Harro egoteko akatsa

Erabiltzailearen aurpegia Jon Ander Galarraga 2018ko api. 21a, 10:47

Akats batekin jaio nintzen, akats genetikoa deritzonetako bat. Nire X kromosomaren mutur batean, gene bat ez dabil ondo eta horrek begietan «akromatopsia» deritzon gaixotasun bat sortzen dit, ez duena sendabiderik eta nire bizitza osoan pairatu beharko dudana. Gaixotasun hau, gaixotasun genetikoak kontuan hartuta, ez da oso larria, eta «daltonismo» izenarekin ere ezagutzen da, oso laburki koloreak bereizteko zailtasun handiak ematen dizkit.

Kolore bikoteak ezin ditut bereizi, adibidez, askotan berdea eta gorria bereiztea ezinezkoa zait, ez eta urdin eta morea ere, ezta ere berde iluna eta marroia, are gutxiago gris eta arrosa. Horrez gain, kolorea zenbat eta urrunago egon, orduan eta zailagoa zait kolorerik errazena ere bereiztea. Eta zer esanik ez larunbat gauetan garagardo bat baino gehiago edanda banoa. Honela esanda nahiko dibertigarria dirudien arren, hiru urteko ume txiki harentzat ez zen batere dibertigarria izaten Plastidecor kaxa baten aurrean zer egin ez zekiela jartzen zenean, bere gelakideak jo eta ke margotzen ari ziren bitartean. Ez zen izan dibertigarria, erlijioa ematen zigun moja koittaduari ama birjina, espaziotik etorritako extralurtar bat bezala margotu nion eguna, eta horrek ekarritako ondorioak. Ez zen izan ez dibertigarria, «haur honek arazo bat dauka buruan» esan zutenean, edo «apur bat inozoa da» ziotenean. Eguberritan beti izaten zen izebaren bat Plastidecor kaxa eta koloreztatzeko liburu erraldoi bat oparitzen zuena eta bere ilobatxoak oparia ireki eta nola estreinatzen zuen begira geratzen zena… azkenean «ume honek ondo ikusten al du?» galdetzen zion daltoniko txiki haren guraso bati. Egun pare batean, Plastidecor kaxa hura orri txurietan marrazkiak egiteko arkatza kaxa bihurtzen zen, beltza amaitzen zenean, marroi iluna, hura amaitzen zenean marroi argia...

Koloreak bereizten zailtasunak dituen batekin parez pare hitz egiterakoan ohartzen gara, gure gizartean koloreek duten garrantziaz. Gizartearentzat semaforoak berde, laranja eta gorriak diren heinean, niretzat goiko, erdiko eta beheko argiak dira, horregatik daltoniko batek semaforo batera inguratzean beti kotxearen balaztari ematen dio… badaezpada… ez baita erraza urrunetik argia justu non dagoen jakitea. Bosgarren mailan mapa fisiko eta politikoekin hasi ginenean, benetako amets gaiztoa zen arbelera ateratzea. Gure hezkuntza sistemaren mania bat baita, altuera ezberdineko mendi lerroak, berde mota askotatik hasi eta marroietako kolore ezberdinez irudikatzea. Zoratzekoa izan behar zuen, daltoniko txiki haren irakaslearentzat, haur haren liburua ikusi eta mendikateen mapa guztiaren koloreak, zenbaki sistema batez kodeturik ikusten zituenean. Bost mila metrotik gorako mendiak berde ilunez eta sei mila metrotik goragokoak marroi argiz? Bost mila metrotik gorak mendiek, «5» txiki bat zuten beraiek zeuden leku guztietan, eta sei milatik gorakoek «6» txiki bat… eta horrela mapa guztia zenbakiz osatu arte.

Zorionez daltoniko garenok ez gara gaixotasun honekin harri azpitik jaiotzen, zorionez aitonengatik jasotzen dugu gaixotasun hau eta daltonikook txikiak garenean erreferentziazko daltoniko bat badugu etxean, bai geuk eta bai gure familiak. Zoritxarrez ene aitona zena ez zen izan hezkuntza sistema baten produktu eta daltonikoa izateaz gainera, ez zuen eduki koloreen munduan gidari lanak egingo zizkion irakasle fin bat. Horregatik zituen berak, untxi eta ardi urdinak, horregatik txiste eskatologiko guztietan kakaren kolorea berdea zen eta horregatik eskatu zidan laguntza hiru urtetxo nituenean tomateak biltzera joateko. Geure familiaren liburu sakratuetan idatzirik geratu da, hiru urteko biologo daltonikoa eta ia ehun kilo pisatzen zituen bere aitona erraldoia, lau balde tomate berde bilduta etxera inguratu zirenekoa… baratzea tomate gorriz josirik utziz noski!

Nire zortzi hilabeteko alabatxoari begiratzen diodanean harrotasuna besterik ez dut ikusten akats horretan, biologo izanda, bai baitakit nire alabaren bi X kromosometatik batek daltonismoaren akatsa duen genea daramala, ene aitona zenaren bera, belaunaldietan barreneko bidaian nire alabatxoan agertu dena.

Badakit ere noizbait aitona izaten naizenean eta biloba mutiko bat dudanean, aukera asko izango dituela bere aitona bezala daltonikoa izateko, eta litekeena da bera ere noizbait bere gelaren ertz batean Plastidecor kaxa batekin topatzea. Ziurrenik orrialde zuri bat emango diot eta margo bakoitza arkatz moduan erabiliz dibertituko gara! Harro egongo baikara gure akatsaz! Azken finean, milioika akatsen ondorioagatik ari zara zeu ere egunkari batean hizki hauek irakurtzen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!