Etorkizuneko biologoei eskutitza

Erabiltzailearen aurpegia Jon Ander Galarraga 2017ko uzt. 3a, 09:03

Milioika ikasle iritsi dira jada selektibitate eta amaigabeak ziren urte osoko azterketen amaierara, zorionekoak zuek, ez azterketak bukatzeagatik, baizik azterketak egiteko zortea eta hezkuntza bat jasotzeko ohorea izan duzuelako, munduan beste milioika haur hezkuntzarik gabe, meategi zulo ilunetan hiltzen diren bitartean. Zorionekoak zuek azken aste hauetan egunero 6 ordu ikasi behar izan dituzuelako eta erabat estresaturik zaudetelako! Gaixoak.

Zuetako askok, horrenbeste estres bizi ostean, etsita, dena utzi eta «nonbait lanen hasiko nauk!» esanez eta ikasketak pikutara bidali nahi izan dituzue. Edo agian etsita zaudete ez duzuelako «nota media» eman eta ezin izan duzuelako zuen ametsetako fakultatera iritsi. Baina zuen artean badaude, batezbesteko nota bikain bat atera duten talentuak, edozein herrialdetako fakultaterik hoberenetara iritsi ahal dutenak, ingeniari dirudun, mediku famatu edo arkitekto berritzaile izateko soberako ahalmena dutenak… baita biologo izatea erabaki dutenak.

Unibertsitatera sartzeko orritxoan hiru ikasketa aukeratu behar dira, eta badira oraindik, lehen postuan Biologian lizentziatua ipintzen dutenak, bigarren postuan Medikuntza eta hirugarrenean Ingeniaritza industriala utziz. Hotzean pentsatuta, beraien garun pribilegiatua, fama txar eta etorkizun gutxiko karrera zail eta gogor batean xehatuko da. Ez dute robot bat muntatzen ikasiko, ez eta ere produkzio sistema bat optimizatzeko algoritmoak diseinatuko, gizaseme hauek, armiarmen ugal organoak aztertuko dituzte, ekosistema batean espezieen elkarrekintzen mapak egingo dituzte eta amaigabeak diren orrialde mendiak memorizatzen igaroko dituzte gau osoak. Eta zurrunbilo guzti honetatik igaro ostean gauza ez da hemen amaitzen, zeren biologo lizentziatura lortu ostean, master edo graduondoko bat egin beharko dute, biologo lizentziatu berrien poltsa ilun horretan argi txiki bat izateko eta enpresa batean ordaindu gabeko praktiketan egoteko.

Beste biologo askok hezkuntza aukeratuko dute irtenbide «erraz» moduan, beste batzuk doktoretza bat egingo dute urte askotan lortutako kontratu exkaxen artean. Izango dira ere milioika biologo, ingurumen hezkuntzara igaroko direnak, eta asteburuak txosna moduko tailer batzuetan egongo direnak, hamar haurrei birziklatutako materialekin jostailuak egiten erakusten. Txarrenera jarrita, lantegi batean porlan zakuak betetzen dituen makina baten alboan lan egingo duten biologoak ere egongo dira, zaku bat eta beste hartu ostean bere biologo bizitzaz pentsatuko dutenak.

Baina izan irakasle, zaku altxatzaile, birziklapen aditu edo doktore; guztiak dira biologo… guztiek ikasi dute zer den bizidun bat, nola funtzionatzen duen bizitzak eta inguruan ditugun bizidunak beste begi batzuekin ikusten dituzte. Jakintza honek arrautza bat eta bere oskola ikustean, orain milioika urteko arrain arraroen lur lehorraren konkista garaira eramaten ditu, tximeleta bat ikusten dutenean lepidopteroen ordenaren diseinu liluragarria ikusten dute eta lurrean erori den hosto bat, gizakiak aspaldian kopiatu beharko lukeen energia metatzeko sistema bat soilik da beraientzat. Izan ere, jakintzak, egunerokotasuna ezberdin ikustera eramaten gaitu, egunerokoaren iritzi ezberdin bat sortzen digu eta kontatzeko duguna beti izango da interesgarriagoa.

Agian jakintza horrek beste liburu mota batzuk irakurtzera eramango zaitu edo aldizkari batean idaztera, eta nork daki, agian liburu bat idaztera iritsiko zara. Jakintza bat izango duzu, gero zure betebeharra izango da jakintza hau eguneratuta mantentzea eta erabilera bat ematea, zeren jakintza honek egunen batean aukeren atea joko du eta aukeratzeko ohorea izango duzu, agian ez dizute milioika euro irabaztera eramango zaituen lana eskainiko, baina bizitzaren zurrunbilo honetan zure txoko ekologiko bat eskainiko dizu edo txoko batetik bestera igarotzen lagunduko dizu.

Beraz, ene etorkizuneko biologo maiteak, eutsi goiari, zeren etorkizun seguru eta oparoa duen ikasketak, edozeinek egiten ditu, baina etorkizun gabeko eta lan mundu lausoa dituen ikasketak soilik pertsona bereziek egiten dituzte, izan biologo!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!