BASO ERTZETIK

Belekeriak

Erabiltzailearen aurpegia Jon Ander Galarraga 2024ko urt. 29a, 07:58

Nire emaztearekin eta bi alabatxoekin oinez nindoan arratsalde hotz batean, patata poltsa bana eskuan genituela, erreka alboko hegazti faunari begira geratu ginen, gure alabei hegaztien mundu zoragarria erakutsi nahian. Alaba zaharrena jada hasia da gertuko hegaztiak bereizten: txantxangorria, xoxoa, usoa, kaioa… txikienarentzat denak «patitoak» diren heinean.

Kaio hankahori talde handi xamar bat ikusi genuen ibaiko uretan, uraren joan-etorriekin lasai antzean, baina arraroena beraien artean zegoen bele bat zen, hegazti zurien artean puntu beltz bat, ur ertzean adi. Beleari liluratuta begira geratu nintzen eta hegazti hauek duten egokitzeko gaitasunez pentsatzen ari nintzen bitartean… nire alaba txikienari, betiko moduan, munduko ideiarik txarrena otu zitzaion eta «patito!» deia eginez patata bat bota zuen hegazti talde erraldoitik oso gertu. Eta bat-batean kaosa. Kaio eta antxeta deiadar artean, hegazti guztiak batera hegaldatu ziren patata madarikatuaren bila, luma, «kio-kio!» eta mokoz betetako zurrunbilo bat altxa zen, gure buruetatik oso gertu eta gure patata poltsetan interesa erakutsiz. Noski, bi alabak sustoarekin negarrez, patata poltsak lurrean barrena botata eta geure buruak salbatu nahian ihes egin genuen.

Azken unean ordea, burua altxa eta beleari begiratu nion, hantxe jarraitzen zuen kaosaren bueltan guri begira lasai… bele irribarre batekin… Belea ote zen? Belatxinga bat? Erroi bat? Izan ere, beleak asko dira gurean, klase batekoak eta bestekoak. Bele hitza euskaraz asko erabiltzen da hegazti beltzak izendatzeko, baina gure hizkuntza maitatu eta berezi honek, berebiziko nahastea du izen honekin. Askotan belea bele ez denari esanez, eta bele denari beste zerbait deituz. Goazen orden apur bat jartzera belekeria hauetan.

Tolosaldean «belea» deitzen diogun hegaztia aski ezaguna da, beltza eta kilo t'erdikoa, denetatik jaten duena eta gure sutondoko ipuinetan beti animalia zuhur eta maltzurra bezala deskribatzen dena. Bele helduak bikotekidea bilatzen duenean, bikotetan ikusten ditugu hegan eta gazteak direnean, bele gazte guztien modura, talde handitan elkarri belekeriak esaten entzuten dira.



Baina beleak badu lehengusu handiago bat, urrutitik nahiko hegazti txikia ematen duena baina bi kiloko belea dena, honi Tolosaldean belezarra edo belabeltza deitzen zaio, euskara arruntean «erroia» deitu beharko geniokeen arren, oso gurea dugu handia denari «-zarra» atzizkia jartzea, ez baita berdina katua esatea edo katuzarra esatea.

Belezarrak edo erroiak, animalia hegalari, krakari eta beltza delako, oso fama txarra du eta Mikel Laboak badu Gabriel Arestiren kantu bat, Egun da Santi Mamiña izena duena, non honela dioen: «Esanen dizut egia, hau ez da usategia, erroi artean izandu nintzan, benetan ausartegia». Uso garbi, puru, polit eta xaloaren aldean, erroi beltz eta krakariak daude… Etor dadila Donostia aldera, kakaz jositako uso gris eta lepasoilak ikustera, kantuak zentzua galduko luke!

Baina guztia ez da bele beltz eta handietan geratzen, bele txikiak ere baditugu gurean, usoaren tamainako bele bat bada ez dena oso ohikoa gurean, honi Tolosaldean «belatxina» deitzen zaio, euskara batuak bele-txikia izena ematen dion arren.

Beraz, gurean beleak, belatzarra, bele txikiak biltzen dira, baina ba al zenekien uretan ere beleak badaudela?

Garai honetan Oria ibaian jada etorri berria da ubarroia edo kormorana deitzen diogun hegazti urpekari berezi bat, bere hegalak lehortzen harrien gainean eguzkitan ikustea ohikoa dena eta Xuberoa aldean oso izen polita duena: ur-belea. Hegazti beltzei belea deitzen badiegu, hegazti beltz handiei beletzarra eta txikiei bele-txikia, nola deituko ote diogu ba uretan dabilen hegazti beltzari? Ur-belea, gora euskara eta bere praktikotasuna! Etor dadila euskara poetikoa eta konplexua dela dioen bat.

Eta bele izenekin jarraituz, horra bat ikaragarri atsegin zaidana: galar-belea. Izen hau okil handiari ematen diote Sakana aldean. Okil handiak, buru gainean gorria duen arren, erabat beltza da. Galarra berriz, hildako egur lehorrari esateko modu bat da, eta okil ertaina zalea da mota honetako egurretan kax-kax arrak eta xomorroak bilatzeko zuloak egiten, beraz galar-bele izena, espeziearen itxura eta bere bizimodua deskribatzen duen euskal izen benetan polita delakoan nago.

Baina bele guztiak ez dira beltzak. Mika adibidez, txuri beltza da eta hegazti zoragarri honi Ultzama aldean Belenabarra deritze, eta nabarra izatea, txuri beltza edo grisari deritzo, baina horrez gain, ausarta denari ere nabarra deitzen zaio, beraz belenabarra, txuri beltza den belea edo bele ausarta ote da? Niretzako bi izenek egiten dute bat mikarekin, txuri beltza eta nahiko lotsagabe fama baitu hegazti eder honek.

Bele handi, txiki, nabar, galar-beleak, uretakoa eta nola deitu itsasoan dabilen beleari? Euskaraz murgil-handia deitu beharko genioke, baina Bizkaia aldean, itsas-bele izena ematen diote noski, eta hemen esan beharra dago gaizki jarritako izena dela. Itsas-beleak, itsasoan dabilen hegazti erabat beltza behar du izan, eta itsas-belea gris argia da, eta lepo aldean nire daltonismoagatik deskriba ezin ditudan hainbat kolore ditu. Horrez gain, itsasoan ibiltzen den arren, hezegune eta landaredi askoko lakuen zalea da, beraz, hemendik proposamen bat murgil-handiari deitzeko: «Putzu-bele koloretsua».

 

«Beraz, hemendik aurrera, beltza den hegazti orori bele deitu ahal diogu eta nahasteak ekiditeko izen gehigarri bat jarri, noski!»



Beraz, hemendik aurrera, beltza den hegazti orori bele deitu ahal diogu eta nahasteak ekiditeko izen gehigarri bat jarri, noski! Adibidez, nik xoxoari sasibelea deituko nioke eta arrano beltzari beletzar-zarra. Zuen proposamenak jasotzeko irrikan geratzen naiz.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!