Bizitzaren azeleragailua

Erabiltzailearen aurpegia Jon Ander Galarraga 2019ko urt. 20a, 12:59

Ez naiz autoetan aditua, baina badut gidabaimena eta, agian, berotuz gero, autoaren aurreko kristalaren garbigailuak aldatzeko gai naiz. Eskuinean zapaltzen dena azeleragailua dela ere badakit, eta horrek abiadura handitzen duela.

Azeleragailu hori gizakiaren asmakizuna zela pentsatzen zenutenok, baduzue orain zer pentsa, zeren, azeleragailua orain dela milioika urte bizidunek asmatu bait zuten, eta hari esker zaude, zu, primate arraroa, egunkari bat hartu eta betaurrekoen atzetik irakurtzen.

Imaginatu lehen Lur planeta hura, itsasoz josia, tenperatura epel eta gozoduna, baina ia bizidunik gabe; itsaso bero ia hila, zelula txiki soil batzuekin, salda bero hartan igerian. Saldan agertzen diren arrautza egosi zatitxoen moduan, gora eta behera. Zelula haiek inguruko beste zelulen hondakin eta hildako zatiak jaten zituzten eta, tamaina potoloa hartzen zutenean, bitan banatzen ziren, eta hara: bi zelula sortzen ziren. Eta, milioika urtean horrelaxe jarraitu zuten; nahiko bizitza aspergarria, egia esan, itsaso epel batean, zure berdin-berdinak diren beste zelulekin igerian. Apur bat, igandean, arratsaldeko zazpietan, tabernatan egoten den giro moduko bat, denborari begira, astelehen madarikatuaren zain. Beraz, itsaso aspergarri hura, zelula berberez josita zegoen. Hala ere, bizitzak akatsak egiten ditu eta, tartean, zelula batetik bi zelula berdin-berdin sortu ordez, bat ezberdinxeagoa atera zitekeen, adibidez: besteak baino handiagoa, janari gutxiagorekin biziraun zezakeena edo, atzekaldean, ziztu bizian igeri egitea ahalbidetzen zion isats bat zuena. Berrikuntza horiek, gehienetan, ez ziren egokiak eta pairatzen zituen zelula gizarajoa hil egiten zen segituan. Baina, tartean, abantaila eman zion berrikuntza bat izan zen, eta zelula hori ugaldu egin zen, bere moduko zelula arraro gehiago sortuz, eta itsaso epel klonikoari bizitasun bat emanez; txuleta baten gainean topatzen duzun ustekabeko gatz alearen moduan.

Egun batean, orain milioika urte, noski, zelula bat, Joxe deituko dioguna, beste batengana hurbildu, Marikruz deituko diogunarengana, eta esan zion: «Nahik al ditun nire gene batzuk probatu?». Eta, Marikruzek, baiezkoa eman zion. Hori, historiako lehen ligoteoa izateaz gain, sexuaren asmakizuna izan zen. Zeren, Joxeren geneak eta Marikruzenak nahastu egin ziren eta, bat-batean, Euxtakio zelula txikia jaio zen, ez Joxeren, ez Marikruzen antzarik ez zuena, erabat ezberdina, itsaso kloniko hartan. Elkartruke edo lehen praktika sexual, hura milaka aldiz egin zen, geneak koktel batean nahastuz eta, Euxtakioren ostean, beste milioika zelula txiki sortu ziren, guztiz desberdinak. Batzuk, beren ezaugarri berritzaileekin, segituan hil ziren, baina, gutxi batzuk, ezaugarri abantailatsuz josita jaio ziren, eta ugaltzen hasi, ezberdintasun horiek gehiago areagotuz, itsaso berdin hartan. Pare bat milioi urteren ostean, itsaso aspergarri kloniko hura, larunbat gaueko Tolosako taberna bat bihurtu zen, eta aldakortasun haiek lehen animalia eta landareak sorrarazi zituzten; eta horrekin, dakigun bezala, lehen intsektu, arrain eta gu bezalako bizidunak, oso denbora gutxian.

Sexua ez bazuten asmatu, aldakortasun horiek sortzeak denbora asko emango zuen, baina, sexuarekin, geneak elkartrukatu, nahastu eta jirabiratuz, posible zen aldakortasun mordoa gertatzea. Eta aldakortasun haietatik sortu zen, gaur egun ezagutzen dugun Lur planetako bizitza.

Beraz, beldurrik gabe esan dezakegu, sexua bizitzaren azeleragailua izan zela, bizitzari aldakortasuna eman ziola, eta aldakortasun horren seme-alabak garela.

Horrenbestez, modan dagoen alderdi voxkatu batek, liburu sakratu batek nahiz beltzez jantzitako gizonek sexua txarra eta ekidin beharrekoa dela esaten badizute, ez egin kasurik, eta eman azeleragailua zure bizitzari, horri esker gaude-eta, zu eta ni, primate arrarook, mundu honetan… Eta ez liburu batek dioenagatik!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!