Gaztetan ordea, Koldok ez zituen Nekazaritza eta Abeltzaintza produkzioko ikasketak egin, Koldok segurura jo zuen eta Lanbide Heziketan Kontrol numerikoa ikasi zuen. Ikasketak amaitu eta segituan hasi zen lanean eta Villabonako industria-guneko kale estu batean dagoen tailer txikian darama lanean, egunero zortzi edo hamar ordu sartuz, makinak eta mota guztietako torloju artean. Baina Koldok, tailerraren iluntasunean, egunero eguraldi ona dagoen baserri batean bizitzea du amets, eta torloju multzo bati begira, Koldok bere etorkizuneko baserriko artaldea dela pentsatzen du, torlojuak gordetzeko kaxa ardien ganbela eta kolore ilunena duen torlojua, ardi beltza. Ardi itxurako torloju hauek zaintzen, bere Bixkor artzain txakurra dabil, baina Bixkor txakurrak ez du zaunkarik egingo sekula, izar formako bihurkin edo destornilagailu bat delako.
Tolosako kaleetan poteoan dabilen batean, farola batean iragarki bat ikusi du: «Altzo Azpin, baserria salgai, egoera onean». Eta Koldori barrenak astindu zaizkio. Altzo Azpiko eremu paregabean ikusten da bera, baserri handi eta zuri baten jabe. Goizero oiloen karakakekin esnatzen, eguzkia, orain ehun urteko leiho zaharretatik gozo-gozo sartzen zaion bitartean, eta bere oilo, behi, asto eta ardiei jaten eman ostean, hamaiketako bat egiten ikusten du bere burua belardi baten erdian, haritz baten gerizpean, tximeletez inguratua eta bertaratu zaion katagorri lotsagabe bati ogi zatiak emanez.
Hurrengo goizean Altzo Azpiko eremu paregabeko baserri saltzailearekin geratu da. Mendi magal batean dagoen herentzian utzitako baserri zaharra da, teilatua osorik du, paretak ere bai, harri-bistan, eta ukuilua guztiz eroria daukan arren, lan apur batekin argal dauden behi pare bat sar litezke bertan. Jabeari seinale bat eman eta hurrengo egunean, bankuarekin hitzordua jarri du Koldok, hilabete baten amaiera, Koldo kaletarra, Altzo Azpiko baserri baten jabe da… 30 urterako hipotekarekin noski.
«Eta Koldori barrenak astindu zaizkio, Altzo Azpiko eremu paregabean ikusten da bera»
Asteburuan, lagun batzuekin batera, baserria bizitzeko adina atondu du, lotarako gela bat prestatu du, sukaldea txukundu eta ekonomikan sua piztu du. Ekonomika zaharraren keak eraginda edo, Koldo baserritarra, gora etorri da eta kotxea hartu eta animaliak erostera joan da. Aurreko larunbateko merkatuan ezagutu duen baserritar jakintsu baten aholkuei jarraituz: «Animalikin tratun hasteko, belaunetik beherakokin hasi behar dek, geo gerritik goragokokin eta azkena, hire lepoa baino altuagokin. Orain hoberena oiloekin hastea dek, gero antzarak jarri, hauek etxea zaintzeko oso onak dituk eta nahi badek, baserri kanpon politte itteko… untxik jarri». Gomendio hauei jarraiki, Koldok ilusio osoarekin, sei oilo, bi antzara eta lau untxi erosi ditu.
Bizitzeko adina atondukotako baserria, nahiko itxuroso geratu zaio Koldori, gerra zibil baten osteko etxe ataria eta haize bolada batek astindu berri duen barnealdea duen arren! Sukaldeko ekonomika zahar handiaren izenaren zergatia Koldok ez du ulertzen: e-kono-mi-ka. Oso merke eta ekonomikoa izango da, baina lanetik etorri eta egurra txikitzen pasa dituen bi orduak eta gero, Koldoren eskuetako babak eta bizkarreko minak, ekonomikoak atera ordez, garestiak atera zaizkio. Egunak ez dira errazak izaten Koldo baserri gizonarentzat, tetxoan armiarma erraldoi bat dago, gau osoa Koldori mehatxagarri begira, saguak nonahi dabiltza sukaldeko armairuetan ahal duten guztia jaten, eta atariko askan suge luze bat topatu zuen lasai asko igerian. Gainera oraindik ez du komunik eta alboko pikondopean egiten du kaka, Koldok ez zekien kaka naturalean egitea hain deserosoa zenik, bart gauen bi aldiz moztu diote kakaldia, izterren artean animalia likatsu eta luzea igaro zitzaizkiolako, leunki bere izter barnealdea laztanduz.
Eta egunak gogorrak baziren, zer esan gauez! Jimeneztarreneko Ikerrek, mamu eta izpirituei buruzko sei programa aterako lituzke Koldoren baserrian gauean entzuten diren zaratekin. Bi egun daramatza Koldok beldurtuta lorik ezin egin, «Krak!, pum-pum-pum eta zarrasssst» gauerdiko soinuen artean.
Animalien tratuekin zer esan, hasiera oso pozik zen Koldo, oiloei izenak ipini zizkien: Koko, Moko, Koxka, Paka, Kika… betiko euskal oiloen izen tradizionalak. Antzarek ere izena dute, Goenkaleri omen eginez: Hortentxi eta Xatur jarri die, beti zalapartan dabiltzalako. Untxiak zoragarriak ziren, leunak eta saltariak, goxoak, politak, xarmagarriak… baina gauean haien etxetxoan sartu zen piztia batek denak akabatu zizkion. Koldok bi egun eman zituen etxeko atarian negarrez, lepoa mozturik zuten untxien gorpuak etxe alboan usteltzen ari ziren bitartean.
Oiloak aske bizi dira baserri kanpo eta barruan, baina bigarren gauean beste gautxori batek bi oilo eraman dizkio, ordutik, gauean oiloak sukaldean gordetzen ditu. Oiloei asko atsegin zaie sukaldea, oso zaleak dira sukaldeko zoruko labezomorroak harrapatzen, mahaipeko ogi apurrak jaten eta mahai gainean kaka egiten, goizeroko lana da Koldorena gosaldu aurretik mahaia gainetik oilo zirina garbitzea. Egun batean, gosaltzen zela oilo bat sagu baten atzetik ikusi zuen lasterka, hasieran barregarria izan zen, oiloak mokoka sagu koitadua akabatu eta oilo guztien artean irentsi zuten arte, ordutik aurrera oiloak etxean dauden bitartean, Koldok bere gelako atea itxi egiten du.
Xatur eta Hortentxi antzarak zelatari onak direla egia da, edozer gauzengatik ordu txikitan karranka hasten dira, Koldori berebiziko sustoak emanez… Ohe azpian labana txiki bat du badaezpada ere. Hala ere, Xatur eta Hortentxik antzara zaindariek ez dute ikasi Koldo beraien jabea dela eta lanetik berandu eta nekatuta zetorren neguko gau batean, Xaturrek ezker barrabilean koxka egin eta Koldok Tolosako anbulatorioko larrialdietan amaitu zuen gaua, barrabiletako ekografia eta guzti egin zioten. Gaur egun oraindik ezker barrabila puztua eta morea dauka.
Kondairak dio, Koldok belaunetik beherako animaliak gobernatzea lortu zuela, txakur txiki zelatari bat ekarri zuela baserrira, Bixkor izena jarri zion noski! Ostean komun bat ere ipini omen zion baserriari, ukuilu bat ere eraiki omen zuen eta meta-belar bat egin zuen baserri alboan, orain gogo biziz omen dago ardi batzuk erosteko. Hau baserritartu nahi zuen kaletar baten kondaira soil bat da, errealitatearekiko edozein antzekotasun, kasualitate hutsa da.