Bertsolari eta biologoa

Erabiltzailearen aurpegia Jon Ander Galarraga 2018ko urr. 20a, 11:28

Bada bertso zoragarri bat, Pedro Mari Otañok 1932an idatzi zuena, edozein biologo hasi berrik irakurri beharrekoa. Otañok, bertso hauek, txepetxari botatzen dizkio, espezie baten deskribapen zehatz bat bertso bidez egin daitekeela erakutsiz. Bide batez ere, garai bateko gizarteak inguruko bizidun ezagutza bikaina zuela berretsiz, zoritxarrez gaur egun galdu duguna.

Bertso hauen arabera, txepetxa, gurean dugun «hegaztirik langileena omen da, inurria eta erlea baino are langileagoa, itxuraz gaztaina kolore eta ez oso polita, hegalari xalapartaria eta gorputz motx eta txikia». Dirudienez, Otañok ez zuen txepetxa, paradisuko hegazti eder bat bezala deskribatu, nahiko txori txiki arrunta bezala baizik. Habia egiten udaberriko lehen hegaztia dela esaten du, bi zuloko habi oso ikusgarria, askotan zuhaitzen enborretan ageri dena, habia hain bistan uztearen atrebentzia horregatik, «arreta gabeko txoria» dela dio azken bertsoan. Baina zer zekien bertsolari honek txepetxaz? Egia al da txepetxari buruz dioen guztia? Ea txepetxologoek zer dioten.

Lehenik eta behin esan, txepetxa bezalako izen politeko txoria, benetan itxuraz ez dela oso polita, honetan arrazoia zuen Otañok. Kolore marroi ilun bat du, arrak ez du inongo luma ikusgarririk emeak erakartzeko, eta bere isats luzanga eta tenteagatik ez balitz, txepetxa oso hegazti marroi arrunta da, horrez gain ez du kantu nabarmen bat, beraz, txiki eta borobil ponpoxoa ez balitz, guztiok 'txorie' deituko genioke eta Otañok ez zizkion bertsoak egingo.

Txepetx ar, txiki eta kolore bizirik gabekoarentzat beraz, ez da erraza bikotekidea bilatzea. Zer egiten dute orduan txepetx arrek bikotekidea bilatzeko? Ba… hegazti txikien munduko arkitektorik onena bihurtu! Txepetx ar gizarajoa, emea bilatzeko hamar habi egiteko gai dira, gainera, inguruan zenbat eta ar gehiago egon, arrek lehia handiagoa dute, eta orduan eta habi gehiago eta hobeagoak egiten dituzte. Apur bat, Tolosako larunbat gauetan Homo sapiens ar gazteekin gertatzen den bezala, nork handiagoa egingo, bat tabernako barrara igotzen bada, bestea kanpoko farolera igoko da… eta guztia, emeak erakartzeko noski!

Txepetx arrak ere antzeko zerbait egiten du, ar batek lau habia eder egiten baditu, beste arrak bost egingo ditu eta beste ar bat badator, honek sei eta seiak txoko goxo eta politenean eraikiko ditu, batzuk Ikeako altzariak eta guzti ipintzen omen dituzte. Eta behin, ar guztiek beraien habiatxoak eraikita, hantxe datoz emeak, habi gustukoena aukeratu eta bertan sartzen dira, zorioneko arrari deika. Ar batek habia ederrak eta egokiak egin baditu, bere habi bilduman, agian hiruzpalau eme izango ditu, alboko arrak bat ere ez duen bitartean. Beraz, habiak egiteko abilezia saritu egiten da txepetxaren munduan, eta eraikuntzarako berezko gaitasuna duten txepetxak askoz gehiago ugalduko dira.

Goroldio, adar eta belarrarekin egindako habi txiki borobil honetan, txepetx emeak sei arrautza inguru ipiniko ditu, orraztu gabeko lumak dituen txito itsusi bat jaioko da arrautza hauetatik, non urte baten barruan, txepetx heldua izango den. Txiki eta ahula dirudien arren, inguru berrietara egokitzeko gaitasun handia duen hegaztia da, sastrakadiak, belardi zabalak, baso itxiak zein hiriguneetan oso erraz moldatzen da, jateko orduan nahiko dieta askotarikoa baitu, adibidez, ur eremuetatik gertu bizi diren txepetxek, arrain gehiago sartzen dute beraien dietan, belardietan bizi direnek ordea, intsektuz elikatzen dira gehienbat, eta garai txarrak edo hotz handiko urteak badatoz, haziak jateko joera du hegazti honek, beraz bere txikitasunean, ingurumenaren aurreko borrokalari bikaina dugu txori itsusi borobil hau.

Bukatzeko bere izen zientifikoaren txantxa dago: Troglodytes troglodytes. Izen beldurgarri honekin, kobazuloetako hartz handi bat ematen duen arren, izen hau, txepetx talde batzuek, kobazuloetan bizitzeko duten joeragatik datorkio. Eta euskarak ere baditu izen politak hegazti honentzat, guztiak «tt» bustidura polit batekin: aiñarrapiterra, amiaputika, epetxa, epetxopita, larrepittitta.

Txepetxak, hegazti marroi txiki eta arruntak ingurumen latzaren aurrean eusteko abilezia erakusten digu, beraz, marroi, xinple eta arruntak garen gizakiok ere badugu zer ikasia txori txiki ahul honetatik… izan txepetx!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!