen aldiz bere zulotik nola atera zen bere lau anaiekin batera. Egun hartan bere amak izena jarri zien denei, berari Rikardo jarri zion aitaren omenez. Rikardo anaietan txikiena izan zen, azkena jaiotzen, azkena titia hartzen, beti txiki eta ahul, eta nola ez, liskar guztietan hozkada gehienak jasotzen zituena; ozta-ozta atera zen bizirik lehen hilabetetan.
Baina Rikardo basurde arrunt batek egin beharrekoa baino zerbait gehixeago egitera etorri zen mundu honetara. Adore handiz irten zen goiz batean bere zulo segurutik mundua jatera, baina atera eta berehala sasi artean trabatuta geratu zitzaion ezkerreko barrabiltxoa, gero putzu batera erori zen, eta berriro bere zulotxora bueltan zihoanean, inork etortzen ikusi ez zuen oreinkume batek ezkerreko belarritik koska egin zion.
Astebetera, amak bere familia osoaren aurrean aurkeztu zituen Rikardo eta bere anaiak, taldea begi bat falta zitzaion eme zahar batek gidatzen zuen, eta Rikardoren anaiez gain, beste bi eme heldu eta lauzpabost basurdekume zeuden, urruneko lehengusuak izango ziren, eguna Rikardo zirikatzen pasatzen zuten madarikatu haiek. Goizez talde osoa basoaren barrenean etzanda egoten zen, sasi artean etzanda, eme zaharrenaren kontu xaharrak entzuten, otsoak basurdekume gaiztoak jan egiten zituela, gauean otsoen ulua entzuten zela… Rikardok sekula ez zuen otsorik ikusi, ezta haren ulurik entzun ere.
Gaua iristean basoaren babesetik irten, eme nagusiaren atzetik lerroan jarri eta gau osoa hara eta hona ematen zuten janari bila. Eme zaharra oso jakintsua zen, bazekien ura non topatu, artoa non eta noiz hazten zen, eta boilurrik gozoenak bilatzeko non egin uxarrean.
Urtebetera ordea, Rikardo, basurdekume polit eta pottoloa, basurde nerabe bihurtu zen, letaginak, eta batez ere barrabilak hazi zitzaizkion, bere kurrinka xarmagarria kurrunka sendo eta lehor bat bihurtu zen, eta hamar kiloko basurdetxoa izatetik, berrogei kiloko basoko urdetzarra bihurtu zen, urde baten itxura eta usainarekin. Eta goiz batean, eme zaharrenari burua joan zitzaion, eta aurretik ezer esan gabe pikutara bidali zituen bera eta anaiak. Rikardok, noski, ez zuen taldetik joan nahi izan; behin baino gehiagotan saiatu zen berriro taldera sartzen, harik eta, berebiziko abileziarekin, ezkerreko barrabilean hozkada egin zion arte.… Mezua argi geratu zitzaion Rikardori.
Eta hantxe hasi zen Rikardoren nerabezaroa. Nerabe guztien modura astea ezkurrak jaten ematen zuen, eta larunbat gaua iristean, erreka alboan litroka ur edan, beste litroka txiza egin eta basoko zokorik sakonenera joaten zen bere anaiekin eme talde baten bila. Baina Rikardo ez zen bere anaiak bezain ausarta, eta basurde eme talde bat gerturatzen bazen, erreka ertzean geratzen zen ura edaten, tarteka muturra gora eta behera astinduz eta eme taldeari zeharka begiratuz. Igande goiza Rikardok ur gehiegi edan osteko ajea pasatzen ematen zuen basoko zoko batean etzanda, larunbat gauean edan zuen ur mota ez ote zen garbiena pentsatuz.
Iraileko igande goiz batean, ordea, basoa erabat isilik zegoen, ez zen zirkinik entzuten, eta Rikardok lepo atzetik bizkarraldera zirrara berezi bat sentitu zuen. Bat-batean, zarata ikaragarri bat entzun zuen bere atzean, eta senak bultzatuta sasi artetik harrapazka abiatu zen lasterka. Bat-batean tiro soinu bat bere eskuinean, burua jiratu eta burdinezko sudurluzea zuen animalia arraro bat ikusi zuen, ostean iluntasuna.
«Eman diok, Joxe Manuel! Txiki xamarra, gaztea». Eta Joxe Manuelek Rikardo gainean hartu zuen, bere toterrenora igo, harategira eraman eta Rikardoren haragi guztiarekin kiloka txorizo egin zituzten, Joxe Manuelek txorizo guzti horiek aurreko bi urtetako txorizo kiloekin batera bere izozkailu erraldoian sartu zituen… Ea aurten behintzat baten bat topatzen duen basurde txistorra oparitzeko. Gauean Joxe Manuelek, Gipuzkoako basoen kudeatzaile eta faunaren erregulatzaile afizionatuak, gazte denborako larunbat gauekin amets egin zuen.