Tankerako bikote batek bisitatu ninduen lehengo egunean etxean. Euskaldun jator moduan, nire etxera ongi etorria eman nien, eta etxe atarian egon nintzen beraiekin hizketaldi nahiko arraro batean.
Ideiak zizelkatutako gizaki berezi hauek liburuxka bat oparitu zidaten, gizonezko bizardun bat zen jainko batez hitz egiten, eta nire interesa ikusita, jainko honek egindako gauza onak aipatu zizkidaten. Hori bai, egunen batean, arrazoi ezezagun batengatik jainko hau haserretu egingo omen da, eta berebiziko txikizioa egingo omen du bera gurtzen ez dutenen artean: lurrikarak, meteoritoak, tsunamiak… Egia esan, ez nintzen asko beldurtu, bi alaba dituen berrogeita bat urteko biologian lizentziatu bat naiz eta.
Ideia zizelkatutakoek ordu erdi batez isildu gabe hitz egin ostean, niri eman zidaten hitza. Kuriositate moduan, ea haserretzen den jainkoak generorik baduen galdetu nien. Beraiek gizonezkoa zela esan zidaten, eta bizar zuri eta pijama handi bat jantzita zuen agure baten moduan agertzen ziren hainbat irudi erakutsi zizkidaten. Ni biologoa izanik, Homo sapien sapiens espezieko primate ugaztun bat argi ikusi nuen irudi horietan, eta ea emakumezko jainkoak bitartean zer egiten zuen galdetu nien. Izan ere, gizonezko jainko bat bazen, emakumezko beste jainkosa bat zegoelako izan behar baitzuen, bestela zein zentzu du gizonezko jainko bakar bat izateak? Edo agian gizon forma zuen jainko hau zizare baten antzera bi sexuak batera zituen espezie bat ote zen? Edo agian ez zuen generorik? Edo genero aldakorrekoa ote zen?
Zizelkatuak zur eta lur geratu ziren galdera horrekin, haien aurpegiak ikusita, bi baso ur atera nizkien eta etxe aurreko eskaileretan mesedez esertzeko esan nien. Halako batean, bat hizketan hasi zen eta ozta-ozta, «hori ez da naturala!» esan zuen. Naturaltasunaz hitz egin behar ote zioten biologo bati?
«Arra eta emea izatea oso naturala da animalien munduan, landareen munduan ordea ez»
Arra eta emea izatea oso naturala da animalien munduan, landareen munduan ordea ez, landareen kopuru handi bat arra eta emea batera izaten baita. Ez ahaztu landareak ere existitzen direla. Hala ere, arra eta emea banaketa hau ez da animalia guztietan ematen, hainbat adibide badaude, guztiak oso naturalak.
Lur zizarea —Lumbricus terrestris—, lurpean topatzen dugun zizare arrunta, hermafrodita da, arra eta emea aldi berean. Bi zizare topatzen direnean, elkar ugaltzen dira, baten espermatozoideak besteari igaro eta ostean biak ama izaten dira arrautzak errunez. Berdina egiten dute barraskiloek, bareek eta beste hainbat animalia naturalek.
Pailazo arrainen kasuan gauza bereziagoa da, taldean bizi dira, ar nagusi bat eme batekin, eta inguruan, zelatan ar gazteak dituztela. Normalean arra eta emea elkar ugaldu egiten dira eta kito, baina kasuren batean emea hiltzen bada, ar nagusia eme bihurtzen da eta inguruan dauden arretako bat ar nagusi bihurtzen da, beraz transexualitatea ere ematen da arrainetan naturaltasunez.
Baina gauza ez da hemen geratzen, Amerikako kontinentean dugun listoi-sugearen —Thamnophis saurita— kasuan, ugaltzeko modu oso xelebrea eta eraginkorra dute. Ugal sasoian eme bat lur gainean kokatzen da, eta arrak erakartzeko usain berezi bat isurtzen du, handik ordu gutxira ehunka ar gerturatzen dira arrastaka emearengana, berau inguratuz eta berebiziko suge-pilota erraldoi bat sortzen dute, emea hor erdian dagoelarik. Eta zer da erakargarriagoa sugeak jaten dituen hegazti batentzat suge-pilota erraldoi bat baino? Horregatik, pilota horren erdian dagoen emea seguru dago bera baino lehenago hegazti suge-jaleen elikagai izango diren arrez inguratuta. Baina sexu gosez dauden ar multzoan inteligentzia apur bat duten arrak ere badaude… Bada esperantza. Hauetako batzuk gai dira emearen usaina ekoizteko, honela inguruko arrek beraiekin ere gainka egin nahi izaten dute eta suge pilota honen erdian geratzen dira emeen moduan. Honek bi abantaila ditu; batetik, emea topatzea errazago izango zaie, pilotaren erdian baitaude eta bestetik, gainka egiteko zoramenean dauden suge multzoak babestu egiten ditu, esan genezake emez mozorrotzen direla listoi-suge arrak.
Eta gauza bereziagoetara joanez, badugu Atlantiar ozeanoetako uretan, zapatila-lapa —Crepidula fornicata— deritzon uretako barraskilo bat, non, taldean elkar pilatuta bizi den. Talde honen azpian, eme handiena egoten da eta gainean hau ugaltzen duten ar txikiak. Eme hau hiltzen den unean, azpian dagoen arra eme bihurtzen da, eta aurreko emearen tokia betetzen du, eta honela, etengabeko kate batean, bizimodu sinple bezain konplexua benetan.
Adibide hauek guztiak eman ostean, buru zizelkatutako bikotea altxa eta etxe ataritik joan egin zen triste. Lurrean ordea zerbait geratu zen, makurtu eta harri-hauts gris bat zen, agian berrogeita bat urteko biologo honek beraien buru zizelkatuetan letra berriak idatzi ote zituen? Nork daki, ea laster bueltatzen diren nire etxera!