Jatearen inozokeriak

Erabiltzailearen aurpegia Jon Ander Galarraga 2017ko mai. 22a, 07:56

Euskal esaera zahar batek dio Goserik ezean, txorakeriak platerean. Litekeena da hau ez izatea oso esaera zaharra, izan ere esaera zaharrak asmatzea nire denbora-pasa modernoetako bat baita. Baina ez al da egia, jatearen kontuetan txorakeriaz jositako gizarte batean bizi garela? Nire amona bakarrarekin egiten ditudan hizketaldi horietarako ohiko gaia da, bera gaztea zeneko janaria.

Erantzuna oso azkarra izan ohi da, haragia, ogia eta babarruna, eta baten bat gaixo jartzen zenean agian arrautza egosi bat, beste arrautza guztiak azokarako izaten baitziren. Benetan harrigarria da jakitea nola garai hartan inork ez zeukan esnearekiko intolerantziarik eta ez glutenarekiko alergiarik, ez omen zuten behar Bifidusik eta ahoan sartzeko edozelako mokaduak «funtzionatzen» omen zieten. Gaur egun ordea, arrazoi ezberdinak eta behar ezberdinak medio, gizaki arraroa zara glutena jaten baduzu edo esne zopa eder batzuekin hasten baduzu eguna. Esne gaixoa, etsai baten parean jarri dugu, eta ez bada gaingabetua, poliki-poliki hilko zaituen ur zuri bat edaten ari zarela ematen du. Hau guztia gutxi balitz, garai batean ezertarako erabiltzen ez ziren elikagai mordoa saltzen da ia mirariak egiten dituen elikagai baten moduan eta kilo angula baino garestiago!

Hala nola garagarra, oso osasuntsua omen den ogi beltz bat egiteko erabiltzen da, baina orain bi belaunaldi ganaduari ematen omen zioten jateko. Eta zer esanik ez haragiarekin, dena garbi-garbia, grasarik gabea eta ahal bada haragi zuria, eta haragi zuri polit hori eduki duen oilaskoa zoriontsu bizi izan bada bere haztegi iluneko kaiola zikinean, hobe! Nonbait oilasko haren azken zoriontasun kutsuak haragira igarotzen dira eta haragi hura janda gu zoriontsuago izango gara, eta goizeko seietan gaizki ordaindutako gure lanera goazenean irribarre batekin iritsiko gara grasaz betetako gure tailer ilunera. Nire amonak dio, gaztea zenean oso preziatuak eta exkaxak omen ziren, urdaia, tripakiak eta egundaino harategian aurkitzen ez ditugun hainbat eta hainbat haragi pieza. Nork behar du grasarik gabeko eta proteinaz betetako oilasko bular garbi zoriontsua, txekorraren tripaki likatsuak erruz edukita, edo patatekin egosten zen ardi bular zati eder bat platerean izanda? Horrek bai proteinak!

Gosea eta beharra denean haragi guztiak dira haragi, grasa guztiak dira elikagai eta jan nahi ez duena gosez hilko da. Gaur egun, produktu guztiak ahal duten freskoenak izan behar omen dute, nire amonaren garaietan bezala: fresko, ekologiko eta bertakoak, erremediorik gabe urte sasoiaren arabera barazki mota ezberdinak janez eta batere kontserbatzaile eta E hizkia duten osagai gabeak. Uda txar bat izaten bazen eta baratzeak ez bazuen bere kilometro zero barazkirik ematen, gosea! Gauzak horrela, garai haietan beren lehen bi urteetan haur asko hiltzen omen zen askotan kontserbatzailerik gabeko elikagai erdi ustel bat jan ostean edo mendiko ur gozo, fresko eta natural bat edan osteko diarrearekin. Ez ahaztu ingurumena, ama lurra, gure lur planeta maitea... gu hiltzeko dagoela!

Beraz, ikusmira xelebrea dugu gaur egungoa, garai bateko elikagai osasuntsu eta naturalen bila goaz, garai batean urte asko, sasoiko eta osasuntsuago bizi zirelakoan, eta hara zer sorpresa justu kontrakoa dela. Gure gizartearen historian atzeraka goazen heinean, produktu natural eta osasuntsu gehiago kontsumitzen zen, baina gizakia urte gutxiago bizi zela frogatzen da. Ez da bada izango, gaur egun dugun bizi kalitate ona, elikagai natural eta probiotikoen ordez, elikagaien kontrol eta osasun zerbitzu bikain batek eragindakoa dela? Ongi elikatzea eta garagar ogi beltz txar bat jatea, bizirauteko ona izango den arren, ez al da hobea esparrago poto bat ireki eta inongo bakterioren kutsadurarik gabe berme osoz eztarritik sartzea?

Argi bili ene osasunaz kezkaturik dagoen irakurlea, supermerkatuak azkonar tranpak bihurtu zaizkigu eta. Baina azkonarraren ordez, bere harrapakina kolesterola lau puntu altuago eman duen gizakia da edo «zientzia» jorratzen duen aldizkari «oso interesgarri baten irakurle sutsua, eta tranpa ez da burdanezko zepo bat, urrearen prezioa duten produktu, natural, osasuntsu eta probiotikoak baizik. Argi ibili etiketarekin, informatu aurrez eta jan gogotik goserik gabeko gure gizarte honek eskaintzen dizkigun elikagai ez osasungarriak, hilezkor ez gaituzte egingo, baina merkeagoak dira garagar ogi bat baino.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!