Esaera zaharkeriak

Erabiltzailearen aurpegia Jon Ander Galarraga 2017ko urr. 21a, 10:54

Euskal esaera zaharren bilduma, munduko bildumarik aberatsena da dudarik gabe eta bertan bilduta duen jakinduria, lehen hezkuntzako liburuak egiteko erabili beharko litzateke. Eta noski, bizidunekin erlazio zuzena duen gure kultura maite honetan, esaera zahar ugaritan aurki ditzakegu animalia mota ezberdinak, eta animaliazaleak garenez, goazen egun batez euskal esaera zaharrak eta animaliak elkartzera, ea zer ateratzen den.

Lehen esaera eta ziur erabiliena, gurean ditugun bi hegazti beltz elkartzen dituena da, Zozoak beleari ipurbeltz. Zozoa eta belea ez dira erabat beltz diren hegazti bakarrak gurean baina esaera ez litzateke hain polit geratuko, Sorbeltzak beleari ipurbeltz esango bagenu. Beste hegazti bat, guri inposatu ziguten kristau erlijioaren ikono handiena dugu, usoa. Usoa zintzoa da, usoa xuri eta garbia da eta usoa erabili zuen Noetarreneko Noek lurra topatzeko itsasoan txintxorro batean animaliaz beteta galduta zebilen bitartean, beraz, usoarekin erlazioa duen esaera oro beti da ontasunaren adierazle: Kalean uso, etxean otso, nola ez, usoa ontasuna eta gure otso koitadua, gaiztoa eta basatia, urtero ehunka gizon akabatzen ditu otsoak gurean eta merezia du fama txar hori, ezta? Hala ere, zeinen gauza xelebrea, otsoa tiroz erabat ezabatu dugula gurean eta udazkenero ere usoei milaka perdigoi botatzen dizkiegula, bata hala bestea, beti perdigoiekin konpontzen ditugu gauzak gurean.

Otsoekin jarraituz, bada animalia honek ematen digun beste esaera bat Otsoak ere ez du bere haragia jaten, berriro ere animaliarik txarrenetan txarrena otsoa denez, otsoa bezalako animalia krudel batek ere ez duela bere buruaren aurka egiten adierazten digu esaera zahar honek. Etxeko animalien aipamenak ere ugariak dira gure esaeretan, batez ere lanerako erabiltzen direnak, adibidez zaldiak. Zaldi joan eta mando etorri diogunean, modu harroan joan eta umil bueltatu denari diogu, larunbat gauetan etxetik zaldi moduan ateratzen diren eta mando moduan bueltatzen direnentzako esaera bikaina!

Katuak ere oso aipatuak dira gurean, izan ere, katuak urtean milaka sagu kaltegarri jaten baitzituen gure etxeetan eta benetan maitatuak izan dira, Katurik ez dagoenean, saguak dantzan esaerak erakusten du katuek zuten autoritatea etxeko sukaldeetan, horrez gain, katuaren isatsaren neurria ere erabilia izan da gure esaera zaharretan, Gurean katuak buztana luze, besteena hala uste, dirudienez, garai batean buztan luzera ezberdineko katu arrazak genituen gurean. Are gehiago, katuak gaurko meteorologoen pareko animaliak izan ziren, eta euriteak atzemateko erabiltzen ziren, ondoko esaera honek argi erakusten duen bezala Katua aurpegia garbitzen, euria laster!. Baina meteorologo bakarrak ez ditugu katuak, oiloak ere tartean daude, nola ez! Oiloak hauts artean, ekaitza duzu artean esaten duen esaerak ederki adierazten digu oiloei eta katuei begira eguna igaroz gero, Meteosateko satelite garestiena ere alferrikakoa dela ekaitz eta euriak asmatzerakoan. Oiloekin jarraituz, heriotzarekin kezkaturik daudenen bekatarientzat oiloak dira luzaro bizitzeko jarraibideak, luzaro bizi nahi duenak, oilo bizitza eraman behar duela esaten du esaera honek: Munduan nahi duenak luzaro bizi, oiloekin ohera eta txoriekin jaiki, ez da harritzeko beraz, fraide eta apaizak urte askotan bizitzea, nahiko oilo bizitza eramaten dute eta! Eta oiloak erabiltzeko azkeneko modua larunbat gauak dira. Barra ertzean dabilen oilar batek dantzatzera gonbidatzen bazaitu eta ez baduzu gustuko Oiloek pixa egiten dutenean dantza egingo duzula esan eta kitto! Akabo oilarrak eta bere oilarkeriak.

Hegaztiekin jarraituz, gaur egun txantxangorriak estima handia du gurean, polita delako, txikia delako, xaltoka lirain ibiltzen delako eta euskararekin lotzen dugulako. Garai bateko esaera zaharretan ordea, txoritxo polit hau inozo hutsa bezala agertzen zaigu Txantxangorriak baina buru gehiago ez dik, txantxangorri koitadua, bere buruaren tamainak erabaki du bere adimena. Baina animalietan inozo izateko jaio dena astoa da eta Astoa zaldiz jantzi arren, beti asto! diogunean, erraz ulertzen da garai batean zaldiaren elegantzia, astoaren baldarkeriaren aurretik zegoela.

Esaera zaharren zopa erraldoi hau jaten bukatzeko, bada esaera zahar bat maitasun asko diodana eta nire etxean asko entzuna dudana Baratxuri, zazpi gaitzen kontrako janari! eta gurean «...eta zortzigarren gaitzarekin hil» gehitzen genion. Esaera zahar edo berri zale, ez utzi aitona-amonen esaera zaharrak iloben mihietan zahartzen!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!