Oilategiko sekretuak

Erabiltzailearen aurpegia Jon Ander Galarraga 2018ko aza. 24a, 09:37

Baserriko animalietan bada bat, historikoki bigarren mailakoa izan dena eta ez duena jende artean interes berezirik sortzen, hau oiloa da. Oilo bat ez da izan gurean berebiziko festa pizten duen animalia, grina gehiago pizten digu txahal jaio berri batek edo arrantzaka hurbiltzen zaigun astotxo batek, oiloek ez! Oiloak ematen duen jokorik handiena, arrautzak biltzea edo goizean oilarrak egiten dituen «kakarakak!», bestela ezer gutxi.

Baina gure ekokulturaren txoko polit honen helburuetako bat, interesik ez duena interesgarri bihurtzea denez, gaurkoan oiloen mundu misteriotsu eta dibertigarriaz hitz egingo dizuet. Hurrena zuen etxeko oilategira zoaztenean, ziur beste modu batean begiratuko diezuela gaur arte «koook!» egiten duten hegazti aspergarri horiei, goazen oilategiko sekretuak argitzera. Oilategia, oso ongi antolatuta eta neurtuta dagoen eremua da, oilo guztiek dute hierarkia bat oilategi barruan. Noski lehena oilarra da eta honen azpitik oiloen mailakatze oso-oso zehatz bat dator. Nola lortzen da mailakatze edo hierarkia hori? Mokokadaka.

Oilo batek besteari mokokada dezente eman ostean, batek amore ematen badu, bestearen azpitik geratzen da eta honela oiloek banan-banan beren lekua zein den jakiten dute oilategian. Hierarkia honetan azkena geratzen denak beraz, aurrez beste oilo guztien mokokadak jaso ditu, apur bat Maritxalartarreneko Jaimeri gertatu zitzaion bezala, mokokada ugari jaso eta Borboitarren hierarkian azkena geratu zen, gizagaixoa erabat okertuta, oiloa baino bele itxura gehiagorekin. Hierarkia hau gainera oso dinamikoa da, gaur goian zegoen oilo bat, hurrengo astean behean egon daiteke, eta oilo berri bat sartu edo bat ateratzen bada, berriro guztia berrantolatu egiten da. Honekin ikusten da, nahiz eta oilategiko erregea oilarra izan, paraleloan beste hierarkia eta erregina ugarien arteko borroka dagoela. Hala ere, oilar bat bada oilategian, berau izaten da hierarkiaren puntan dagoena, baina bi oilar elkartzen badira, hemen ere lehia bat hasten da. Hasieran elkarren parean ipintzen dira, bata bestea baino handiagoa dela erakutsiz eta nolabaiteko «jo ta akatukoit…» elkarri esanez.

Oilar guztiak ez dira berdin

Apur bat larunbat gauetan, alkoholez bustitako eta testosterona soberan duten bi Homo Spaiens arrek egiten dutenaren antzera. Zenbat aldiz ipini ote gara tabernaren kanpoan mota honetako bi arren arteko hitz-lehia ikusten, «heltzen bait lepotioken…», «jata txikitukoit…», eta azkenean, «argi ibili hai!» eta biak taberna zulora! Errentagarriagoa baita beti ere ordu txikitan lehian egon ordez, eme bila ibiltzea! Oilarrekin ere antzeko gertatzen da, gorputz hizkuntza eta kakaraka soinuen ostean batek bestea kikiltzen du, baina bien artean berdinketa baldin bada, muturjokak hasten dira eta berdinketa hau apurtu arte honela jarraitzen dute eta guztia oilo emeen kontrola izateko.

Baina dirudienez, oilar guztiak ez dira berdinak eta izaeraren arabera, lau oilar motak daude sailkatuta. Litekeena da oiloetan aditua den biologo bat ibili izana oilarren izaerak aztertzen, hauei buruz idazten eta honengatik soldata xume bat jasotzen, zenbat ordu egin ote ditu biologo honek oilategiko iluntasunean oilarrei begira?

Lehenak oilar motak, oilar diplomatikoak dira, hauek ez dute mokokadetara jotzen ez bada beharrezko, eta oso modu lasaian eramaten duten oilategiaren kontrola. Bigarren oilarrak guztiz kontrakoak dira, oilar oldarkorrak dira edo nire etxean esango genukeen bezala «xexianteak» dira, hauek guztia kolpe eta mokokadaka konpontzen dute. Hirugarren oilar mota, oilar gizarajoak edo nire kuadrillako batek dioen bezala, «gixaxoak» dira, mokokada ugari jasotzen dituzte eta sarritan oilategian beste oilar baten mendean bizi direnak eta azken hauen azpitik, gezurra dirudien arren, laugarren oilar mota bat dago: oilar zonbiak, izena eman diet, zeren jasotzen dituzten mokokada ugariren ostean, oso gutxi bizi diren oilarrak dira.

Beraz, izaerak eragina izan ohi du oilar batek oilategian izango duen bizitzan.

Oilategia beraz, misterio eta tronu jokoez osatutako eremua da, oiloak gauean oilategian sartzen direnean, beraien kook-kook txikien artean, hurrengo egunean mokokatuko duten hasiberriaz ari dira pentsatzen, ez fidatu oiloez!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!