Rufinori belarrian zigilu bat jarri berri diote, zigilua jarri duen langileak irribarre lizun txiki bat egin zion Rufinori, «hi bai biziko haizela!» esan eta Alegiako Festetako programa adinako txartel bat ipini diote: «Ejemplar elegido como semental».
Ordutik aurrera, hilean behin Rufino bere kaiolatik atera eta mapatxe eme bat dagoen beste kaiola batera eramaten dute, ez dauka ezta oinez ibili beharrik ere. Emeen kaiolan mapatxekeriak egin eta bueltan bere kaiolara eramaten dute, beste mapatxe arrak larrua kentzeko hiltzen dituzten bitartean.
«Egun madarikatu batean ordea, lauzpabost pertsona lantegira sartu eta Rufino eta bere lagunen kaiolak ireki zituzten»
Egun madarikatu batean ordea, lauzpabost pertsona lantegira sartu eta Rufino eta bere lagunen kaiolak ireki zituzten. Inork ez zuen alde egin nahi baina Luix eta Felix korrika hasi ziren eta beste mapatxe guztiek jarraitu egin zieten, eta Rufino noski, tartean.
Atera ziren mapatxeen erdiak bihotzekoak jota hil ziren lehen ehun metrotan, denak gizen, kolesterol altuarekin eta guri-guriak baitzeuden. Geratzen ziren beste erdiak basoan barrena sartu ziren, eta Rufino tartean. Rufinori ez zitzaion basoa eta natura batere gustatu: lokatza, hezetasuna, zuhaitzak, xomorroak, korri egin beharra… Nahiago zuen bere kaiola polita, jateko eta edateko bi tutuekin.
Baina, laugarren zuhaitzarekin kolpatu ostean, Rufinok bere birraitona zena ikusi zuen, aitona Rufino zenak aurreko hanka altxa, Rufino seinalatu eta «hi haiz hi inutila, hi!» esan zion, eta horrek Rufinori barrenak mugitu zizkion.
Rufino hirugarren belaunaldiko kaiolako mapatxea zen arren, bere barrenean, orain milioika urteko mapatxe basati bat zeraman, basati sen hau atera zuen Rufinok… Ostean, goizeko gosariak kalte eginda edo… botaka egin zuen.
Goizean zehar basoan barrena hara eta hona ibili ostean, gaua iritsi zen eta Rufino, gautarra zela konturatu zen. Basoko soinuak aldatu ziren, ilundu zuen, eta Rufinok atsegin zuen. Alboan zuen zuhaitz batera igo eta Rufino usaintzen hasi zen, oso gutxira hegazti baten habia bat bere arrautzekin usaintzen zuen eta isilean habia horretara abiatu zen, xoxo habia bat zen, hiru arrautzekin. Rufino lerdea zeriola eta arrautza barruan zegoen txiten mugimenduak entzuten zituela, arrautza bat hartu zuen bere eskuekin eta beherantz zihoala… xoxo ama etorri eta berebiziko mokokadak eman zizkion Rufino gizajoari. Arrautza utzi eta etzandako zuhaitz ustel batera jo zuen babes bila.
Zuhaitzaren zuloan etzanda, zuhaitzen azalaren barrenetik zebiltzan xomorroen tirri-tarra entzuten zuen eta bere atzaparrekin azala apurtu eta proteinaz betetako xomorro gozo haiek jateko prestatu zen. Baina xomorro gozo haiek beren etxea defendatzeko prest zeuden eusko-inurri gudaroste bat zen eta Rufino mapatxe basati hasiberriak, ziztu bizian alde egin behar izan zuen.
Bere herioan baso madarikatu hartatik ihesi, herri txiki batera iritsi zen Rufino, eta berebiziko jan usaina nabaritu zuen. Usain gozoari jarraian janariz betetako zabor edukiontziak topatu zituen eta lotsa gutxirekin bertan zegoen janaria jaten hasi zen. Janari erraz eta komeri gutxikoarekin lepo, Rufino erdi lo geratu zen edukiontzi barrenean, lau katutzar etorri ziren arte… eta katutzarrak ez dira bromatan aritzen diren horietakoak.
Sei hozkada eta milaka harramazkekin, Rufino errenka doa herriko lorategi batean barrena eta parean, bi hankako gizaki bat topatzen duen arte, Martin, eta bere besoekin hartzen uzten da, Rufinok ezaguna baitu gizaki usaina.
Martinek atsegin ditu animalia iletsuak, mapatxe bakarti hura besoetan hartu du eta zaindu egingo du, Martin begano-animalista-antinuklearra baita. Hurrengo egunean maskota denda batera joan eta Martinek mapatxearentzat katu ohe bat erosi du, janaria jateko ontzi bat eta ura edateko beste bat. Goxokiak eta jostailuak ere erosi dizkio eta bere gelaren ertz batean txoko polit bat egin dio mapatxeari. Ostean izena ipini dio: Pitxis.
Martinek ez dakiena da Pitxis mapatxe politak, gizakien moduan, bost behatz dituela eta Martinek etxean dituen ia gailu guztiak maneiatu ahal dituela. Bakarrik utzi duen goiz batean, Pitxis iletsu eta politak iturria ireki eta berebiziko uholdea eragin dio sukaldean, kaxoiak ireki eta arropa guztia atera dio, eta hau gutxi balitz, labea topera jarri eta su eman dio sukaldeari. Martin etxera iritsi denerako, alboko bizilagunek suhiltzaileei deitu diete, Martini manta batean bilduta Pitxis eman dio suhiltzaile batek: «Eskape ederra egin duk; etxerik gabe geratu ez haizenean», esan dio.
Martinek kotxea eta Pitxis hartu eta mendira jo du, bertan belardi bat ikusi du, zuhaitz batzuk inguruan, erreka bat alboan… «Hemen hobeto biziko haiz, Pitxis» esan, eta kotxetik atera du bere mapatxe iletsua, eta 90eko hamarkadako iragarki baten moduan, azeleragailuari eraginda eta atzera begiratu gabe alde egin du.
Rufinok, kotxetik atera, belardian eseri eta mapatxe deiadarrak entzun ditu basoan, deiadar haiei jarraian basoko soilgune batera iritsi da, hogei mapatxe, ar eta eme daude bertan, beraien erdian mapatxe agure bat dago enbor baten gainean jarrita. Mapatxe agureak, bizarduna bera, mapatxeentzako lur sakratu bat dagoela esaten die eta berari jarraian joan dira Rufino eta beste mapatxeak, Euskal Herrian beste espezie inbaditzaile baten arazo bat gehiago sortuz, baina hori broma bat dela uste du jendeak.