BASO ERTZETIK

Otso Benito

Erabiltzailearen aurpegia Jon Ander Galarraga 2026ko martxoaren 2a

Laurogeiko hamarkadako millennial garenoi galdetuko baligute: «Zein izan da zure haurtzaroko pertsonaia beldurgarriena?», gehienok erantzun bera emango genuke: Otso Benito!

1986 inguruan, asteazken arratsaldeetan, bideoak ikustera jaisten ginen Alegiako San Juan Herri Ikastetxeko «gimnasioa» deitzen genion gela hartara; horma-barraz josita zegoen eta inoiz erabiltzen ez genituen tramankuluz beteta.

Bertan, Begoña andereñoak armairua irekitzen zuen, eta barruan telebista ipurdi-handi bat agertzen zen, 30 zentimetroko altuera eta ia bi metroko sakonera zituena. Hari lotuta, kabletzar luze baten bidez, VHS zinta erraldoiak irensten zituen aparailu ikaragarri hura. Ez zegoen bluetoothik, ez eta antzekorik ere. Zenbat eta kable luzeagoa eta lodiagoa, orduan eta hobe! Kalitatea kablearen lodierarekiko zuzenki proportzionala zen, noski.

Hiru film izaten genituen aukeran: Zazpi antxumeak, Hiru txerrikumeak eta, jakina, Txanogorritxu. Denak euskarazkoak, ekoiztetxe berak egindakoak: soinua kaskarra, irudia okerragoa, argiztapena penagarria; eszenatokia margotutako kartoi puska bat, eta aktoreak euskal produkzioaren aldeko apustua egindako boluntario ausartak. Aupa zuek! Film haiek sortu zituztenen meritua ez da behar bezala aitortua izango, zoritxarrez.

Hiru filmetan gaiztoa bera zen beti: Otso Benito. Oraindik gogoan dut haren kanta: «Otso Benito dut izena…». Makina bat amesgaizto izan ditut Otso Benitorekin.

Gure irudimenetik harago, Otso Benito plastikozko maskara zeraman gizon bat besterik ez zen: kapa beltza, oinetako handiak eta galtza zaharrak soinean. Gaur egun nire alabek barre egingo lukete hura ikusita; baina 1983an jaiotako umeontzat munduko izaki maltzur, errealista eta beldurgarriena zen.

Otso Benito beti gose zen: txerrikume-, antxume- eta gizaki-jalea. Baina gaizkile guztien modura, planak gaizki ateratzen zitzaizkion beti; batzuetan ipurdia erreta amaitzen zuen, besteetan errekan itota, edo ehiztari zintzo eta heteronormatibo batek tiro batez akabatuta. Eta guk txalo egiten genien haren zoritxarrei. Otsoa gaiztoa baitzen: inoiz izan ez genituen ardi, antxume eta oiloak jaten baitzituen, eta gauetan, inoiz entzun ez genuen uluarekin izutzen baikintuen.

Otsoarekiko gorrotoa eta beldurra, ordea, ez dira 80ko hamarkadako kontua. Otsoaren lurraldeetan nekazari eta abeltzain izan ginenean, gure abereak jaten hasi zen, eta berehala bihurtu genuen arerio; maltzurra zela esaten hasi ginen.

Baina otsoa, Otso Benito bezala, haragijale basati eta gupidagabea al da? Badirudi ezetz. Otsoa haragijalea da, eta bere janaria ehizatu egiten du. Gehien gustatzen zaizkionak tamaina ertaineko belarjaleak dira: orkatzak, basurdeak… Eta, ekonomialari fin baten gisan, ahulenak aukeratzen ditu: gazteak, gaixoak edo zaharrak. Zentzugabea litzateke hormonak eta letaginak sasoi betean dituen basurde heldu bati erasotzea. Gogoratu: harrapari batentzat orkatila bihurritzea edo zauri bat infektatzea heriotza-zigorra izan daiteke. Otsoa benetako harrapari naturala da; ez da eskopetari bat.

 

«Otsoa benetako harrapari naturala da; ez da eskopetari bat»

Askotan eztabaidatu dut gai honi buruz. Eskopetariek animalia handi, osasuntsu eta letagin zorrotzekoak tirokatzen dituzte, gero beren elkarteko paretan zintzilikatzeko. Horregatik, ez dute harrapari baten lana ordezkatzen, ezta, dioten bezala, basoen oreka ekologikoa bermatzen ere. Ez dira beharrezkoak. Zezenketetan bezala, armekin animaliak torturatzea ez da kirola; afizio eta tradizio bat da.

Baina zer gertatuko litzateke otsoa berriro Gipuzkoara itzuliko balitz? Lehenik eta behin, esan behar da Iberiar penintsulan otsoaren egoera kezkagarria dela. Desagertzear egon zen, nahiz eta azken hamarkadetan nolabaiteko hedapena izan. 2025era arte espezie babestua izan da; ondoren, «ehiza kontrolatua» baimendu da. Kontrolatua… Gorde eskopetak, mesedez.

Gipuzkoara sartzea eta bertan finkatzea, gainera, ez luke erraza izango. Gure paisaia mendi eta basoz osatua dirudien arren, errepideek eta herriek zatituta dago. Hala ere, hiru sarbide nagusi egon litezke: mendebaldetik, Karrantzatik Urbasara eta handik Aralarrera; hegoaldetik, Sakanatik Lizarraustira; eta ekialdetik, Pirinioetatik Bidasoa gurutzatuta Aiako Harriraino.

Baina kontuz: gure mendietan otso bakar bat ikusteak ez du esan nahi populazio egonkor bat dagoenik. Otsoak familia-taldetan bizi dira, eta gazteek sarritan lurralde berriak esploratzen dituzte, kilometro asko eginez. Otso bat ikustean… gorde eskopetak.

Frantziako Pirinioetan, Alemaniako Saxonian eta Italiako Abruzzon badira otso familia egonkorrak. Han neurriak hartu dituzte: ganadua gauez bordetan sartu, hesi elektrikoak jarri, edo artzain-txakur handiak erabili artaldeak babesteko. Ez dira hasi otsoak masiboki ehizatzen, ez eta gorpuak zuhaitzetan zintzilikatzen ere. Gorde eskopetak.

Izan ere, otsoak ehizatzea kontrako efektua izan dezake. Talde bateko ar edo eme nagusia hiltzen bada, gazteak sakabanatu egiten dira, eta askok ez dakite zer eta non ehizatu. Nondik joko dute? Hesi baten barruan dauden ardietara: ehiza erraza eta arrisku gutxikoa.

Otsoa gurera itzultzea benetako harrapari bat gure basoetara itzultzea litzateke: animalia gaixo eta zaharren ehiztaria, gaixotasunen hedapena mugatzen duena. Gizakiaren jarduerekin talkaren bat egongo litzateke, noski; baina arazo horiek ez dira eskopetekin konponduko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!