Bukaera honen hasiera, 2000. urtean hasi zen, eta nola ez, Ameriketako Estatu Batuetan. Gurean baino zientzia-beka hobea zuen biologo batek, beste zereginik ez nonbait eta, astronautek espazioan haragi freskoa nola lortu ahalko zuten pentsatzen hasi zen. Lehenik eta behin, ukuilu espazialak sortzea pentsatu zuen baina arazoak emango zituelakoan, laborategian haragia sortzen hasi zen, eta baita lortu ere!
Indioilar bular baten zelulak hartu eta hauek hazten hasi zen kristalezko poto batean, indioilar bular xehe baten itxurako lehen laborategiko haragi freskoa lortu zuen arte. Hori bai, inork ez omen zuen barrabilik izan haragi hori jateko, ez baitu batere zapore onik izan inoiz laborategiko indioilar bular zati xehetu txuri batek. Urte batzuk geroago arrain muskuluak haztea lortu zuten, arrain fresko zati mardulak lortuz, hori bai, saltsa berderik gabe… eskasa. 2013an, horrenbeste haragi xeheturekin zerbait egin behar eta, lehen zekor hanburger artifiziala lortu zuten, nahiko ona omen zegoen, eta teknika hobetzen zihoan heinean, txerri saltxitxak lortu omen zituzten. Ikusten duzuenez ez dira ez makalak estatubatuar hauek!
Hemen dagoen arazo larriena ordea, haragi mota hauen prezioa da, haragi arruntak baino lau aldiz gehiago balio omen du eta aukera gutxi ematen du: zekor haragi xeheturekein egindako hanburgesa, txerri haragi xehetuarekin egindako saltxitxa eta indioilar bular xehetua. Baina oso ongi dakigu ikerketa batean dirua ipintzen bada eta berau aurrera eramateko teknologia baldin badago, gizakiak edozer gauza egin dezakeela, beraz ez harritu hemendik urte batzuetara laborategiko haragi hau gure supermerkauetan agertzen bada, eta litekeena da, haragi xehetu aspergarri baten partez, xerra osoak edo oilasko bularrak egotea.
Ongi etorriak XXI.mendeko gizarte xelebrera, milioika euro gastatu ostean, laborategian egindako 100 gramo haragi xehetu! Baina litekeena da hemendik urte gutxira laborategiko oilasko bular karratu bat agertzea gure supermerkatuan, txukun-txukun bere ontzian ipintzea eta oilasko zoriontsu baten irudiaz apainduta, sufrimendurik jasan gabeko oilasko eko-organiko-begano-naturala. Haragi gose diren barazki zaleentzako aukera polita denik ezin uka, haragi freskoa, bere proteina eta bitamina guztiekin eta animalienganako heriotza sufrimendurik gabea! Hemendik pare bat urtera, sagardotegiko errituala egitera goazenean laborategiko txuleta eder bat aterako digute, bere hezur eta guzti, gainera haragiak grasa gutxi izango du, gatza bere barrenean integratua ekarriko du eta hezurraren gogortasuna eta zein tamaina geuk aukeratu ahalko dugu kartan. Hezurra zurrupatzea atsegin duzula baina zure hortz protesikoak erortzeko beldurra duzula? Lasai gizona! Hemen duzu hezur esponjatu bat duen txuleta eder bat, karraskatu lasai hezurra, ia haragia bezain biguna baita eta! Zure dietak kezkatzen zaituela? Lasai metrosexual maitea, hemen duzu zero-grass txuleta, proteina hutsa, jan gogotik eta gero nahi izatekotan, segi sagardotegi alboko gimnasiora kilo batzuk altxatzera.
Nire 120. urtemuga sagardotegi batean ospatzeko asmoa dut kuadrillakoekin, baina ez dut laborategiko txuletarik eskatuko, labana sartu ostean hildako behi baten txuleta eskatuko dut, ondo egina, ahoan sartu eta behi hark ikusitako belardi eta mendien zaporea duen txuleta grasatsu eta odoltsu bat, nire metalezko hortz protesikoak mugara emango dituen hezurrarekin noski. Honen ostean ziurrenik prentsan agertuko naiz «biologo famatu batek eta bere hiltzaile kuadrillak, Euskal Herriko azken behia jan dute» titularrarekin, hurrengo egunean barazkizale ugarik letxuga eta tomateak botako dizkidate nire etxeko leihora eta telebistan ni eta nire kuadrillakoen argazkiak aterako dira, laborategiko txuleta bat jateko aukerari muzin egin eta benetako behi bat jan zuten otso talde hiltzaile moduan.
Niri bost, nahikoa lan izango baitut genetikoki eraldatutako ardi basatiak klonatzen!