Nik noski, baietz esan nien, komunitate autonomo ateo bateko eskola publikoan makina bat erlijio emana baineukan! Bibliaren aditua nintzela esan nien. Gizaseme pareak elkarri begira jarri ziren, begiradarekin «hau gurea dek!» esan zuten eta azalean Noe izeneko gizon bat zuen aldizkari bat eman zidaten, irakurtzeko esan zidaten, gainera, hurrengo asterako beraien elizara joateko gonbidapena luzatu zidaten.
Noe honen istorioa irakurri dut eta benetan harriturik utzi nau, eta gizakiaren historiako lehenengo biologo bezala izendatu dut, zeren ez zen makala gizon honek eta bere familiak egin zutena orain milaka urte. Istorioa ez badakizue ere, ba omen zen Noe eta bere familia txintxo eta elizkoia, non jenio nahiko txarra zuen jainko bati asko erregutzen zioten. Beste jendea festa eta zahagi ardoetan zebilen heinean.
Egun hauetako batean, herriko festak zirenean edo, jainko hau haserretu eta munduan lauzpabost meteorito bota ordez, dena urperatzea erabaki zuen, herriko festetako txosna eta guzti, berebiziko ekaitz luze batekin. Hau urtero gertatzen da Altzoko San Inazio jaietan, euria. Baina Noe hau hain zen elizkoia zeren jainkoak aurrez egin behar zuenaren abisua pasa zion eta ahal zuen azkarren txintxorro bat egiteko agindu zion. Eta bide batez animalia guztien bikote bat txintxorro horretan sartzeko, urak lasaitzen zirenean mundua berriz animaliaz betetzeko asmoarekin. Benetan jainko bromazalea izan behar zuen hark, berebiziko uholdeak sortzeko gai izan eta ez ote zen gai bada txintxorroa ezerezetik sortzeko? Bada ez. Noe gizagaixoak eta bere familiak egun luzetan txintxorroa eraiki zuten eta goiz batean munduko animalia guztien bikoizte bana sartu zuten bertan. Ahari bat eta ardi bat, behi bat eta zezen bat, zaldi bat eta behor bat, zakur bikote bat, uso ar bat eta emea, erle erregina eta ar bat, iñurri erregina bat eta ar bat, arkakuso ar-emea… horrela bi milioi espezietik gora.
Uretako animaliarik ez zuten hartuko noski, nahiko ur bazuten eta! Bestela non sartuko ote zituzten bi bale, bi kaxalote, bi orka edo bi marrazo? Hala ere, animalia hauek sartzea izango zen arazorik errazena, gero nola mantendu? Belarjaleak zirenei nahiko erraza izango zen janaria ematea, baina haragijaleak elikatzeko haragia behar zuten, beraz, salbatu behar ziren animaliez aparte, haragijaleak elikatzeko beste animalia gehiago beharko zituzten!
Edo agian jainkoak, pentsu magiko miragarri bat eskainiko zien eta denak hau jaten pasako zuten txintxorroko bidaia, litekeena da pentsu horrek elikagaiekin batera farmako lasaigarri bat edukitzea ere. Zaila izango zen bestela, sabanako lehoi eme gosetiari, alboan zuen zebra ez jateko konbentzitzea! Edo nola esan okil arrunt arrari, ez eramateko kakalardo ar bat oparitan bere emeari? Eta txintxorroko bidaia hau ongi joanda ere, behin lurra ukitu ostean, nolako lurra ote zegoen? Imajinatu basoz betetako lur zati bat topatzen zutela, non sartuko ote zituzten ipar poloko hartz bikotea?
Agian Noeren txintxorroa mundu guztian barrena ibiliko zen, beharrezko geldialdiak egiten eta animalia bikote bakoitza zegokion ekosisteman utziz. Eta behin munduko animalia bikote bana hartu, txintxorroan eraman, elikatu, beraien gorotzak kudeatu eta lurrean zehar animalia bakoitza dagokion eremuan utzi ostean, gero zer? Denok dakigu animalia bikote batekin ezin dela ezer egin, espezie bikote bat geratzen bada, hauen kumeen kumeak ez dira bideragarriak izango, anaia-arreben arteko kumeak baitira eta odolkidetasunak gaixotasun larri ugari sortzen ditu.
Adibide bat Iberiar penintsulako katamotza edo lincea dugu, hemen 100 katamotz zeuden eta diru publiko mordoa eta bakoitza leku batetik bestera eramanez lortu zen katamotzak apur bat burua altxatzea, 100 katamotzetik abiatuta! Pirinioetako hartz arrea 40 hartzekin zegoen eta Errumaniatik ekarri behar izan ziren hartz gehiago hartz populazio hau desagertzea nahi ez bazen. Nola birpopulatu ote zuten bada lur planeta osoa bitik abiatuta?
Hurrengo astean, jende adeitsuaren elizara noanean, beraiei galdetuko diet, ziur nonbaiten badaudela jainkoa, Noe eta uholde hura erregistratutako dokumentu fidagarriak! Edo bestela… ezer planteatu gabe, dena sinesten ote dute ala?