BASO ERTZETIK

Arre arre mandako…

Erabiltzailearen aurpegia Jon Ander Galarraga 2023ko urr. 21a, 07:59

Mandakoa, kantak dioen bezala. N.R.A.

Arre arre mandako, bihar Tolosarako etzi Iruñerako, handik zer ekarriko, zapata eta gerriko, ai zeinentzako…». Nire aitona zenak kantu hau askotan abesten zidan, bere belaunaren gainean jarri eta gora eta behera eragiten zidan bitartean… Noski, zapata eta gerrikoak Jon Ander txikiarentzat ziren!

Gaur egun ni naiz kantu hau nire alabei abesten diedana. Lehengo gauean, kantu hau abesten ari nintzaiela, kantu honek atzean zuen mezu ezkutuaz jabetu nintzen, eta nire biologo sena piztu zen.

 

«Kantu hau abesten ari nintzaiela, kantuak atzean zuen mezu ezkutuaz jabetu nintzen, eta nire biologo sena piztu zen»



Tradizioak esaten digu, kantu hau etxeko txikienei zapata eta gerrikoak erostera zihoan pertsona batek egina dela, lehenik Tolosara eta gero Iruñera doa generoa erostera, baina zertarako behar du gerriko bat haur txiki batek? Ez ote da kantua, mando eta gurdi batekin doan herriz herrizko zapata eta gerriko saltzaile batek egina izango? Letra aztertzen badugu… badirudi baietz.

Imajina dezagun, mando bat gurdi bati lotuta eta gurdiaren gainean mandagizona eserita, bere mahonezko praka, kolore definitu ezinezko alkandora zaharra, abarkak eta txapela batekin. Mandagizon hau, zapata eta gerrikoak herriz herri saltzeaz bizi da, Tolosa ingurukoa da, baina dirudienez inguruan gerriko eta zapatagilerik ez, eta Iruñera joaten da generoa erostera, gero Tolosan saltzeko. Badirudi, garai horretan tolosarrek zapata eta gerriko beharra zeukatela!

Mandagizona ordea presaka dabil, badirudi azoka bat izango dela laster Tolosan eta generoa ahal den azkarren eduki nahi du, eta hau lortzeko mandoari presa sartzeko kantu hau asmatu zuen. Kantuaren arabera, badirudi hurrengo egunean Tolosara iritsi behar duelako, «...bihar Tolosarako…», eta bi egunera Iruñera, «etzi Iruñerako», bertan, zapata eta gerrikoz gurdia bete eta berriro bueltan etortzeko produktu haiek Tolosara saltzera «...handik (Iruñetik), zer ekarriko? (Tolosara), zapata eta gerriko!». Zeinentzako diren berdin digu.

Kantu honen protagonismoa, zapatek eta gerrikoek hartzen duten arren, zer dakigu gurdiari tiraka arre arreka doan mandoari buruz? Ezer onik ez.

Badakigu mandoak asto eta zaldien arteko nahasketa bat dela eta gaitasun handikoak direla pisuak eta gurdiak eramaten, baina ahalko al du kantuko mando honek, jabeak eskatzen diona egiten?

Mandagizona eta mando gizagaixoa ez dakit zein herritik aterako ziren, baina lehen geldiunea Tolosan egin ostean, bigarren egunean Iruñean egon behar dute ezinbestean, «...bihar Tolosarako, etzi Iruñerako...».

Kontuan izanda, Tolosatik Iruñera 65 bat kilometro daudela, eta mando baten abiadura kontutan hartuta, gutxi gorabehera, eta gelditu gabe, eta inongo arazorik bidean izan gabe, 13 bat ordu beharko ditu mando gizagaixoak Iruñera iristeko, baina hau teoria besterik ez da.

13 orduan zeharreko bide luzean, mandagizonak komunera joan beharko du, mandoari ura emateko gelditu beharko du ere, beste mandagizonekin hitz egiten geldituko da, edo mandagizonen taberna batean geldiune bat egingo du mandagizonentzako baxoerdi bat edateko… Beraz, teorian ibilbidea mandoak 13 orduan egin ahalko lukeen arren, praktikan oso behetik jota 17 bat ordu beharko lituzke animalia gizagaixoak Tolosatik Iruñera iristen geldiuneak eginez, eta hala ere nahiko presaka ibilita!

Goazen ibilbidea irudikatzera: lehen egunean hor doa mandagizona bere mando eta gurdiarekin, «...bihar Tolosarako» esan dio mandoari eta mando gizagaixoak, aginduak jarraituz eta herri ezezagun batetik abiatuta, Tolosara gerturatu da ilunabarrean. «...etzi Iruñerako» dioenez, Tolosara iritsi, gaua pasa eta goizean Iruñera abiatu behar du egunean bertan iristeko; hau da, 17 orduko ibilbidea egiteko. Tolosatik goizeko zazpietan abiatuta ere, 17 orduko bidearen ostean, Iruñera gaueko hamabietan iritsiko ziren biak.

Iruñean gaua pasa, zapata eta gerriko tratantearekin hitz egin, tratua egin, gurdia kargatu eta berriro bueltan Tolosara doa, beste 17 orduz.

Baina gurdia beteta dator, beraz agian 17 ez, baina 20 bat ordu beharko ditu Tolosara iristen, nahi eta ez bidean geratu beharko du, non? Agian Lekunberri aldean geratuko da, eta ostean berriro Tolosara eguerdirako iritsiz. Beraz mando gizagaixoaren GPSak lau egunetan 130 kilometro markatzen ditu, hauetatik erdiak gurdia bete zapata eta gerrikoz.

Eta hau gutxi balitz, hor datu gehigarri bat, mandagizonak, «mandako» hitza erabiltzen du mandoari hitz egiteko, Euskaltzaindiaren arabera, hitz hau mando gazteari esaten zaio, otso gazteari «otsoko» esaten zaion modura. Beraz, gurdiari tiraka doan mando gizagaixoa, ez zen urte batzuk zituen mando osasuntsu eta indartsua, mando txiki gazte bat baizik.

Hau guztia kontutan izanda, mandoetan aditua den EMANZIOKELA, Euskal Mandoen Zabalkunde Orokor eta Kalitatezkoaren Elkarte Libre eta Anonimoari idatzi diot. 125 urteko tradizioa duen eta mundu osoan ezaguna eta saritua izan den elkarte honen arabera, mandakoari tratu ona bermatzeko gure kantutegiaren letra aldatu egin behar da, hauxe da beraiek bidali didaten proposamena: «Animo, animo, hobena haiz eta eutsi goiari mandako, bihar Tolosarako, lau egun geroago Iruñerako, han ondo deskantsatu ostean, handik zer ekarriko, gurdi erdi bete zapata eta gerriko, ai zeinentzako…».

Orain gure esku dago kantuaren bertsio berri hau gure txikiei kantatzea. Eta ahaztu baino lehen… gora 83ko uzta!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!