Nire ilobak jakingo du bere birraiton-amonek baratze eder bat izan zutela Alegiko Berostegi auzoan, herri hau oraindik herri txiki bat zen garaietan, beraz badaki jada baratze bat nolakoa den eta zelako barazki mordoa ateratzen den lurpetik. Nire etorkizuneko ilobak ez dakiena da, gaur egun pikutara bidaltzen ari garen lur planeta honetako etorkizun ez oso urrun batean, ereiteko lurzorua faltako dela. Batetik giza populazio handiak guztia zementuz beteko duelako lurra, eta bestetik gero eta lur emankor gutxiago egongo delako, beraz, baratze arrunt bat izatea, benetako luxua edo ideia arraro izango da! Nire etorkizuneko iloba, eremu zabal, koloretsu, natural eta emankor bat ikusteko itxaropenarekin jaitsiko da autobus elektrikotik, bere birramon-aitonek ereiten zituzten porru, aza, letxuga eta tomateak zuzenean ikusi ahalko ditu. Baratzeko txoko batean tomate bat hartuko du eta usaindu ostean poltsikoan sartuko du, eta litekeena da matxinsalto bat edo bi topatzea, edo agian bere ordenagailuan ikusi zuen kir-kir bat!
Baina nire ilobatxoaren autobus elektrikoa ez da eremu zabal eta natural batean geratuko, Tolosako Usabal auzoan dagoen 136 pisuko eraikin handi baten parean baizik eta igogailu azkar bat hartuko dute 120 eta 121 solairuetara joateko. Solairu haietan ez dira bulegoak egongo, baratzeak baizik! Baratze hauek seguruenik zilindro erraldoi baten itxura izango dute, sagardotegiko kupel «inoxidableen» antzera, bata bestearen atzetik zuzen-zuzen ipiniak, eta zilindroaren erdian argiztapen artifizial handi bat egongo da, eguzki artifizial baten lanak eginez, zilindroaren barrualdeko paretak mota eta zapore guztietako barazki bertikalez josiak egongo dira. Ez dute lurrik behar, zertarako? Barazkiak eskegita dauden zilindroaren paretek, barazki mota bakoitzari dagokion ur eta elikagai konkretuak botatzen dizkio, ur eta elikagaien xahutzea ekidinez eta ekoizpena efizienteagoa eginez.
Nire ilobatxoari asko harrituko dio barazki haien formak, batez ere tomate karratuak ikusten dituenean edo tomateen ordez azenarioak ematen dituen tomate-landarea ikustean.
Izan ere, lur zorua hain eskasa izango denez, lurpean ateratzen diren barazki asko desagertu egingo dira eta hauen ordez edozer ekoitzi ahal duten superlandareak sortuko dituzte, hala nola, lore batetik azenarioa, patata edo errefautxoak ematen dituen superlandarea. Jada ez da azenariorik lurpean jaioko, guztiak landare baten adarretatik zintzilik egongo dira, txukun, garbi eta lurrik okupatu gabe. Baratze erraldoi zilindrikoak bisitatu ostean, nire ilobatxoari hazi bat zer den erakutsiko dio bata zuria duen ingurumen hezitzaile batek, eta honen ostean, baratze hauetan hazirik ez dagoela esango dio. Baratze hauetako edozein landareren adar bat hartu, hormonez betetako «ur magiko» batean sartu eta zilindroetan ipiniz gero, landare guztiz funtzional bat sortuko da, inongo hazi, ernalkuntza, lore edo intsektu polinizatzailerik gabe.
Honek pena handia emango dio nire ilobatxoari, zeren bere aitonaren aitonak erleak omen zituen Altzon, herri hau Goya sariekin famatu egin eta mega-hiri industrial bat bihurtu aurretik, eta benetako ilusioa egiten zion erletxoa bat tomate lore baten gainean ikusteak. Seguruenik eta aitonaren antza badu, nire ilobak barazki bat zuzenean dastatu ahal duen galdetuko dio ingurumen hezitzaileari, honek susto aurpegiarekin ezezkoa emango dio. Barazki hauek ongi garbitu beharko dira kontsumitu aurretik, gainean dituzten antibiotiko, plagizida eta bestelakoak ezeztatu, eta ostean hormona tratamendu batekin heltzea amaitu, koloranteekin kolore apur bat eman eta zapore artifizial bat gehitu ostean kontsumitu ahalko dira tomate gorri, eder eta karratuak.
Berriro ere nire ilobatxoa apur bat triste iritsiko da etxera, bere birraiton-amonen baratzearen argazkiak ikusiko ditu eta haiek oparitutako aitzurra eskuetan hartu eta etxe atzean geratzen den lur zati txiki batean zulo bat egiten igaroko du arratsaldea, aspaldian bere birraiton-amonek egiten zutenaren antzera.