BASO ERTZETIK

Jaiotzez naturazalea

Erabiltzailearen aurpegia Jon Ander Galarraga 2023ko eka. 26a, 07:59

Lizartzako eskola txikiko haur bat baso eskolan. L. CARRASCO

Unai naturazalea da jaiotzez, bere lau urtetxorekin telebistako dokumental gehienak ikusiak ditu eta amonaren etxean dauden dekoraziorako entziklopedia guztiak birpasatu ditu. Bere armairuan, animalia eta dinosauroak agertzen diren kamiseta mordoa ditu, eta logelako liburutegi txikiak, Teo, Katta eta bestelako pertsonaien liburuez aparte, animaliei buruzko liburu potolo bat du, letra askorekin eta animalien irudi erraldoiekin.

Unairentzat oso interesgarria da jakitea, Teo eskolara joan dela eta bertan… irakaslea topatu duela! Zer kasualitatea! Baina animalien liburu potoloko hamaseigarren orrialdean, orka talde batek, foka koitadu bat harrapatzeko erabiltzen dituen ehiza estrategien lau argazkiko irudi hori… hori bai dela interesgarria! Ehunka aldiz ikusi du eta ehunka aldiz liluratu du!

Unai, gelako gazteena da, abenduan egingo ditu bost urte eta gelako mutikorik txikiena da. Mutiltxo beltzaran begi handi hura, bere gomazko betaurrekoekin, nahiko ezustean pasatzen den ikasle on horietako bat da. Unaik, gelan margotu, jolastu eta abestu egiten du, atsegin du eskola baina eguneko unerik hoberena patio garaia da. Patioaren ertz batean xomorroak baitaude! Baratza dagoen lur puskan zizare bat bizi da, landareen azpitik ibiltzen da tirri-tarra, Unaik, Zizario izena jarri dio eta batzuetan txiki-txiki egiten da eta besteetan luze-luzea da, ez zaio argia asko atsegin, ezta eskuetan hartzea ere. Eskolako pareta baten ertzean, inurritegi baten sarrera dirudien zulotxo bat dago, etengabeko inurri ilarak sartu eta ateratzen dira zulotxo hartatik. Egun batean, Unaik belar luze bat sartu zuen zulotik eta berebiziko inurri gudaloztea atera zen zulotxoa defendatzera, inurri batzuk belartxotik gora Unairen eskuraino iritsi ziren… Gau hartan, Unaik aitatxorekin egin zuen lo.

Patioan dauden lau zuhaitzetatik barrena, bi txolarre ibiltzen dira egunero txorrotxioka, lurrean lauzpabost uso urruka, eta tarteka kaio hankahori bat ere inguratzen da, batez ere, hamaiketako garaia denean. Unai konturatu da, kaioa dabilenean ez dela usorik atzematen inguruan, kaioen begiradak harrapari baten begirada baita. Kaioari Xolomo izena jarri dio Unaik, zeren egun batean, Iker irakaslearen solomo ogitarteko zati bat jaten ikusi zuen zaborrontzian muturra sartuta. Unai liluraturik geratu zen hegaztitzar hura hain gertu ikusteaz, poliki-poliki beregana hurbildu zen, baina Xolomok zaborrontzitik burua atera, eta sei segundo luzez Unairi begietara begiratu zion… Gau hartan, Unaik aitatxorekin egin zuen lo.

Egun batean berebiziko iskanbila sortu zen patioan, Asiako liztor habi bat aurkitu baitzuten saskibaloiko zelaian. Haur guztiak eta irakasle asko, erabat aztoratuta eskola barrura sartu ziren, baina Unai, liztor haien hegaldi perfektuari eta habiaren egiturari begira, eta guztien artean ateratzen zuten zarata kilikagarria entzuten geratu zen… Bere irakaslea garrasika atzetik etorri, bizkarrean hartu, eta ziztu bizian gelan sartu zuen arte… Hantxe amaitu zen Unairen lilura momentua. Gauean liztorren soinuarekin amets egin zuen eta… aitatxorekin egin zuen lo, gau hartan.

Gaur, egun berezia da Unairentzat, ikastolatik irteera bat dute, baina ez doaz Igeldoko parkera errusiar mendiko trenaren gurpil bat noiz pikutara joango den pentsatuz beldurra pasatzera, ikastolatik ordu erdira dagoen baso batera doaz, besterik gabe. Unairentzat Igeldora joatea baino hamar aldiz hobea da hori!

Asfaltozko ikastetxe grisaren aldean, basoa bizitzaz jositako eremu bat da: belarraren usaina, hegaztien soinuak, hostoen koloreak eta zuhaitzen azala, baina guztiak ez daude ados basora joateaz; Naiarak basora ez du joan nahi, aspergarria dela dio, ez dagoelako futbol zelairik!

 

Basora iritsi, lurrean eserita hamaiketakoa jan, eta irribarre bat ahoan, badoa Unai ziztu bizian basoa esploratzera



Basora iritsi, lurrean eserita hamaiketakoa jan, eta irribarre bat ahoan, badoa Unai ziztu bizian basoa esploratzera. Zuhaitz baten oinean dagoen zulo bat ikusi du, interesagarria dirudi, bertan, kukurutxa edo bitxobola familia handi bat bizi da, zuhaizpean gertatzen den egur ustelduz sortutako lur beltzean, batzuk handiak dira eta besteek kumeak dirudite, guztiak argiari iheska. Enborrean gora berriz, urre koloreko kakalardo bat ikusi du, aurrealdean pintza moduko aho luzanga bat dauka, zertarako ote du horrelako aho luzea? «Aho luzanga horrekin, barraskiloen oskoleko sarreran barrena sartzen da eta barraskiloa bizirik jaten du», esan dio ahots batek bat-batean bere oinpetik.

Basoko iratxo bat da, tipi-tapa Unairen sorbaldara igo eta lore bat seinalatu du, Unai zuzenean lore horretara joan da: «Lasai, ez nau inork ikusten, beste mota bateko begi batzuk behar dira ni ikusteko». Lore gainean erletzar lodi eta iletsu bat dago: «Ez da erle bat, erlatzarra da, taldean bizi da eta loreetan muturra sartuta, loreen zukua lortzeko gai den arren, zenbait loreekin, hegalen bibrazioarekin lorea astintzeko gai da eta barne zukua tantaka erori arazten dio». Unairi begiak gehiago hazi zaizkio datu hori jakitean. Iratxoak, Zizarioren lehengusu bat seinalatu du hatzarekin lurrean.

Unai betiko moduan makurtu egin da: «Zizare honek arrautzak dauzka barruan, ikusi buruaren ostean dauzkan eraztunak nola dauden puztuta». Poliki-poliki iratxoak, behatzarekin seinalatuz, basoko beste ehunka sekretu erakutsi dizkio, Unai erabat liluratuta utziz.

«Eskolara!» eta ploff handi batekin iratxoa desagertu egin da, Unai eskolara doa bueltan, oso pozik, beste planeta batean egon balitz bezala, bere liburu maiteetako irudiek bizia hartu dute. Patio grisean sartu da, faltan botatzen ditu erlatzarra, zizarea, kukurutxak eta iratxoa. Patioko ertz batean eseri da eta besteak futbolean nola dabiltzan begira geratu da… Pim-pam! Baloia alde batetik bestera doa… Pim-pam! Guztiak beraren atzetik, batek buruarekin jo du, besteak ostikoz… futbol zelaian ez dago arrautzak dituen zizarerik edo loreei zukua hegalen mugimendu soilez ateratzen dien erletzarrik, ezta kukurutxik ere!

Agian hurrengo astean berriro basora joango dira, eta berriro iratxoak basoko ehunka sekretu erakutsiko dizkio, bitartean patioaren ertz berdean eserita geratuko da. Pim-pam! Alde batera eta bestera baloiari begira.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!