Animalia bat preso

Erabiltzailearen aurpegia Jon Ander Galarraga 2019ko ots. 16a, 09:00

Joan gaitetzen gure historian atzera, 1983ko uholdeak baino atzerago, Espainiako Gerra baino askoz ere atzerago. Joan gaitezen orain dela hamar mila bat urte ginenera.

Bi hanken gainean ehizan, eta aurrena harrapatzen zuenak jaten zueneko gizaki biluzi gajo haien garaietara; gu baino ekologikoago, bertakoago eta naturalagoa jan, eta hogeitamar urterekin hiltzen ziren garaira. Zero eta bi urte arteko adin tartea heriotza gehien izaten zen adin tartea zen garaietara, infekzio sinple batek, astebetean, oinaze gorrian, gizakiak heriotzara eramaten zituen garai natural haietara. Ez zegoen minbizirik ez, ez baitzegoen minbizia garatzeko denborarik. Inork ez zuen alzheimerrik eta horrelako gaixotasun modernorik, inork ez baitzuen berrogehi urteren muga igarotzen. Gosea pasatzen zuten eta gosez hiltzen ziren, garai zoragarriak gure espeziearentzako, amalur oparo eta berdean bizi ziren primate arraro koitaduentzako.

Oso urruneko garaiak diruditen arren, orain gutxi pasatutako garaiak izan ziren, bestela, begiratu zure gorputzari. Zure sabelaren parean duzun gantz geruza mordo horrek, zure ahaide urrunei negua igarotzen lagundu zien, gaur egun zuri osasun arazoak sortzen dizkizun arren. Zure ahaide urrun horiek oso aktiboak zirelako zaude zu, orain, gimnasio batera joatera kondenatua, zure giltzadura guztiak bertan erdoiltzea nahi ez baduzu. Eta orain modan ipini berri den bizar horrek, garai batean, beste gizaseme-alabei, beren osasun egoera eta esperientziaren berri ematen zieten. Beraz, ene irakurle fidela, orain 10.000 urte bizitzeko egina zaude… Eta hementxe dago arazoa, giltzapetutako animaliak garela.

Bartzelonara egin nuen bidaia batean, bertako zooko albaitaria ezagutzeko aukera izan nuen. Animalien psikologoa zen, pertsona interesgarria benetan. Bartzelonako zooko animalien osasun mentalaz arduratzen zen, izan ere, zooko animaliek osasun mental arazo larriak izan ohi dituzte, zooan gorila bat bazkaria jaten ikusteagatik euroak ordaintzen dituen jendearen aurrean hau onartzen ez duten arren. Albaitari horren hitzetan, ugaztun harrapari handiek lehoi, tigre eta bestelakoek, asko sufritzen omen dute zoo batean, nahiz eta zoo horretan jaiotakoak izan, egunero janaria eduki eta espazio nahiko handian bizi. Izan ere, harrapari handiak horixe dira, harrapariak, eta harrapariak ehizatzeko diseinatuta daude, bai gorputzez eta bai adimenez. Zooan bizitza erosoa izango dute, mimoz tratatuko dituzte, baina harrapari horiei zerbait falta zaie barruan. Zooetan garatzen ari diren programa berritzaileek harrapari handiei ehiza egiten uzten diete, janari zatiak bota ordez bizirik dauden untxia eta bestelako animaliatxoak askatuz, harrapariek atzeman eta ehiza ditzaten; azken finean, benetako harrapariak izan daitetzen. Hartza bezalako animalia orojale eta ibiltariei, partzela zabal batean, hainbat janari mota ezkutatzen dizkiete, hartzek usaindu eta bila dezaten, naturan egiten dutenaren antzera. Modu horretan, animalia horiek basati izateko aukera apur bat dute, eta horrek beren osasun fisikoan eta mentalean eragin positiboa du; ez ahaztu horretarako eginak daudela.

Gauzak horrela, zuk, primate arraro horrek, korrika eta ehizan aritzeko gorputz eta burua duzun horrek, zenbat animalia ehizatu dituzu gaur? Zenbat kilometro egin dituzu elikagai bila? Ilundu duenean sartu al zara lotara? Zein ordutan esnatu zara? Zein da zure telebistako programarik gustukoena, sofan eserita ikusteko? Noizbait sentitu al zara aspertuta, gogorik gabe, gizen eta geldo? Pilularik hartzen al duzu kolesterola, depresioa eta bestelakoak neurrian mantentzeko?

Ez ote gaude lau pareta dituen zoo zahar batean eserita? Noiz etorriko dira gure zooko zaindariak, guri ere garen animalia izaten uztera, egunean behin?

Egokituta al dago XXI. mendeko gizakia, XXI.mendeko bizimodura?

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!