Bikotekidea bilatzeko. Zertarako bestela! Batzuk garai batean Lizartzatik Altzora oinez joaten omen ziren San Inazioetan, herriko plazako dantzaldian neskatan egiteko esperantzarekin, eta beste batzuk aldiz 7.000 kilometro egiten dituzte igerian, intentzio bera, esfortzu ezberdina!
Litekeena da, bizidunen munduan bikotekidea bilatzeko egiten den esfortzurik handiena izatea gure angulatxoena. Beste bizidunen ugaltzeko apustuak txiki geratzen dira angularen apustuaren aldean. Armiarma arrak, emearen bazkari izan ohi dira gainka egin ostean, ezer gutxi, milimetro gutxitako angulatxo gaixoak itsasoaren erdian duen bakardadearekin alderatuta! Hegazti arrek, emea konkistatzeko dantza eta kantu egin behar dutela? Emango nieke angulatxo gaixo hauek jasan behar dituzten 30 metroko olatuek ematen dizkieten dantzaldiak!
Behin jaio, itsaso azalerantz joan eta hortxe doa angulatxo jaio berria, Golkoko korronteetan barrena poliki-poliki gure kostaldeetara, urte oso bat igaroz. Korronte honetaz baliatzen da bidaiatzeko, izan ere bere isatsa ñimiñoak egiten duen indarra hutsaren hurrengoa da itsaso zabalean. Maratoi luze honetan, ez dute inor edukiko bide alboetan animatzen pare bat ikurrinarekin, gehienez, beraiek jatera etorriko den beste milaka arrain, milioika hegazti eta beraiek suntsitu nahi dituen ekaitz handiren bat. Behobiako lasterketa gogorra egin zaizula? Galdetu angulatxo politari zer den maratoi bat.
Urte osoa igaro ostean eta behin gure erreken atarira iritsi diren gutxiek, milaka bidean geratu baitira eta ez trago bat hartzen, norbaiten urdailean baizik… Jada tamaina «handia» daukate, hamar bat zentimetroko angulatzarrak dira. Baina gaixoek ez dute beren lana amaitu, ezta gutxiago ere! Orain angula hauek zain jartzen dira ibaia eta itsasoa elkartzen diren unean, izan ere ibaien beheranzko indarra gehiegi baita beren isats txikiarentzat, eta itsasoko marea igotzen hasten denean, itsasoaren bultzada erabiltzen dute ziztu bizian ibaian gora joateko. Diotenez ilargiak eragin handia omen du angulak ibaian gora abiatzeko momentuan, baita dagoen eguraldiak ere eta errekak daraman lokatz kopuruak, hori bai beti gauez egiten dute lan hau.
Talde handitan igotzen dira, guztiak batera eta bitartean errekan doazen elikagaiak jaten joaten dira, tamaina handituz eta kolore horizta bat lortuz. Momentu honetan angula jada ez da angula, hemen angila deitzen diogu eta kolore horizta izaten duenez, biologoek angila horia deitu zioten, zertarako burua nekatu izen berri bat asmatzen. Baina gure angila horia ez da bere bizitzaren erdira ere iritsi, oraindik 10 urte inguru ibili behar du errekan gora eta behera, zilar kolorea hartu eta angila zilarkara bihurtu arte, eta hemen bai, hemen jada ugaltzeko prest dago… Iritsi da angilaren unea.
Pentsa ezazue, 7.000 kilometro itsasoz egin, errekak korrontearen kontra igaro, bere kideak nola hiltzen diren ikusi, hamar urte itxaron ostean… Zer egiten duten angila zilarkarek? Ba berriro sargazo itsasorantz abiatzen dira… Ez galdetu zergatik, baina honi bai deitzen diodala nik, bizitza konplikatzea! Beste 7.000 kilometro bueltan, beste milaka arrisku, beste milaka olatu, ekaitz… Eta azkenik Sargazo itsasoa, berriro jaioterrira, ugaltzera. Eta hor hasten da festa, angula eme eta arrak, nahas-mahas luzanga lingirdatsu bat eginda, bazter guztietan elkar ugaltzen ahal duenak ahal duenarekin, ez jan eta ezer egin gabe, hemen ez dago txosnara joan eta tragoxka bat hartzeko denborarik! Azkenean angila hauek ler eginda, ahal duten guztia ugalduta, indarrik gabe bertan hiltzen dira, baina azken hatsa eman aurretik, emeek arrautza ugalduak ipintzen dituzte eta hor amaitzen da angulatxo txikiaren bidaia.
Angularen bizitza gogorra ikusita bi ondorio ateratzen ditu biologo xume honek; bata, angulen prezio altua angulen esfortzuaren parekide dela, beraz kiloa mila eurotan ordaintzea, merkea eta dena iruditzen zaidala. Bigarrena, eta garrantzitsuena, inor ez dadila kexa hurrengo asteburuan, bikotekidea bilatzearen artean huts egin eta gero, Tolosako taxi geltokian itxaron lerro luzea dagoela eta, Alegiara bidegorritik oinez etorri behar bada… Pentsa gure angulatxo gaixoez, haiek gustura hartuko lukete 10 kilometroko bidegorria!