Animalia arriskutsuak gurean

Erabiltzailearen aurpegia Jon Ander Galarraga 2016ko urr. 29a, 11:02

Zorionekoak gu, ez garenak lurralde arriskutsu batean bizi. Zorionekoak gu, perretxiko bila goazenean, lasai makurtu ahal garenak, atzetik berebiziko lehoitzarra gu jatera etorri gabe. Zorionekoak gu, menditik barrena lokatz eta urez bustitako galtzerdiekin paseatu ahal dugunok, etxera etorri eta gure behatzak euli baten beldar gosetien elikagai izan gabe.

Zorionekoak gu, hondartzetan lasai igeri egin dezakegulako, azpitik metro eta erdiko marrazo handiaren haginkadetan erori gabe. Benetan lurralde seguruan bizi gara. Baina gero biologo bezala gizarteari ikusmira bat botatzen diogunean gauzak aldatu egiten dira.

Zenbaitetan, badirudi Amazonas erdian bizi garela. Benetan egoera kaotiko eta gurasoen histeria kolektiboko eszena ugari ikusi ditut erle txiki bat parke batean agertzen denean. Edo suge gorbatadun (Natrix natrix) koitadu batek eskola bateko patioan burua ateratzen duenean, hiru urteko umeak gosaltzera datorren harrapakari erraldoi bat balitz bezala. Lasai euskal gizarte naturzalea, gurean dugun animaliarik arriskutsuena, arriskutsua esateagatik, suge gorria izango da, ugaztun txikiez elikatzen den suge pozoitsua da, baina bere pozoia ez da hilgarria osasuntsu dagoen pertsona batentzat, gainera oso gutxitan topatzen gara berarekin eta urtean Tolosaldean oso pertsona gutxi hiltzen da suge honen hozkadaz… badaezpada eskeletan begiratu baina... 2016an oraingoz ez da inor hil... ezta 2015ean ere.

Arriskutsuak ere badira liztortzarrak (Vespa crabro), gurean dugun liztor handi bat da, herriguneak ez ditu gustuko eta zail da bere habia bat topatzen. Hori bai, bere eztenkada nahiko mingarria da, bai eta ere bere hozkada, eta noski, bere habia batean burua sartzen baduzu, oraindik arriskutsuagoa da. Zer esan nahi du honek, gure inguruan liztortzar bat baldin badabil, garrasika hasi, gure umetxo politak babestu eta animalia akabatu behar dugula? Agian, gizartearen eskoletan intsektu eta bestelako bizidunei buruzko ikastaroak eman behar ditugu, inguruan ditugun «zomorro nazkagarri» eta «bitxo arriskutsuak» benetan zer diren ikas dezaten. Hala ere, gomendio bat edo beste baditugu biologook, gurean dugun xomorrofobia kroniko hau desagertzeko.

Lehen gomendioa: xomorroak ez dira gurekin elikatzen, beraz, ez dira guri zuzenean erasotzera etorriko. Ez, mendizale eta arropa termiko zale maitea, armiarma batek ez dauka inongo interesik zuri hozka egiteko, eta kasualitatez, xomorro baten hozkadarekin esnatzen bazara, lasai egon, ziurrenik arkakuso txiki bat izango zen, edo moskitoren bat. Ziur ez dela sabaitik behera, hamar zentimetroko tarantulatzarra jaitsi eta denbora-pasa zegoelako edo, zuri hozkada egin. Araknidoek gorroto dute Homo sapiens-aren azal gogor eta beroa, nahi duten bakarra, beraien saretxoa egin eta eulitxo koitaduak janez bizitzea da, eta ahal bada eme bat bilatu, gainka egin eta erromantikoki honen atzaparretan hiltzea. Ez dute ez interesik zure azalari hozka egiteko. Eta parkean txirristatik behera zabiltzan ene etorkizuneko umetxoa bazara, pentsa gu baino ehunka aldiz txikiagoa den mundu interesgarri bat badugula hanka azpian, tximu arraroak garenok, mundu hau zapaldu aurretik jada hor zegoena eta milioika urte iraun dituena, bere txikitasunean. Hartu lupa bat, hartu poto bat eta hasi eskolatik bi pausotara dagoen oin azpiko benetako Pokemonak ehizatzen, sailkatzen, marrazten eta beraiez ikasten.

Zergatik ote dute koleopteroek lehen hegal parea hain gogorra? Zergatik bizi dira erlauntzetan erleak? Nolakoak ziren orain milioika urteko odonatuak? Etorkizun hurbil batean, txirristatik behera dabilen ume hark, txirrista utzi, nerabezaroan sartu eta bere etorkizunari buruz pentsatzen hasiko da, nerabezaroan beti etortzen den eulia buru inguruan hegan hasten zaion arte. Orduan nerabe hark, eulia akabatu ordez, honen bigarren hego pareari begiratuko dio, «alterioak» dituela konturatuko da eta diptero baten aurrean dagoela ikusiko du… eta kolpe batez paretaren aurka zapaldu ordez, leihoa ireki eta dipteoren diseinua miretsiz, irteten utziko dio. Zorionekoak gu, ditugun animaliarik arriskutsuenak, gauean zerbeza bat baino gehiago edanda gidatzen dabiltzan Homo sapiens-ak direlako. Zenbaitetan tigrez betetako ohian batean sartzea segurua izango den arren.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!