Nork ez ditu ikusi bide ertzean bele taldeak gariz betetako kamioitik erortzen diren gari aleak jaten? Hirietan bizi diren bele talde urbanitek berriz, beraien elikatzeko sistema erabat aldatu dute, eta semaforoak erabiltzen dituzte elikatzeko. Edozein hegaztirentzat, fruitu lehor bat oso elikagai iturri interesgarria da, gantz ugari ditu leku txiki batean kontzentratuta, gainera garraiatzeko errazak izan ohi dira eta ale ugari eraman ditzakete esfortzu gutxirekin. Arazoa da, fruitu lehorrek azal gogor bat izan ohi dutela eta azal hau kentzeak kostu energetiko handiak dituela, bestela galdetu sagardotegietan ipurdi zein buruarekin intxaurrak apurtzen dituzte artixta horiei.
Askotan, energia kostuei begiratuta, ez da errentagarria intxaur bat irekitzen gastatzen den energia intxaurrak emango duen elikagaiekin alderatuta. Baina, hara belearen zuhurtzia. Belea intxaur bat ahoan, semaforo baten gainean ipintzen da, intxaurra semaforo gorrian zain dauden autoen aurrera botatzen du eta hauek berau zanpatu, apurtu eta gero barneko elikagai gozoa jaten du.
Zientzia fikzioa dirudien arren hau gaur egun hiri askotan ikusten den jokamoldea da eta dirudienez, beleek belaunaldietan zehar ikasi egiten dute eta bele batek hau beste hiri batean egiten badu, bertako beleak ere elikatzeko modu hau egiten hasten dira. Hegazti beltz hauek, nolabaiteko erremintak, kasu honetan autoak, erabiltzen dituzte eta are gehiago, jakintza hau beste beleengana esportatzen da!
Beraz, argi ibili beleekin.
Marokoko ahuntzak
Bada beste animalia ezagun bat, non jokaera xelebre bat eginda uda lehorrak bizi irauten ikasi duen, Marokoko ahuntzez (Capra sp.) ari naiz. Ahuntz marokoar hauek, gure ahuntzaren antzekoak dira, ziurrenik gose eta egarri gehiago pasako duten arren, izan ere, Marokon uda oso lehorra da. Belardi guztiak ondar xehe moduko mendi soil bihurtzen dira eta ahuntzek gosea pasa behar. Bada ordea, Argan (Argania spinosa) deritzon hamar metroko zuhaitz bat, ekain lehorrean fruitu zukutsuz josia egoten dena eta marokoar ahuntz hauek fruitu hauekin elikatzen dira…
Nola? Hamar metroko zuhaitzetara igoz. Badakigu, ahuntza eta bere familiako espezieak, harkaitz eta oso irristakor diren eremuetara igotzeko oso ongi egokituta daudela, eta egokitzapen hau erabiltzen dute zuhaitzaren adarretara igo eta bere fruituez elikatzeko.
Dirudienez ahuntz talde osoak igotzen dira zuhaitzetara eta nahiz eta Maroko hegoaldeko jendearentzat nahiko arrunta den hau ikustea, gutako edozein erabat liluraturik geratuko zen, buruan ahuntz kaka bat erori eta gora begiratu ostean, lauzpabost ahuntz zuhaitzaren puntan usoen moduan topatzean. Baina neu biologo izan da, beste bira bat eman nahi nioke joera honi… Zer gertatuko da hemendik milioika urtera? Erraz ikus daiteke zuhaitzetara igotzeko ahalmen eta burutazi hau benetan abantailatsua dela ahuntza hauentzat eta zenbat eta zuhaitzetan ibiltzeko abilezia handiagoa eduki, gehiago jango duela batek. Litekeena da, ahuntza txiki eta arinenak erraztasun gehiago izatea zuhaitzetara igotzeko eta adar meheenetara iristeko, isatsa luzeena duenak ere abantaila izan dezake, hau erabili ahalko luke oreka mantentzeko, horrez gain adardura txikia izatea ere ongi etorriko zen zuhaitzen adarretan ez trabatzeko eta mihi luze eta malgu batekin, asko mugitu gabe fruitu gehiagotara iristeko.
Hemendik milioika urtera gauzak berdin jarraitzen badute eta gure planeta maitea lauzpabost leherketa nuklearrez ez badugu pikutara bidaltzen, zuhaitzetako ahuntza txiki, isats luzedunen belaunaldi bat ikusiko genuke, zuhaitzen adarretik saltoka urtxintxaren pare.
Eta diodanak, biologo ero baten hausnarketa bat dirudien arren… gu ere ez oso gutxi, zuhaitzetik behera jaitsi eta bi hanketan ibiltzen hasi zen tximu arraro bat ginen.