BASO ERTZETIK

Erdipurdiko bertsolaria

Erabiltzailearen aurpegia Jon Ander Galarraga 2025eko azaroaren 17a

Ez naiz bertso aditua, baina xoxoak erdipurdiko bertsolariak direlakoan nago. Ez naiz inoiz Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa final batean izan, eta Euskal Herriko Bertsolari Txapelketaren finalera doazen hiru laurdenen moduan, bertsoak entzutera ere ez naiz sekula joaten. Nire lehen bertsoak, oso txikitan igande eguerdiko Hitzetik Hortzera programan, eta handixeagoa nintzenean Alegiako Festa Alternatiboetako herriko bertsolari txapelketan izan ziren.

Festa Alternatiboetako txapelketa haietan konturatu nintzen hiru bertsolari mota daudela: batzuk oso onak, gustua ematen dutenak entzutea; besteak oso txarrak, askoz ere gustagarriagoak entzuteko pare bat garagardorekin; eta hirugarrenak, erdipurdikoak… erdibidekok… Bertsolari txapelketa ofizial baterako txarrak, baina Alegiako Festa Alternatiboetako bertsolari txapelketarako onegiak… xoxoa bezala.

«Xoxoaren kantua zoragarria da, baliteke inguruan ditugun hegaztien artean kanturik politena izatea»

Xoxoaren kantua zoragarria da, baliteke inguruan ditugun hegaztien artean kanturik politena izatea, baina arazo bat dauka, askotan entzuten dugula, eta askotan entzun, ikus edo jaten dena, beti erdipurdikoa da. Nire aitona zenak zioen bezala, «ona izateko, ugariegia», arrazoi horregatik gorroto zuen kalabazina, erdipurdiko barazkia baitzen. 

Xoxoa, kantaria eta kantugilea da; hiru kantu mota egiten ditu, Erramun Martikorenak baino bi gehiago! Udaberrian xoxo arrak euren lehen kantu xirulariak egiten hasten dira. Zertarako? Zertarako izango da ba… emea bilatzeko! Xoxo arrek lurraldea kantuarekin markatzen dute; xoxo baten kantua entzuten den lekua bitartekoa xoxo horren lurraldea baita. Baina ez da erraza lurralde bat kantuz markatzea, mugak ez baitaude argi, Altzo Azpi eta Altzo Gora moduan. Non hasten da eta non amaitzen da bakoitza? San Salbador elizan Gipuzkoaren lehen erreferentzia dotoreak egongo dira, baina norbaitek idatzita jarri al zuen non amaitzen den Altzo Azpi? Ipuskoako mugak definitu zituen hark ere ez zuen batere argi! Edo ez zuen adorerik izan. 

Muga kontuengatik xoxo arren artean oso normala da bi ar kantari leku berean topatzea, eta elkarri erdipurdiko bertso pare bat bota ostean, zalapartan hastea. Orain astebete, honelaxe ikusi nituen etxe pareko zuhaitzean, borroka batean: batek zioen bere kantua zuhaitz horretara iristen zela, eta besteak, ezetz.

Azkenean, kantuak alde batera utzi eta mokokadaka, ostikoka eta kamehame batekin bukatu zen dena, garaileari begira geratu nintzen, xoxo ar eder moko hori bat zen… Pruden izena zuen. Pruden xoxoa. 

Pruden bere hiru anaietatik zaharrena izan zen, arrautzatik ateratzen lehena, zizare gehien jan zituena, gizenena eta jenio txarrekoa bera. Gau batean bere ama ez zegoela, mika bat etorri zen haien habiara, xoxo kume gozoak jateko asmotan, baina Pruden ez zegoen brometarako, eta pare bat mokokadekin uxatu zuen mika erraldoia. Berak horrela pentsatzen zuen behintzat, benetan, mika hark bere beste bi anaiak jan eta sabela ederki beteta hirugarren xoxo kume potolo bat jateko gogorik ez eta… alde egin zuen, ez Prudenen mokokadengatik.

Gauzak horrela, maiatzeko arratsalde bero batean Pruden bere habiatik atera zen. Amak Alegiako Zubi Zaharreko gurutzeko puntatik salto egiten hegan egiten erakutsi zion. Alegiako festetarako xoxo sendo eder bat eginda zegoen, eta noski, bere lurraldea markatzen hasi zen erdipurdiko kantuarekin, Alegiako festetako txistulari dianak entzunez ikasi omen zuen. Baina iraila aldera, gauzak aldatzen hasi ziren Alegian, turistak etorri baitziren, eta Prudenek ez zituen turistak atsegin.

Udazkenak jotzen duenean, Europa iparraldean bizi diren xoxoak gurera etortzen dira bero bila… ez da hotz makala egongo han iparraldean, gurera udazkenean bero bila baldin badatoz! Udazkenean ez da xoxorik entzuten, gehiago daude eta lurralde arazoak dituzte! Prudenek xoxo turista taldeen etorrera ikusi du, turista horiek ez dute harreman gehiegirik bertakoekin, eta Alegiako auzorik misteriotsuenean pasatzen dituzte egunak, Larraitz Auzoaren alboko «beste auzoan». Ipuskoako artxibo historikoetan ere ez omen dago auzo horren izenik! 

Gogoratu, turista, alegiarren artean bi gizatalde daude: auzokoak eta kalekoak. Eta auzokoen artean batzuk Larraitz auzokoak eta besteak «beste auzokoak». Kaletarren artean berdin, kale gorakoak eta beherakoak. Batzuek diote kale gora eta behera Tontokaleko harriak bereizten dituela, baina hori gezurra omen da.

Otsaila erdirako Prudenek jada bere erdipurdiko bertsoak praktikatu ditu, lauzpabost xoxo ar turistei eta bertakoei mokokada batzuk eman eta Alegiako herrian estrategikoa den lurralde bat konkistatu du: Alegia eta Orendain arteko bidegurutzea. Kaleko xoxo emeak eta auzokoak kontrolatzen diren eremua! Eta bide batez, Orendain aldera doazen xoxo emeak ere bistan ditu. 

Prudenek bularra puztu eta emeak erakartzeko erdipurdiko bertsoa botatzen hasten denean, Amezketara doan dobleturbo bat igaro da, eta Prudenek ez du ikusi, eta dobleturboaren gurpilpera doa gure Pruden.

Hantxe… dobleturboaren zaraten burrunbaren azpian, Prudenek galdu du mokoa, begia eta burua… nola xirula eta nola kanta Prudenek, bere erdipurdiko bertsoa? Handik bi minutura beste xoxo batek okupatu du Prudenen eremu paregabea. Prudenen gorpua herritar baten zubitik behera bota du, eta ubarroi baten gosaria izan da, eta ez, oraingo honetan ez diote eskelarik jarri, baina Alegiako Festa Alternatiboetako herriko bertsolari txapelketan bertso bat egin omen diote.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!