Hiroshi Uzumaki doktoreak, bazekien gurean oso ugaria dela sagardotegia deritzon ekosistema berezia eta hiru urteko ikerketa luze bat ipini zuen habian. Ikerketa amaitu ostean, bere doktore tesia aurkeztu du eta benetan datu txundigarriak lortu ditu, zientzia aldizkari famatu batean emaitzak argitaratuz.
Uzumakiren lantaldea konturatu da, Gipuzkoa barruko paisaian bi sagardotegi mota daudela: bertakoa eta inbaditzailea.
Uzumakiren lantaldea konturatu da, Gipuzkoa barruko paisaian bi sagardotegi mota daudela: bertakoa eta inbaditzailea. Sagardotegi inbaditzailearen eraginagatik, bertakoen kopurua gero eta urriagoa da eta beharrezkoa da lehenbailehen hauen kontserbazio plan bat egitea.
Aurrez ordea, lantaldeak bertako eta inbaditzaile diren sagardotegien bereizketa zorrotz bat egitea oso beharrezkoa ikusi du eta gauzak horrela, bere lantaldearekin batera, izen handiko nazioarteko biologoak tartean, bertako eta sagardotegi inbaditzaileak bereizteko hiru gako aurkeztu dituzte Gipuzkoar sagardotegien alderaketa morfologiko, kronologiko eta espaziala deritzon artikuluan. Honek, oihartzun handia izan du biologoen artean eta zenbait datu hauen zehaztasunei kritika bortitzak egin dizkie, beraz, ni mezulari soil bat izanik, irakurlearen esku uzten dut datu hauen egiatasuna epaitzea.
Uzumakiren taldearen esanetan, sagardotegi bat bertako den definitzeko, lehen gakoa bere garapen eremua da. Bertako sagardotegien eremuek, eremu oso naturalizatuak izan behar dute eta hiriguneetatik urrun egon behar dute, iristen oso deserosoa den leku batean. Gipuzkoa barreneko mendirik altuenaren bailara sakonenean eta bertaratzeko argiztapen gabeko egoera txarrean dauden errepideetatik gertu daude bertako sagardotegien gehiengoak. Tren geltoki alboan edo autobus geltokitik 50 metrora dauden sagardotegiei, zuzenean sagardotegi inbaditzailearen kategoria ematen zaie Uzumaki doktorearen tesian. Ezaugarri honengatik, aspaldiko urtetan Gipuzkoan bertako ekosistema bezala jotzen ziren zazpi sagardotegi, gaur egun inbaditzaile bezala katalogatu dira, honek berebiziko oihartzuna izan du ekosistema hauetan aditu diren mundu guztiko biologoetan.
Bigarren ezaugarriak ekosistema barruko klimarekin du zerikusia. Bertako sagardotegi baten barruko tenperatura 10-15 gradutan egon behar da urte guztian, hau ere ezinbesteko faktore klimatikoa da bertako sagardotegi bat izendatzeko garaian. Larrialdi klimatiko eta klima aldaketak bertako sagardotegietan eragina izaten ari den arren, oraingoz 15 gradutik gorako tenperatura duten sagardotegiak, bertako ekosistema bezala ez dira onartuak izango inoiz. Berriro ere eztabaida sakonak sortu dituen ondorioa izan da Uzumaki doktorearena eta hurrengo urteetan gai honen bueltan metereologo eta aldaketa bioklimatikoan aditu diren pertsona askoren iritziak espero dira.
Eta hirugarrenik, sagardotegi barreneko espezieen presentzia da. Sagardotegia, espezie ugarirentzat errekurtso askoko ekosistema izanik, espezie asko elkar-bizi dira bertan. Uzumaki doktoreak eta bere taldeak, Gipuzkoako ia 100 sagardotegi ikertu dituzte, eta metodologia moduan, beren ikerketa kanpamentuak sagardotegiko ekosistemaren erdigunean kokatzen dituzte, bertako hezetasuna eta tenperatura neurtzeaz gain, bizi diren espezieen katalogo oso zehatza egin dute. Espezie zerrenda luze honetan, espezie bat bada sekula ez dena behatu sagardotegi inbaditzaile batean eta beti egoten dena bertako sagardotegietan, beraz espezie adierazlea deitu zaio: sagardotegiko jabea. Eta bertako sagardotegi bat izendatzeko sagardotegiko jabea espeziea egotea ezinbestekotzat jo du Hiroshi Uzumaki doktoreak.
Sagardotegiko jabea aurkitzeko errazena, prismatikoak hartu eta sagardotegi ertzera begiratzea da. Identifikatzeko, gizaseme adindun baten itxurakoa izan ohi da eta espezie honen bereizgarritasuna: irribarrerik ez egitea da. Batzuetan zaila izaten da espezie hau topatzea, sagardotegiko zutabe baten atzean gordetzeko joera baitu. Hala ere, bistaz aurkitzea zaila bada, soinuarekin erraz identifika daiteke, izan ere alarma dei bereizgarri bat dauka: «Txooootx!». Alarma dei hau benetan garrantzitsua da ekosistema barruko antolaketan, erakarpen efektua du beste espezieetan eta ekosistema barruko espezie guztiak aztarrika batean, sagardotegiko jabearen atzetik joaten dira, inoiz dokumentatu gabeko espezieen arteko migrazio bat hasiz.
Uzumaki doktoreak Inoxidablearen migrazioa izena eman dio eta migrazio berezi honetan, espezie guztiak sagardotegiko jabeari segika sagardotegiko eremuetatik irteten dira.
Migrazio arraro hauen zentzua ez dago argi, baina beti sagardotegi inguruko eremu altuenera desplazatzen dira, bertan kokatzen den sagardo kupel herdoilgaitza topatu eta bertatik txotx egiten dute. Momentu honetan espezie arteko tentsio une handiak izan hori dira, batez ere baten bat txotxean hamar segundotik gora egoten bada.
Inoxidablearen migrazioa beste bi edo hiru aldiz errepikatu daiteke, sagardotegiaren barne egituraren arabera beti ere. Faktore klimatikoek ere eragina dute noski, kanpoan euria badago pereza ematen du inoxidablera joatea eta migrazio hau ez da ematen.
Behin hiru ezaugarri hauek ongi definituta, bertako sagardotegien kontserbazioari buruz Uzumaki doktorea oso argia da. «Bertako sagardotegiak kontserbatu nahi badira, hiru ezaugarri hauek bermatzea ezinbestekoa da». Gainera, entitate publikoei dei zuzen bat egiten die: «Bertakoa kontserbatzek ezinbestekoa da ekosistema hauetan zuzenean eragingo duten ekintzak burutzea». Izan ere, Uzumakiren taldea oso kezkatua dago, Tolosaldean jada topatzen ari direlako bertako itxura duten sagardotegiak, baina ikerketa zehatzago baten ostean, inbaditzaileak direnak. Uzumakiren esanetan, «litekeena da sagardotegi inbaditzaileak, uste genuena baino eremu handiagoak inbaditu izana jada», egoera hau oso larria eta kezkagarritzat jo du doktoreak.
Beraz, 2022rako gelako bazkaria antolatzen ari zaren berrogei urteko famili gizon-emakumea, zaindu gure bertako ekosistemak.