BASO ERTZETIK

Satorgazta egin zuen gaztagilea

Erabiltzailearen aurpegia Jon Ander Galarraga 2024ko api. 19a, 17:00

Eta halaxe esan zuen gizon hark taberna hartako mahai ertz batetik: «Sator granja jarri dik eta gazta egiten dik», ostean altxa eta joan egin zen. Ni biologo eta zelebrekeria zale porrokatua, gizonaren atzetik joan eta mesedez satorgaztagile hori ezagutu nahi nuela esan nion.

«Bidanitik gora, kruzen ezkerrea hartu ta txabola bat zeukek, han zeok!», esan eta autoan sartu eta ospa egin zuen, nik koordenada zehatz horiek mugikorrean apuntatzen nituen bitartean.

 

«Sator granja jarri dik eta gazta egiten dik»

 

Handik bi egunera Bidanitik gora nindoan, kruze batean ezkerretara hartu nuen, eta lauzpabost ezkerretarako okerreko kruze hartu ostean, han bueltaka ikusi ninduen baserritar batek adierazi zidan satorgaztagilearen txabola non zegoen, hori bai «kruzea ez huen ezkerreta, eskubita huen!» esan zidan, mundu guztiak jakingo balu bezala. Kondairak dio Google Maps egiten duen autoa kruze horietako batean betiko galdu zela.

Txabola hark kanpotik begiratuta arditegi txiki baten antza zuen, bertan adin ertaineko gizon serio bat zegoen nire autoari begira, satorgaztagilea zen; «ni Luix!», esan zidan. Bere zehar-begiratuarekin eta dena, gizon jatorra, eta satorgaztagile batetik espero genezakeen bezala, mesfidatia. Bere satortegia erakusteko erregua egin nion, ez nuela satorgaztagilerik sekula ikusi eta mesede ederra egingo lidakeela azaldu nion. «Bai, etorri adi», esan eta han sartu nintzen munduko lehen satorgaztagile baten gaztandegira.

Satortegia deituko diogun txabolaren gainazalean ezer gutxi ikusten zen: teilatu txukun bat, belarrezko eremu zabal bat tapatzen eta belar gainean burdin eta kristalez egindako akuario moduko kaiola txukun bat. «Kaiola hau burdina eta metakrilatozkoa duk, lurrazpiraino joaten dek eta bertan zeudek satorrak, honela ez dituk ateratzen», esan zidan Luixek serio-serio munduko gauzarik normalena esango balitz bezala. «Orain azpikoa erakutsiko diat. Hik ze uste huen satorrak hemen belarretan ibiliko hituela edo?». Eta nik irribarrea bezala ulertu nuen aho mugimendu txiki bat egin zuen, gizon jatorra eta umorekoa zen Luix!

Pelikuletan moduan, lurrean dagoen atetxo bat zabaldu eta eskailera batzuk jaitsi genituen lurpera, ilunpe gordinean. Luixek paretan zegoen elektrizitate-kaxa bat ireki, botoi bati eman eta argiak piztu zituen. Bat-batean nire aurrean, akuario bat balitz bezala, burdinezko kaiolaren azpian zegoena ikusi nuen, «argiarekin izutu egiten dituk, baino janaria ematen ziedanean agertuko dituk». Urez betetako akuario baten partez, berebiziko lur pila ikusten nuen eta lur horretan, satorrek egindako galeriak ikusi ahal ziren, ehunka galeria, janaria biltzeko zokoak, habia moduko lekuak, hondakinak pilatzeko guneak… txindurritegi handi bat barrutik ikustea bezalakoa zen.

«Jendeak uste dik, satortegi bat edukitzea behitegi bat edukitzea bezela dela, baina, satorrak elkarrekin gaizki ematen dituk, ez dituk taldean bizi eta kontuz ibili beharra zeok». «Orain argi gorrie jarriko dit, argi gorrikin ez dituk izutzen eta gero pentsua emango ziet». Luixek beste botoi bati eman eta argi gorriak piztu zituen. Korridoreari jarraiki kristalezko kaxaren beste alde batera joan ginen, bertan pentsu zaku bat hartu eta tutu batetik lur galeria baten hasieran bota zuen Luixek; «orain, pixkat itxongo diagu».

Eta bat-batean, galeriaren izkina batetik mutur bat agertu zen, sator bat zen, han zihoan arrastan bere muturtxoa mugituz. «Usaitu dik jana», esan zuen Luixek, munduko gauzarik arruntena ikusten ariko balitz bezala. Satorra pentsu mordo hartara hurbildu eta gogo bizi jaten hasi zen, arreta eman zidana bizkarrean margoturik zuen zenbakia zen. «Sator eme bakoitzak bere marka zeukak, hau Kattalin dek, esne asko ematen dik eta oso erraz umatzen dek, orain honen alaba asko zeuzkagu satortegian». Kattalinek biziki jan zuen pentsua. «Pentsue Japonetik ekartzen diu, kakalardo eta zizarekin egindako pasta bat dek, gero deshidratatu egiten die, hilero lau pale ekartzen dizkigu, oso pentsu hona dek, esne gehiago ematen hasi dituk pentsu hau ematen hasi nintzenetik».

«Orain sator arrak nun zeudeken ikusiko diagu», Luixi segika kristalezko kaiola handi hura inguratzen joan ginen korridore batetik, tartean galerietara begiratzen nuen eta sator bat edo beste pasatzen ikusten nuen. Luixek beste ate bat zabaldu zuen eta elkarrez segidan zeuden beste hiru kaiola txikiago batzuen aurrean jarri ginen. «Sator arrak alu hutsek dituk, aparte jarri behar dizkiagu, bestela elkar akabatzen die». «Emek kumatzeko garaien zeudekenean, arra hartu eta banaka sartzen dizkiu emekin batera, orain hiru ar zeuzkeat, baina laister aldatu egin behar dizkit, hemen zeok sator arran katalogoa nahi badek ikusi, garestik dituk eta segurona hurrungo urten hazie erosiko diat arrak ekarri partez». Eta liburu potolo bat eman zidan, ingelesez ipintzen zuen: Talpa europaea katalogoa 2024.

Bizi guztian ikusi dudan katalogorik arraroenari hamar minutuz begira egon nintzen, Europa mailako sator haztegi ezberdinak zeuden, sator ar bakoitzaren izena, argazkia hainbat ezaugarriekin: haurduntze portzentajea, ezaugarrien heredagarritasuna, kolorea, atzaparren tamaina, pisua… eta haziaren prezioa. «Aste batetan iristen dek hazie, izoztuta», esan zuen Luixek bere normaltasunean, «gero emeak inseminatzea albaitaria etortzen dek, horretarako emeak harrapatu egin behar dek eta ez dek erreza izaten, gainera koska egiten diate». Emeak nola harrapatzen dituen galdetu nion erabat harrituta. «Goiko zatira joaten gaituk, eta kilo erdi zizare zabaltzen dizkiagu, zizare jaleak dituk satorrak eta azalera muturre agertzen duenean, eskuz harrapatzen dizkiat, gero inseminatu eta berriz ere lurpera. Behin emea haurdun gelditzen dekenean, lur gozo zeukadan kaiola txikira eramaten dizkit eta kumeak eduki artean han edukitzen dizkiat, kumek hilabete egin arte. Eme batek, kumeak eduki eta gero, hilabete pare batean ematea zeukak esnea, egunero jezten dizkiat».

Momentu horretara arte bisita hau oso arraroa zen arren, sator eme bat jeztearen kontzeptuak, oraindik arraroagoa izateko papeleta guztiak zituen eta nola egiten zuen galdetu nion Luix jatorrari. «Nola jetziko dikziat ba, eskuz! Behiekin bezala, jetzilekura eraman, zizare batzukin engainatu eta haiek jaten ari dekenen ttitta-ttitta ontzi batera… erakutsiko diat!».

Eta han joan nintzen munduko gauzarik normalena ikustera! Kaiola handiak atetxo bat zeukan kaiola oso txiki batera, bertan Luixek zizare mordoa ipini zuen eta sator eme ugari hurbildu ziren lerroan kaiola txikira sartzeko gogoarekin. Kaiola txikiaren azpiko aldean beste leihotxo bat zegoen eta sator emea zizareak jaten zebilen bitartean, Luixek azpiko atetxoa ireki, kristalezko ontzi bat hartu eta behatz puntekin satorraren lau titiak jeitzi zituen. «Kumek bost aste egoten dituk amaren titia edaten, gero egunero jetziz gero amak beste hilabeten ematea zeukek esnea, lehengo urten gainera sator hibridoak jarri genizkian, Segoviatik ekarrita, sator iberiarra eta europearran arteko kruzea dituk eta esne gehiago ematen dizkiate», zioen Luixek lasai-lasai, aurrean sator eme talde bat jeizteko zain zuela.

«Orain gazta nola egiten diten ikusi nahiko dek?». Baiezkoa eman nion noski. «Jantzi buzo txuria, pixkat harrituta geldituko haiz orain ikusiko dekenarekin». Baina atal honek beste baterako itxaron beharko du.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!