BASO ERTZETIK

Lotsa galdu zuen usoa

Erabiltzailearen aurpegia Jon Ander Galarraga 2025ko urt. 20a, 07:58

Beste behin ere, nire bi alabekin parkean nengoela, alaba txikia izenez ezagutzen dudan 2 urteko hominido txikia aspertu zen txirristan jaisteaz eta entretenimendu ederrago bat topatu zuen: farola batetik begira zegoen uso bat harrapatzea.

Konturatuko zineten bezala, usoak nonahi dira gure kaleetan, eta gainera, uso hauek ez dira urtean bitan gure gainetik migrazio luze bat eginez igarotzen diren eta eskopetadun toreroek tiroz akabatzen dituzten hegazti migratzaile horiek. Hauek kale-usoak dira, haurren gusanito-jale eta kalezuloetako hildako animalien irensle. Uso hauek zaborrontzietatik ederki jan, autoetan kilo erdi kaka egin, eta gizen-gizen egindako usotzarrak dira.

Nire hominido txikiak ordea, milioika urteetako eboluzioaren produktua bera, usotzar hura harrapatzeko estrategia fin bat pentsatzen hasi zen. Eta hor hasi zen etxean hazitako Homo sapiens kume bat eta bost kiloko eta kalean hazitako bi kiloko Columba livia baten arteko lehia zoragarria, nor baino nor, Afrikako sabanako bufaloa eta lehoi emearen antzera… Eta ni, noski, biologo on baten moduan, bazter batean eseri eta naturak eskaintzen dizkigun momentu zoragarri hauetako bat behatzen geratu nintzen… Ezker begiarekin pianoa jotzen zuen katu barregarri baten bideo bat ikusten nuen bitartean.

«Hauek kale-usoak dira, haurren 'gusanito-jale' eta kalezueloetako hildako animalien irensle»

Nire hominido txikiak janaria erabiltzea pentsatu zuen usoa erakartzeko, eta merkatuan bada umeei ematen zaien taloaren lehengusina moderno bat, tortita izenez ezaguna, zapore, ukitu eta duen hezetasunagatik kartoitxoa deitzen diodana, eta marketin kanpaina on batengatik gurasoek eta usoek asko atsegin dutena, nahiz eta zaporerik eta inolako elementu gozagarrik gabeko kartoi puska jangarri bat besterik ez den. Nire alabatxoak hauetako bat eskuan hartu eta farolaren azpira bota zuen. Bere asmoa usoa lurrera erakartzea zen, gero hominido ehiztari baten moduan, usoaren gainera salto egin eta berau harrapatuz, baina gauzak apur bat okertu egin zitzaizkion gajoari.

Kartoitxoak lurra ukitu orduko, beste hogeita sei kale-uso gizen agertu ziren farolaren atzetik, bankuen azpitik, eta nik uste, parean geneukan andrearen poltsatik ere, ezinezkoa baitzen lehen ikusi ez nituen horrenbeste usotzar kolpetik agertzea! Uso laino hura desagertu zenean, han zegoen nire alabatxoa, begiak zabal-zabalik, bere bizitza laburra begien paretik igaro balitzaio bezala. Pareko andreak esaldi polit bat bota zuen arte: «Lotsagabe hutsak eginda daude uso zikin horiek!».

Lotsagabeak dira bai, zergatik ote? Usoak beti izan ote dira lotsagabeak? Ba ez, orain ditugun usoak lotsagabeagoak dira, batez ere kale-uso gizen hauek. Eta erantzuna oso erraza da, lotsagabea denak abantaila asko ditu gizakien lurraldean.

Hartu dezagun usotzar haietako bat, Felix izena ipiniko diogu. Felix, Alegiako elizako teilatupean jaio zen, udako egun bero batean. Hegazti guztien moduan, biluzik jaio zen, ilerik gabeko barrabil formarekin. Felixen lehen elikagaia, gurasoek paparretik botaka eginez eman zioten esne bat izan zen. Hilabete bueltan, Felixek barrabil baten forma izateari utzi eta uso forma hartu zuen, eta alegiar peto batek bere lehen pausoak egiten dituen modura, lehen hegaldia Tontokaleko harrira egin zuen, bertan bataiatua izateko.

Felix edozer gauza jateko gai da: fruituak, intsektuak, animalia handixeagoak, belarra, eta noski, lurrean topatzen duen ogi edo bestelako zabor jangarria ere bai. Fruituak bilatzea zaila da, intsektuak harrapatu egin behar dira, baina Alegiako udaletxe aurrean mugitzen ez den ogi zatia jatea oso erraza da. Felix ez da erotuko janari bila, errazena eta onena jaten du. Nahiz eta gizakiz beteta dagoen Alegiako udaletxe plaza erdira jaitsi eta ogi zati bat hartu, ez zaio ezer gertatu, ez dio inork kasurik egin, bizirik dago eta ogi zati galanta batekin gainera. Felix hegan udaletxeko balkoira joan da, han beste bi uso daude Felix eta bere erokeriei begira, haiek ez dira ausartu plaza erdira jaisten eta bertako ogi zatiak jaten, beldurra dute.

Felixek egunero berdina egiten du. Lehenik, plaza erdiko ogi zatien bila doa, gero tabernako mahaietara, ostean, gizakien ondora hurbiltzen da eta haiek ogi zatiak ematen dizkiote. Felix uso lotsagabea da baina ederki elikatu da… Zertarako? Ugaltzeko. Ugal garaian Felix topera dago, luma dirdiratsuko uso ar bikaina da, alegiar peto-peto baten moduan ederki egiten du dantza emeen inguruan, eta urtero bikotekide bat baino gehiago eduki du. Bi urteren bueltan Alegiako usoen erdiak Felixen seme-alabak dira, eta gehienak lotsagabeak.

Bosgarren urterako Felix jada agure bat da, uso agure gizen bat, ehunka seme-alaba, milaka birloba eta milioika birbiloba ditu, denak usotzar lotsagabeak. Azken arnasa, elizaren teilatupean duen habian hartzen du, bere familia guztiaz inguratuta. Familiakoek gorpua hartu eta habiatik lurrera bota dute, handik gutxira kaio lotsagabe batek Felixen gorpua irentsi du. Elizako pareta batean uso baten eskela agertu omen da, alegiarrek broma bat dela uste dute.

Nire hominido txikiak berriz, sustoa pasata, motxilan eskua sartu eta txokolate geruza fin bat duen kartoitxo bat hartu, aitatxoren magalean jarri eta usotzarrei urrutitik begira galdetu dit: «Nor da Felix?».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!