Homo sapiens ar heteronormatibo baten moduan, mahaitik altxa, kamiseta kendu eta berarekin euliari berebiziko kolpea eman nion, baina diptero lotsagabe hark kolpea saihestu eta berriro nire parean lur hartu zuen, eta segundo batzuetan, biok elkarri aurrez aurre begira geratu ginen, 80ko hamarkadan, Euskal Telebistan Goku eta Freezerrek sei kapitulu luzetan egiten zuten bezala. Halako batean, atzetik, nire ama etorri eta trapuarekin lauzpabost sismografotan neurtu ahalko zen trapukada eman eta seko utzi zuen arte: «Udaberrian elbi hauek lotsagabe hutsak jartzen dira!»... «Kroketa gehiagorik nahi?».
Bai noski, kroketa pare bat gehiago jan nituen, eta bai, udaberrian euliak lotsagabeagoak jartzen dira. Udaberria urteko urtarorik garrantzitsuena da bizidunentzat eta eulientzat ere bai. Udaberrian tximeletak lorez lore hasten dira belardietan, zuhaitzetatik hosto berdeak lotsati agertzen dira, eguzkiak gero eta indar gehiago dauka, eta kostata baino, jendea apur bat zoriontsuago dago. Eta nola ez, udaberriarekin batera gure bizidun kuttunak bizidun guztiok programatuta gauden helburu bakarrerako lanean hasten dira: bikotekidea bilatzera.
Eta nola ez, udaberriarekin batera gure bizidun kuttunak bizidun guztiok programatuta gauden helburu bakarrerako lanean hasten dira: bikotekidea bilatzera.
Zure leiho alboan goizeko seietan kantari dabilen xoxo arra bikotekide bila dabil, gauean hozka egin dizun eltxo eme horrek zure odola behar du bikotekidea bilatu, ugaldu eta arrautzak ipintzeko, kale ertzean topatu duzun «kurru-kurru» dantza arraroan dabilen usotzar hori ere bikotekide bila dabil eta bai, zure mahaira gerturatu eta lauzpabost kolpe eman ostean berriro datorren euli ar hori ere, jesukristoren indarra hartu eta… bikotekide bila dabil, eta denbora gutxi dauka.
Etxeko euli arrunta (Musca domestica) edozein lekutan topa dezakegun eulia da, badirudi gizakiari jarraika joan izan dela urteetan eman diren giza migrazioetan; beraz, gure bizikidea dugu aspaldian. Nire gurasoen mahaian hil zen euli hura zehazki Luix zen, Luix 25 egunekin hil zen euli agure bat zen. Luix Alegiako Tontokale alboko zakarrontzi bateko sagar erdi ustelaren gainean jaio zen, bere ehunka anaiekin batera. Luixek bere gurasoak ez zituen ezagutu, aitak Luix jaio aurretik bere familia bertan utzi baitzuen, ez zituen ehunka seme-alaba zaindu nahi. Luixen amak hala nola atera zuen familia aurrera, neguko egun hotz batez ehunka arrautza ipiniz eta ospa eginez, euli gurasoak ez dira ez eredugarri. Luix eta bere anaiak arrautzatik atera bezain pronto, beren kasa bizi behar izan zuten negu eta udazken osoa. Luix ez zen bi hegalekin jaio, intsektu guztien moduan beldar edo larba baten forman jaio zen, eta edukiontzi azpiko sagar eta edozein motatako janaria janez gizendu zen. Ez ziren garai txarrak Luixentzat, jan, lo, eguneko gorabeherak bere anai-arrebekin partekatu… Garai politak izan ziren bai. Baina udaberriko egun bero batean, Luixek platano azal puska eder bat jan ostean egun osoko siesta bota zuen, Alegiako festa ostean edozein gaztek egiten duen modukoa, 24 orduko loaldia.
Goizeko zortzietan, festetan dultzaineroen dianak esnatutako alegiar baten moduan, Luix arraro esnatu zen. Jada ez zen beldar zuri luzanga potolo bat, bi hegal eta sei hanka zituen, euli beltz heldua zen. Eta zer egiten du euli beltz sortzez garbi batek? Bikotekidea bilatu.
Eta han joan zen gure Luix euli heldua, bere antenak tente, edozein euli emeren arrastoaren bila. Ez da erraza ordea Alegia bezalako herri batean, zentimetro gutxiko euli ar batek eme bat bilatzea, baina Luixek badaki, udaberrian, eulientzako festalekuak badaudela eta janaria dagoen edozein lekutan, ziur eme bat egongo dela ugaltzeko desiratzen.
Baina orduak aurrera doaz, eta Luixek hainbat jantoki eta euli-tabernetan eme askorekin hitz egin ostean, ez du lortu ugaltzea, euli eme hauek nahiago baitituzte dobleturboa duten euli motorizatuak, batez ere tubeskape zulatua edo suspentsioa bajatutakoak dutenak, horiek bai euliak!
Lur jota, gure Luix Tontokaleko harrian pausatu da emerik bilatu ez duten beste euliekin batera, triste. Eskuinean duen euliak, Alegia alboan, Fabrentsatik haratago, euliz jositako herri bat dagoela esan dio, eta agian, han eme gehiago egongo direla. Denbora galdu gabe hantxe doa Luix, euli eme baten bila gutxienez! Zubi zaharretik doala enara bat bera harrapatzen saiatu da, baina Luix esperantzaz josita doa, eta nahiz eta hanka bat gutxiagorekin, aurrera jarraitzen du euliz jositako herriaren bila, frontoi parean berriz armiarma sare batean itsatsirik geratu da. Baina Luixi ez dio araknido zikin batek eguna izorratuko, eta bera jatera datorren armiarmari bere bi hanka eman dizkio: «Jantzak eta pakea emantzak!». Gure Luix, bere hanka erdiekin, erabat jota, hegan jarraitzen du, baina gose da eta eulien herrira iritsi aurretik, etxe batean sartu da zerbait jatera.
Kroketa usainak bultzatuta, mahai baten gainean jarri da, eta lauzpabost primate arraroren kolpeak saihestu ostean, kolpe handi bat jaso du. Luixek bere azken arnasan eulien paradisua ikusi du, euliz jositako plaza erraldoi bat, eulien pilota partiduak dauden frontoi bat, ehunka euli dantzan eta festan, eta guztiaren gainean, eulien jainkoa irudikatzen duen euli erraldoi baten panpina dago guztiek adora dezaten. Festa amaitu denean euli erraldoiari su eman diote, eta gero… iluntasuna.
Luixen gorpua organikora bota dute, eta gauean bi eulik gorpua jaso eta Luix jaio zen zakarrontzian utzi dute. Hurrengo egunean, euli baten argazkia duen eskela bat agertu omen zen Alegiako eliz atarian, eta alegiarrek txantxa bat zela uste zuten.
Hurrengo batean, zure mahaiaren erdian euli bat pausatzen bada, trapukada batez akabatu aurretik, pentsa soilik eme bila dabilen ar bat izan daitekeela.