Bizidun hau, ziurrenik, zuhaitzen iparraldera begira dagoen azalean ikusi duzue. Batzuetan laranja da, besteetan zuria, baina, normalean, bere albotik pasatu eta kasu gutxi egiten diogu. Bizidun hau likena da, eta ezaugarri interesgarri mordoa du, guri erakusteko.
Likena alga eta onddo baten arteko sinbiosi edo elkarbizitza da. Onddoak likenaren gorputza sortzen du, bere luzakinekin, eta alga luzakin horien artean ezkutatzen da. Noski, onddo hauek ez dira perretxikoak ematen dituzten onddoak bezalakoak: alga horiek mikroskopiko eta biribilak dira, eta ez, marea behean denean, hanketan itsasten zaizkigun alga nazkagarri horiek bezalakoak.
Baina, zergatik elkartu ote dira bi bizidun mota horiek, beste bizidun berri bat sortzeko? Biek onurak lortzen dituztelako! Algak landareak dira eta, landareen gehiengoaren moduan, eguzki energia lortzeko gai dira. Onddoak ez dira landareak, ezta animaliak ere, ondoak… onddoak dira! Eta ez dira gai eguzki energia jasotzeko; onddoak inguruko materia organiko hila kontsumitzetik bizi dira normalean. Baina, likena osatzen duten onddoek bere barrenean alga eguzkijaleak sartzen dituzte, eta, zer hoberik doako eguzki energia baino? Onddoak bere gorputzaren barrenean algak gorde besterik ez ditu egiten, eta eguzkia dagoen lekuan hazi; algak, bitartean, etxetxo polit eta babestua du, eta eguzkia energia partekatu besterik ez du egin behar.
Liken bat izatea hain izan da onuragarria bi bizidunentzat, ezen munduan zehar milioika liken mota baitaude. Batzuk zuhaitz azaletan hazten dira, baina badira arroka barruan hazten direnak ere. Zenbait liken zoruari itsatsita hazten dira, baina beste batzuek hosto forma hartzen dute, eta benetako egitura konplexu eta politak osatzen dituzte. Gainera, mundu osoan barreiatu dira, basamortu berotik hasi, eta poloetaraino.
Bi izaki bizidunen arteko lotura oso estua da, ugaldu ere batera egiten dira. Sarri, onddoak kopa itxurako egiturak osatzen ditu bere gainazalean; bertan, kopa horien barruan, alga batzuk sartzen dira. Gero, haize bolada batek kopa horiek hegaldatu egiten ditu, eta bi lagunak badoaz, eraiki berri duten espaziontzi naturalean, atsegin duten inguru berri bat kolonizatzera.
Imajina ezazue momentu batean, Tolosaldeko biologo zoro batek, likenekin erabat maiteminduta, bere baserriko laborategian alga mikroskopikoak barrenean dituen ardi bat sortzen duela; liken bat bezala, baina, onddoaren partez, ardi bat! Ardi horren artilea guztiz berdea izango litzateke, klorofilaz gainezka, eta eguzki energia lortzeko gai izango liratekeen alga ñimiñoz josia egongo litzateke. Ardi horrek ez luke belardirik beharko elikatzeko, soilik eguerdiko orduetan, ordu batzuez, eguzkitara ateratzea, eta kito. Algek, ardiak bizitzeko beharko lukeen energia guztia lortuko liokete eta, ardi zorteduna, eguna edonora begira pasatu besterik ez luke egin behar, beeee! pare bat eginez.
Iritsiko da eguna, biologo zoro batzuek mundua gobernatuko dutena, eta naturan ikusitako ideiak gizakiaren egunerokoan erabiliko dituztena. Belarrik jaten ez duten ardi algadunez gain, urpean arnasa hartu ahal duten behiak, sei hanka eta lau hego pare dituzten oilasko errentagarriak eta, nola ez, lau gibel dituzten antzarak.
Mundua gobernatu beharko luketen gizasemeak biologo zoroak baino zentzudunagoak izan beharko luketela pentsatzen baduzu, arrazoi duzu. Orain, begiratu gure mundua nork gobernatzen duen; zer nahigo duzu?