Aurreko astean, gizaseme batekin egon nintzen eta azeria biziki gorroto zuen oiloak jaten zituelako, xoxoa ere ez zuen gustuko mahatsa sortu berriak mokokatzen zituelako, erbinudea berriz «alu ederra dek!» eta hontzak gauean berebiziko triskantzak egiten omen zituen, noski hegazti hura ere gorroto zuen! Aipatu behar da, gizaseme hau, Tolosako erdiguneko hirugarren solairu batean bizi dela eta ez duela sekula oilategirik, mahatsa landarerik eta bestelako haziendarik eduki, eta seguruenik erbinudea eta azeriaren artean ez dakiela ezberdintzen baina euskaldunon «piztienganako» gorrotoa, gure Rh negatiboan dago barrenean sartuta… eta kito!!
Zer esanik ez, aipatutako animalia guzti hauek direla animali arriskutsu eta hilgarriak, oilategira sartu eta bost minututan ehun eta hogei oilo akabatzen dituzte, gero baserriko ganbarako arto guztia jaten dute eta ihes egitean ukuiluari su ematen diote, eta kontuz beraien atzetik aitzur bat eskuan joaten bazara, ziur animalia hauetako bat pozoidun arantzak jaurtitzeko gai dela eta! Urtean euskaldun mordoa hiltzen da animalia basati arriskutsuen erasoekin.
Fauna guzti honen artean ordea, bada animalia bat benetako gorroto historiko eta kulturala pairatu duena: satorra. Gurean bada jende asko, gaueko ordu txikietan dantzan eta umore onean dabilena, baina «satorra» hitza belarrira xuxurlatzen badiozu, odolak irakin egiten diona eta soilik aitzur bat hartu eta sator bat bitan zatituz lasaitzen dena. Satorra, euskal animalia gorrotatuenen podiumean dago dudarik gabe.
Altzo Azpiko auzo txikian jaio eta hazi bazara, udako arratsalde asko, inguruko baserritarrekin hizketan pasatzen dituzu eta baserritarren hizketako gai gogokoena da satorrak eta beraiek hiltzeko metodoak. Baratzean sator bat dabilen zantzuak badaude, baserriaren ganberan dagoen alarma bat aktibatzen da eta baserritarrak bere sator-hiltzailearen zakua hartzen du gainean eta baratzera doa lasterka, ziurrenik, ganbaratik ukuilura doan metalezko poste batetik jaitsiz. Sator-hiltzailearen zakuan arratsaldean bertan ilundu aurretik satorra hiltzeko beharrezko guztia dauka: aitzurra, txorizo zati bat, ogi barra erdi bat eta eskopeta. Eta gauzak asko okertzen badira, sator-tranpa pare bat; hori bai, azken hau kasu berezienetan erabiltzen da soilik.
«Satorrak belarri ona zeukek eta dena entzuten dik, orduan isilik eta pausoa poliki emanez ibili behar dek», esaten zidan baserritar batek, pausoa nola eman behar zen erakusten zidan bitartean. Berebiziko abileziaz eta inongo soinurik gabe, pauso berezi hura egoki emanez sator zulo baten atarira hurbildu zen. «Orain itxoin egin behar dek, aterako dek arnasa hartzera!»… Bi ordu igaro ziren. Bat-batean, baserritarrak irribarre batekin begiratu zidan lurrera seinalatuz, eta sator-zulo atariko lurra lotsati mugitzen hasi zen eta bertatik mutur txiki bat atera zen. «Hor zeok!» eta baserritarrak berebiziko aitzurkada jo zion sator zuloko atariari, kilo eta erdi lur harrotuz. Noski, satorrak «hor zeok!» entzun orduko, berriro zulora sartu zen eta baserritarrak berau harrapatzeko intentzioarekin aitzurraren beste hiru kolperekin, berebiziko zulotzarra ireki zion sator zulo txikiari, baina satortxoa jada ez zegoen inguru horietan. Baserritarrak ez zuen etsi nahi eta badaezpada, eskopeta hartu, sator zuloan punta sartu eta tiro pare bat bota zituen… baina ez zen sator gorpurik agertu.
Txorizo ogitarteko pare batekin belardian eserita, inguruan aitzurkadak eta eskopeta tiroak egindako gerra osteko paisaiari begira geundela: «Bueno… tranpa jarri beharko digu», esan zidan erabat lotsatuta gizon hark. Altxa, eta satorrak egindako zulo bat aukeratu zuen eta bertan, burdin sator-tranpa berezi bat ipini zuen. «Satorra, tuneletatik behin baino gehiago pasatzen dek, eta hemendik pasatzerako tranpan harrapatuta geratuko dek». Bi aste beranduago zulotxo hartatik lur-sagu bat atera zuen sator-tranpan harrapatuta, «haur ez dek satorra baina alu ederra dek baita!». Natur zaletasuna nondik datorkidan? Ez da erraza jakitea!
Aitzurrarekin akabatu nahi dugun sator txiki hau orain 50 milioi urte satitsu baten tankera zuen ugaztun txiki bat zen
Baina gure satorrak, gorrotatuta eta eraila berak, bizidun oro bezala, bere milioika urteko istorio oso interesgarri bat dauka. Hor aitzurrarekin akabatu nahi dugun animalia txiki hau orain 50 milioi urte satitsu baten tankera zuen ugaztun txiki bat zen. Satitsu txiki hau, belardietan barrena etengabe hegazti eta bestelako animalien erasoekin nazkatuta, lurpean sartzea erabaki zuen babes eta janari bila. Lurpean, sustrai, intsektu, zizare eta bestelako janari eskuragarri zegoen eta gainera, lurrazaleko erasotzaileez salbu egon ahal zen. Lurpeko bizitzak ordea gorputz berezi bat eskatzen du; izan ere, lurpean beti izango baitugu lurra inguruan eta iluntasuna gainean. Satorrek lurra, ura balitz bezala maneiatzen dute, atzaparrekin pareko lurra kenduz «igeri» egiten dute bere gorputz luzanga eta malgua erabiliz. Horregatik satorrek lur bigunak atsegin dituzte, ez oso hezeak, sustrai sendorik gabekoak, eroso «igeri» egiteko. Horregatik dira belardi zaleak, nahiz eta lurzoru lodi eta biguna duten basoetan ere ibili ohi diren. Bista txarra dute satorrek, zertarako behar da bista ona lurren josita ilunpetan bizi bazara? Hau konpentsatzeko usaimen eta dastamen bikaina dute. Beraien tunelak behin eta berriz erabiltzen dituzte eta oso animalia bakartiak dira, tunelak gogotsu defendatzen dituzte… ez nuke nahi gau txarra igaro duen sator baten atzaparkada begian jaso nahi. Satorra erabat lurpean bizi da, bertan egiten ditu bere tunel, biltegi eta lotarako lekuak eta zu eta ni bezala ugaztuna da, sator amak kumetxoei titia ematen die. Tolosaldeko herri txiki bateko gizaseme batek taberna ertzean zioen moduan, «sator granja bat jarriko bagenu, sator gazta egingo genuke». Tabernako jendeak barre egiten zion, baina ez zuen arrazoi faltarik.
Satorrek barazki gutxi jaten dute, zizare eta intsektu txiki zaleak dira, nahiz eta baratzetan eta belardietan beraien tunelekin lurpea nahasten duten, satorra zizare bila doa soilik. Badira beste lur sagu eta antzeko ugaztun txikiak ordea, satorren tunelak erabili eta gure baratzeko produktuez elikatzen direnak, zenbat sator erail ote da sagutxo hauen erruagatik? Urrena sator bat ikusteko zortea baduzue, ez begiratu «animalia alu» baten moduan, lurpean igeri egiteko gai den satitsu batez oroitu zaitezte, bere akats bakarra gure baratzetan zuloak egitea izan dena.