Elkarrizketa horietatik konturatu naizena da, gizarteak bizidunekiko duen ulermena nahiko okertua dela. Kalean topatzen duzun jendearen ehuneko handi batek, bizidunak historikoki perfekziorantz doazela pentsatzen du. Espezieak etengabe hobetzen doazela eta etengabeko bide horretan soilik hoberenak, indartsuenak, adimentsu eta azkarrenak aurrera ateratzen direla eta ia ezinezkoa zaie ulertzea, inteligentzia gutxiko animalia bat milioika urteetan zehar egon ahal dela gure planetan bizitzen, gu baino arrakasta handiago izaten eta ziurrenik, guk planeta hau birrintzen dugunean bizirik jarraitu duela urteetan zehar. Bizidunak ez doaz perfekzioranzko bidean, soilik bizirauteko bidean doaz, berdin dio nola, soilik bizirautea eta ondorengoak izatea. Hemen adibide bat guztia ulertzeko.
Imajinatu badugula txepetx ar bat, gaztea eta dotorea, habia ederrak eta ugari egiteko gai dena, gaztetasunaren indarrez betea dago, urte bikaina igaro du eta oso osasuntsu dago. Luma bizi eta mokoa prest dago. Badakigu, txepetx arrek, habiak egiten dituztela emeak konkistatzeko, eta ez badakizu datu hau, irakurri idatzi nuen txepetxari buruzko artikulua. Gure ar eder honek hamar habia bikain egin ditu, non, bakoitzera eme bat hurbildu den, hamarretik hamar, euskal ligoteoaren errekorra da. Behin bere emeak habietan prest dituenean, bere lumak apaindu eta emeak ugaltzera doa habiaz habia banan-banan.
Baina hortik bueltan, aztarrika, beste ar bat badago, ar gizajoa deituko dioguna, non hegan egiteko arazoekin jaio zena, beraz bere bizitza osoan ez da hain ongi elikatu eta bere osasuna ez da ona, mugitzeko arazoak ditu eta soilik habia ziztrin oker bat egiteko gai izan da aurten. Ia erorian dagoen baserri bat dirudien habia honetara ez da etorri inongo emerik eta ar gizajoa, emerik gabe geratu da. Hotzean pentsatzen jarrita, txepetx espeziearen onerako, hobe ar gizajo hau ez ugaltzea, zeren bere ezaugarriak ez dira egokiak, hobe ar osasuntsua ugaltzea espezie osasuntsu eta bikain bat izaten jarraitzeko etorkizunean.
Baina zer gertatzen da ar gizajoa, ar osasuntsuaren lanaz baliatzen bada? Ar gizajoa, gizajoa izango da baina agian ez da inozoa. Eta ar osasuntsua, lehen emearekin Alegiako Bulebarrera begira duen habian, xirrikerietan ari den bitartean, ar gizajoa, emez beterik dauden beste arraren habiak bisitatzera joango da, ziurrenik buruan maskara beltza jantzita. Banan-banan habia guztietan sartuko da, supergaizkile bat balitz bezala eta bere super abiadura erabilita, super gainka azkar bat egingo die eme bakoitzari, emea erdi lo dagoela, eta ar osasuntsua lehen emearekin nahaspilatuta dagoen bitartean. Hurrengo egunean, ar osasuntsuak, bere bigarren, hirugarren... eta hamargarren emea bisitatu duenean, denek pikutara bidaliko dute, jada ernalduak egonik bigarren ar batentzako gogorik ez baitute. Ar osasuntsuak, saiatzen jarraituko du, baina emeek behin eta berriz atzera botako dute.
Hilabeteak pasako dira eta ar osasuntsuak zer pentsa izango du bere eme guztiak arrautzak erruten ikusten dituenean eta kumetxoak ateratzen hasten direnean, bere kalkuluen arabera, soilik eme batekin egon zen eta hamar eme ditu ugalduta. Baina edozein espezieko arrak bezala, bere burua engainatzen hasiko da, agian kalimotxo gehiegi edan zituen gau horretan… agian uste zuena baino eme gehiagorekin egon zen… eta azkenik, eme horien kumeak bereak direla onartuko du, bere ar arrakastatsu izatearen harrotasuna erakutsiz.
Ar gizajoa bestetik litekeena da hurrengo asteetan hilda egotea, osasun egoera txarrak eta nola ez, esfortzuak eraginda. Baina ar gizajoak bederatzi eme ugaldu ditu eta ar osasuntsu, labeldunak soilik bat. 1-9 ar gizajoaren alde. Txepetxen paradisuan irribarre batekin egongo dela, egin duen «gaixtokeriaz» harro!
Eta hemen ehunka aldiz errepikatuko den adibide bat, beti ez da osasuntsu, dotore, indartsu eta harroena gailentzen, askotan, ezkutuan, iluntasunean, gizajo izena duten arrakastatsu asko agertzen dira eta nola ez, beren kumeak ere honelakoak izango dira, gizajo arrakastatsuak!