BASO ERTZETIK

Azeriei xuxurlatzen zien gizona

Erabiltzailearen aurpegia Jon Ander Galarraga 2024ko urr. 18a, 07:59

50 urte bete dira, Miguel Francisco Zubeldia Artxanberri hil zela, birraitona Patxi hil zela. Benetan familia ilustre batekoa naizela konturatu berri naiz, Altzoko Handia eta Artxanberriren ondorengoa bainaiz; konturatuta nago bai nire alaba zaharrena altu xamarra eta etorri handikoa dela… Borboitarreneko Felipek hartuko lituzke honelako arbasoak! 

Birraitona Patxi, artzain eta «tabernatako bertsolaria» izateaz gainera, azerietan oso aditua izan behar zuen, haiek ehizatzen ematen baitzuen urtearen zati handi bat… Bere emaztea eta seme-alabak Altzoko etxe xume batean geratzen ziren bitartean, «tabernako bertsoen» eta azeri ehizaren diruaren zain, taloarekin eta esnearekin sabela ozta-ozta beteta.

 

«Ehiztaria izateak ehizatu behar duzun animaliaz asko jakitea ekartzen du»

 

Ehiztaria izateak ehizatu behar duzun animaliaz asko jakitea ekartzen du. Baina gauza bat da eskopeta eskuan, zuregana bideratu duten basahuntza izutuari pare bat tiro botatzea, eta bestea, azeriaren moduko haragijale bat zelatatu eta tranpen bidez ehizatzea. Biologiaren mundu oparo eta zoragarriak erakusten digu, belar pristinak jaten ari zaren lau hankako animalia bat bazara, adimen aldetik nahiko justu ibiltzen zarela, soilik belarra jan, tarteka harrapari bat ba ote datorren ikusteko burua altxa eta ezer gutxi gehiago, zertarako behar adimen gehiago? Beste animaliak jaten ibiltzen zaren azeri bat bazara ordea, gauzak asko aldatzen dira zure zerebroan: zure biktima ezagutu, bere arrastoa jarraitu, zelatan egon, taldean badoa ehizatzeko egokiena dena aukeratu eta honek gutxien espero duenean… belar tartetik jesukristorenetako jauzia egin, segituan ziplo utziko duen hozkada egin, eta badaezpada ere, zure biktimaren lagunak etorri aurretik leku lasai batera joan jatera. Hau egiteko burmuin bikain bat behar da, horregatik harrapariak diren animaliak normalean oso adimentsuak eta azkarrak dira, zergatik diogu ba «hi haiz hi azeria!»? Beraz, ez du meritu gutxi azeriak ehizatzea ofizio duen pertsonak.

XXI. mendeko ehiztari bat etorri eta «azerie harrapatzea errexa dek mote, eskupetakin tiroa bota eta seko!» esan aurretik, gogoratu Arxanberri orain 50 urte hil zela, eta bere argazkietan ez dela sekula eskopeta batekin ikusi. Badirudi tranpak erabiltzen zituela azeriak harrapatzeko, honek meritu bikoitza du.

Azeria, otsoarekin batera, oso animalia ezaguna dugu, eta nola ez, fama txarrekoa! Mundu osoan zabaldua dugun azeri gorria (Vulpes vulpes), euskaraz lukia ere deitua, zakur formako haragijalea da, oso erraz egokitzen dena edozein eremutan, bai naturan zein gizakia dagoen lekuetan; adibidez, herri eta baserri inguruetan. Erraztasun honen arrakasta bere dietari dagokio zati handi batean, edozer gauza jaten duen animalia baitugu azeria. Edozein animaliatik hasi, izan basokoak, itsas ertzekoak, igelak, muskerrak, arrautzak… Edozein haragik balio dio lukiari jateko garaian. Gainera, egoera ezberdinean dagoen haragia jan dezake, hildako animalia batena, erdi usteldua dagoena, ehizatu berria, ehizatu duen batek utzia… Eta hau gutxi balitz, zakur eta katu jana gustuko du eta zabortegi zalea da ere. Honekin guztiarekin ez da harritzekoa mundu osoan zabalduta egotea, eta gizakiak zaborretan uzten dituen kutixien jale handia izatea. Azeri ikertzaileek diotenaren arabera, azerien sabela oso txikia da animaliaren tamainarekin alderatuta, beraz azeriak aldiko gutxi jaten du, baina zer egin soberan geratzen den janariarekin? Organikora bota? Ez, azeriak aurreko hankekin zulo bat egin eta lurperatu egiten du, beste batean bila joateko.  

Azeria udan bakartia da, azeri gazteek uda Tontokaleko harrian eserita ematen dute, jan, egon eta beraien lurraldea markatzen pasatzen duten eguna, Tontokaleko harriko gizakiak bezala… Kezka handirik gabe. Gero hasten dira komeriak, uda amaitzean bikote bila hasten direnean justu, nola ez. Ez ahaztu azeri emeen ugal denbora oso-oso laburra dela, egun batetik sei egunera izaten da. Pentsa! Tontokaleko harrian denbora pasa dauden azeri ar gazteek zeinen denbora gutxi duten emea aurkitu eta berarekin ugaltzeko. Lortzen duten arrek ordea, emearekin pasako dute negua beraien lurraldean barrena, emerik lortu ez duten ar gazteak Tontokaleko harrira bueltatzen diren bitartean… burumakur. Asteburuetan, emea lortu duen arra, Tontokaleko harriaren paretik pasako da bere kotxean, tubeskapearekin zarata pixka bat ateraz Amezketa bidean, alboan emea duela, emerik gabeko Tontokaleko azeri arrei inbidia emanez.

Azeria oso gorrotatua izan da gurean, batez ere oilo eta bildots harraparia dela esaten da, askotan entzun dut oraindik zilbor-hestea taupadaka duten bildots jaio berriei erasotzen diela. Oilategian sartzen denean berebiziko txikizioa egiten omen du, oilo asko bururik gabe bertan utziz. 

Azeria eta isiltasuna beti daude lotuak, ez du zaratarik ateratzen, oso jende gutxik entzun du azeriaren zaunka liraina. Ibilera ere zelataria da, isatsa lurrarekiko paraleloan, burumakur, baina aldi berean korrikalari bikaina, igerilaria eta zuhaitzetara igotzeko abilezia handirekin. Zer gehiago eska geniezaioke harrapari bati?

Askotan pentsatzen dut nolakoa izan behar zuen aitona Patxiren azeri ehizaren egun bat. Lehenik, enpresa handi bateko nagusiren batek enkargua emango zion: «Hemen galeperrak ehizatzen dizkiagu eta azken hilabete honetan azeriak zebiltzak galeperrak janez, larruko horrenbeste ordainduko diat!». Gero eginez, leku horretara gerturatuko zen bere goretex abarkak eta anti-weather top dry system arropa teknikoa jantzita. Azeri ikerketetan dabilen biologo baten moduan, ingurua aztertu eta lekua azerientzako egokia zen edo ez erabaki behar zen. Egokia bazen, azeri arrastoaren bila hasiko zen lurrean, zuhaitz enborretan, sasi artean… Eta halako batean, zakur kaka moduko bat lurrean. Makurtu, kaka hartu eta zer daukan begiratu, hezur txikiak, haziak… eta azeriarena dela baieztatu. Behin azeriak daudela jakinda, beraien bideen bila hasiko zen, halako batean, belar zanpatua topatuko zuen eta bideari jarraituz zuhaitz baten enborrean ile gorri batzuk, ziur usaindu egingo zituela. Azeri bideari jarraituz, azeri kaka gehiago, ile gehiago topatuko zituen eta «hemen azerie askotan pasatzen dek!» esango zuen, eta inguruan tranpak ipiniko zituen, lazoak seguruenik, azeriak zapaldu eta lotuta geratzen den horietakoak. Gero itxoitera, egunero lazo hauek ikustera joango zen ea azeririk ba ote zegoen. Behin harrapatutako azeri bat topatutakoan, berau akabatu eta larrutu egin beharko zuen. Ez du meritu gutxi lazoan harrapatutako azeri bati eskua sartzeak! Behin azeri larruak bildu, hauekin kapa moduko bat egingo zuen eta azeriko dirua kobratzera joango zen, gero tabernako bertso bat botatzeko asmoarekin noski.

Gaur egungo biologo azeri ikerlariek, hartuko lukete aitona Artxanberrik zeukan azeri jakintza. Hura bai azeria!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!