Zelako animalia halako pertsona

Erabiltzailearen aurpegia Jon Ander Galarraga 2017ko api. 22a, 10:56

Pertsona zikinei deitzen diegu zerria.

Euskarak badu animalia izendegi ikaragarri polita, zoritxarrez poliki-poliki galtzen doana eta hemendik urte gutxira izendegi honen galera mila aldiz damutuko zaiguna. Hizkuntzak, jaio, hazi eta hil egiten omen dira zoritxarrez. Beti esan dut euskarak oso erlazio estua duela inguruko bizidunekin, eta benetan dibertigarria da animalia izenak jendeari ematen dizkiogunean, nolabait animaliaren ezaugarriak pertsona bati jarriz eta bide batez, pertsona horren deskribapen oso zehatza hitz batean laburtuz.

Animalia izena pertsonei ipintzen dion hizkuntzak, ingurumenaren eta bizidunen jakintza oso sakona erakusten du, hizkuntza eta biologia batzen direnean magia sortzen da! Hainbat eta hainbat animalia dira gure izendegian eta hauen zati bat pertsonei adjektibo moduan ipintzea oso gurea da. Zenbat aldiz esan ote dute Tolosaldeko emakumeek, dantzalekuan zozo batekin dantza egitea tokatu zaiela? Espero dut, zozo deritzon hau ez dela zozoa (Turdus merula) izango, nahiko konplexua izango zen hegazti honekin dantza egitea! Zozoa diogunean, dantzarako graziarik gabeko gizon arrunt eta xinple batez ari gara hizketan. Ziurrenik gaztelerazko «soso» hitzetik dator, baina agian zozoaren kolore ilun eta uniformeak ez digu batere graziarik egiten eta horregatik deitzen diegu zozoak, dantzarako graziarik gabeko gizonei.

Bestetik, pertsona bati «hi haiz hi azerie hi!» esaten diogunean, oso pertsona argia, erabakiak modu egokian eta unerik hoberenean hartzen dituenari esaten diogu, justu azeria bezala. Azeria (Vulpes vulpes) oilategian ere, momenturik egokienean sartzen omen da, gauez, inor ageri ez denean, aurrez guztia ondo neurtu, oilategira sartu eta ahal duen denborarik txikienean oilo bat ahoan hartuta ospa egiteko… gure Gipuzkoa maite honetako eskopetetatik urrun. Baina azeria esatea zerbait ona den heinean, pertsona bati zakur (Canis familiaris) bat dela esatea ez da hain ona, izan ere azeriak bizkortasuna eta jakintza islatzen dituen heinean, pertsona zakur bat, gaiztakerien bidez helburuak lortzen dituenari deritzogu, hobe bati azeria deitzea zakurra baino!

Garbitasun kontuetara joaten garenean, zerria (Sus scrofa) dugu gogoan, izan ere, gure zerri preziatuari asko atsegin zaio bere zatirik zikinenak, atzekoak, lokatz artean busti eta gozatzea, beraz, ez gerturatu zerria deitzen dioten edozeinen beso azpietara!

Beste animalia oso aipatu bat oiloa (Gallus gallus) dugu, pertsona izuti eta ausardiarik gabekoak izendatzeko, izan ere, oilo guztiak dira nahiko izuak, izan ere ez dute mehatxagarri diren ez atzapar, ezta ere hegan egiteko berebiziko abileziarik. Normala da beraz, atzapar zorrotz eta hegarako abileziarik ezean oiloa, oilo bat izatea, ezta? Arraroena ordea, animalia ar eta emeak izendatzen ditugunean etortzen da, adibidez, zelako gizasemea da zezen (Bos taurus) baten antza duen gizon bat? Handia, indartsua eta osasuntsua, aurrelari peto bat! Baina zer deritzogu, behia (Bos taurus) dela deitzen diogun emakumeari? Ezer onik ez, ongi etorria animalien sexismora!

Guzti hauek etxe inguruko animaliak ditugun heinean, badira basati diren animalien izenak, hala nola, basurde (Sus scrofa) bat den mutil bat ez da izaten Parisko eskolarik finenean hazitako gizona, edo erabat akertuta (Capra sp.) dabilena ez da ez igande goizean angelusa errezatzera joango. Animalia izendegi honekin asteak eraman ditzakegu, nork ez dio inoiz bibotea hazten ari zaion lagun bati, muxarra (Glis glis) deitu? Edo Amezketako plazan neska batek kalabaza eman ostean «hontza bezala» geratu den laguna? Badira ere, txosna ertzean mugitu ere egin gabe egoten direnak eta norbaitek gonbidatzen dituenean putreak (Gyps fulvus) bezala arrimatzen direnak, debaldeko trago preziatu horren bila batere lotsarik gabe, putreen antzera, hauek ere ezer ehizatu gabe doan dagoen hildako behorra ederki jaten dute.

Eta azkenik klasikoetan klasikoena, gure asto maitea, maitatua izango da baina astoa (Asnus sp.) den pertsona batekin argi ibili! Gaur egun gure esku gauza asko omen daude, bai eta ere euskal animalien izendegia mantentzea eta erabiltzea ere. Hizkuntza baten aberastasuna, bere izendegi eta hitz-jolasek osatzen dute, belardi berde batean agertzen diren kolore guztietako loreak bezala. Beraz, gure euskara maitea belardi berde edo belardi berde loretsu bat izatea ere gure esku dago.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!