Animalien erabilera bereziak

Erabiltzailearen aurpegia Jon Ander Galarraga 2019ko mar. 24a, 18:00

Animaliak betidanik izan dira gizakiaren bidelagun, parasito eta bizilagun. Gizakia bera ere animalia bat gehiago dela ahaztu gabe. Gizakiak beste animaliak etxekotu, erabili, elkargurutzatu eta bere beharretara moldatu ditu.

Gure gurdiei tira egiten dien asto gizarajotik hasi, eta gure etxeko saguak harrapatzen dituen eta, bide batez, ederki bizi den katu zaharreraino. Baina, animalia batzuei, nahiko erabilera berezia eman diegu, batez ere, alboko giza taldeak akabatzeko asmoa genuenean. Zutabe hau animalien erabilera berezi horien memoria historiko xume bat izan dadila, eta omenaldi txiki bat.

Anibal zeritzon gudagizon Kartaginarrak, Erromako inperio boteretsua kolokan ipini zuen, k. a. 200. urtean, elefanteak gudarako erabiliz. Afrikatik Iberiar penintsulara sartu zen bere gudarosteekin; hegoaldetik iparraldera jo zuen, bidean aurkitzen zituen herri batzuk akabatuz, beste zenbaiten lagun eginez, eta beste batzuei berebiziko aberastasunak eskainiz. Gure lur zaharretatik Frantziara igaro zen, gure arbaso batzuk bere gudarosteetan sartuz eta, Alpeak gurutzatuz, Erromako inperioaren bihotzean sartu zen, «Hemen natxok!» esanez. Zer izan ote zen gizaseme eta animalia haientzat, negu erdian elefanteei tiraka Alpeak igarotzea? 100 elefantetik soilik 30 iritsi omen ziren Erroma atarira; hildako gizasemeei buruz ez dugu daturik. Anibalek bere elefanteak erabiltzen zituen, parean zituen arerioak zapaltzeko; ez zen ikuspegi ederra izango lehen lerroan zegoen erromatarrarentzat, lauzpabost elefante bere gainera korrika zetozela ikustea. Elefanteak, ordea, izuak omen ziren, soinuekin batez ere. Eta, zer da arriskutsuagoa, hamar elefante kontrako norantzan korrika hastea baino? Askotan buelta ematen omen zuten, norbere gudarostearen kontra joz. Elefanteak, ordea, ez ziren piloto automatikoarekin joaten gudara, gizon bat ematen omen zuten gainean, txikitan elefantea hezteaz arduratzen zena. Ez ziren makalak gizon haiek, ia- ia, herriko festetan pottoken gainean jartzeko ausardia duenaren parekoak!

Historian apur bat aurrera eginez, Bigarren Mundu Gerrara joan behar dugu, lehen aldiz usoak erabili omen baitzituzten gerrarako. Ez ziren arerioaren begiak zulatzera joaten, bonbak eramaten omen zituzten. Egia esan, nahiko kontzeptu sinplea da: usoak aspalditik erabili izan dira mezulari moduan, beraz, mezu bat eraman ordez, bonba txiki bat jartzen zitzaion uso koitaduari. Usoek kilometro asko egiten dituzte hegan, altuera handian eta erabateko isiltasunean. Irudikatu leherkari bana duten ehunka uso, gauaren isiltasunean, zure gudarostearen kanping dendan kokatzen badira. Uso leherkarien erabilera gutxitu egin zen, uso hauek, noizbehinka, eguraldi eskasa ikusten bazuten, bide erdian etxera bueltatzeko joera omen zutelako.

Bigarren Mundu Gerran tankeak suntsitzeko arma bikain bat asmatu zuten errusiarrek: zakur leherkariak. Ehiza zakurrak tankeen azpian leherkari bat uzteko entrenatzen zituzten, ostean zakurra berriro jabearengana bueltan itzultzeko, leherkaria lehertu aurretik. Erraza da belardi zabal batean, baina, guda baten erdian, zakur haiek izutu, eta jabearengana bueltatzen omen ziren, etxeko goxotasunera… leherkaria gainean zutela.

Gudak utzita, eta zakurrekin jarraituz, gurean oso arrunta den erabilera bat nik alferrikako-zakurrak deitzen diotena da; animalien erabilera berezi, krudel baina normalizatuaren adibide garbia. Badira gure lur maite hauetan, atarian haritz bat duten baserriak, haritzaren alboan iturritxo eta aska bat dutenak eta, alboan, dekorazio elementu bat gehiago bezala, katean loturiko zakur bat. Zakur horrek ez du egunean hiru aldiz paseatzen; ez da baserri inguruko eremuetan jolasean aritzen; ez du jabearen mimorik jasotzen. Soilik katean egotera kondenatuta dago. Sarritan kateak bere lepoko ileak ezabatzen dizkio, urradurak egin eta infekzioak sortu. Zaunka bakarrik egiten du, zaunka bortitz bat, munduarekin eta tokatu zaion bizitza krudelarekin haserretuta.100.000 zaunkaren ostean, egun batean gaixotu, eta jabeak, bere bizitzan behin, askatu egingo du, eta biak paseoan joango dira. Hori izango da zakur koitaduaren azken ibilaldi bakarra. Horren ostean katean geratu den hutsunea, beste txakurtxo batzuek beteko dute.

Benetan animalien erabilera berezia dugu hau, normaltzat jotzen dugun arren.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!