Otsoak gure mendietan, bai ala ez?

Erabiltzailearen aurpegia Jon Ander Galarraga 2016ko ira. 24a, 10:00

Ez dago euskal kulturan aditu izan beharrik, «otsoa» hitzak dituen aldaera txarrak atzemateko. Gure artzain tradizioagatik izango da, baina otsoa da gure etxeko sukaldeetan gorrotatuena den animalia, bai gure aitona-amonek emandako ahozko kulturan eta baita gure txikitako ipuinen artean ere.

Ziurrenik, txikitan beldurra genion animalia bakarra zen otsoa, zenbat aldiz esan ote digu gure amonak «jan itzazu lenteja horiek, bestela otsoa etorriko da eta!» edo hiru txerri pottolo polit eta lirainen ipuina kontatzen zigutenean bazen momentu bat non... «...bat-batean, basoan zarata bat entzun zen…» eta gero, paperean oso ongi sartzen zen gurasoak, otsoaren ulua imitatzen zuen zure ohe alboan… eta ea nor zen maindire azpian sartzen ez zen ausarta! Otsoari berebiziko beldurra genion, nahiz eta gertuen geneukan otsoa milaka kilometrotara izan. Ikusten duzue, gure literaturan otsoa beti izan dela gaiztoa, baina baita ere adimentsua. Txanogorritxu gaixoa ederki asko engainatu zuen bere amonaz mozorrotu zenean eta, zazpi antxumeen etxean sartzea lortu zuen antxumeen amaz mozorrotuta, harritzekoa da gure ipuinetako otsoek mozorrotzeko duten afizioa! Tolosarrak ote? Garai batean ba omen ziren otsoak gure mendietan, nahiko ugariak. Baina gizakia ugaltzen hasi zenean eta mendi eta basoak konkistatu zituenean, bera bezalako harraparia zen otsoarekin topatu zen eta... «hi edo ni» … eta otsoa atera zen galtzaile.

Hau gutxi balitz, etsaien pareko ipini zen animalia hau, eta berrogeita hamargarren hamarkadaz geroztik, eskopetez lagunduta noski, berebiziko sarraskia jasan du otsoak, eta etxe guztietako sutondoan gorrotatu den animalia izatera iritsi da. Baina hain arriskutsua eta kaltegarria al dugu otsoa, ala gure aitona-amonetatik datorkigun «ohitura» bat da soilik?

Gaur egun otsoaren etorrera baten aurrean omen gaude, gurean jada basoak ez dira lehen bezain beste erabiltzen eta asko ugaritu dira otsoen elikagai diren, basurde, orkatz eta bestelako animaliak. Eta janaria bada, hor doa otsoa! Zoritxarrez, ordea, harraparia den heinean, otsoak ez die muzin egiten koipez beterik eta ataka baten barruan daude ahuntz, ardi eta behiei... eta hementxe dago koxka.

Abeltzainak eta otsoen elkarbizitza zaila eta kalte ordainak. Otsoaz kaltetua izan den abeltzainei, adibidez Araban, kaltearen %100a ematen zaie ordainetan eta diru laguntzak daude artaldea zaintzen duten zakurtzarrak erosteko. Hori bai, kaltea otso batek egin duela baieztatu behar da eta hemen dugu bigarren koxka. Izan ere, 2000. urtetik hona egindako animali hilketen %16a soilik izan omen da otsoek egindakoa, beste hilketak, zakurrek, erorikoek edota heriotza naturalengatik izan omen dira. Hilketen ehuneko txikia ez al da fama txar handia duen animaliarentzat? Abere bat hiltzen dizutenean hobe otsoa izatea... edo herriko alkateari otsoa izan dela konbentzitzea! Ez naiz ekologista ezta ekologista zalea ere, baina biologo eta herritar xinple bat naizen honetatik, penaz ikusten ditut ardi bat otso baten erasoekin azaldu den hurrengo egunetan egiten dituzten «batidak», eta nola otso ama baten habiara sartu, bera eta bere kumetxoak akabatu eta beraien buruak estaka batean sartuta erakustean.

Gainera, gaur egungo prentsa horiaren lehen orrian azaltzen dituzte, gu akabatzera etorri diren deabruaren animalia baliran bezala eta hildako otso horrekin, beste otsoei mezu bat bidali nahiko balie bezala. Gurean otsoak bere lekua berriro lortzea nahi bada, aurrez gure abeltzain eta otsoaren arteko elkarbizitza planteatzea beharrezkoa da, abeltzainak eta otsoak babesteko neurri fisiko eta legalekin. Lurralde askotan, otso eta abeltzainen arteko elkarbizitza posible izan da, hori bai, abeltzainen aldetik ohitura batzuk aldatu behar izan dira, hala nola, artaldeak zakurtzar ugarirekin babestuz eta gauetan animaliak itxitura elektriko baten barruan sartuz. Bestalde ere, otsoa ulertzea beharrezkoa da, ez duelako afizioz hiltzen eta ez delako «gaiztoa». Animalia ikertzen bada, bere kudeaketa askoz ere egokiagoa izango da eta modu honetara, hildako otsoen buruak estaka batean sartzeari utziko dio jendeak. Irudi benetan tristea baita, hogeigarren mendean, erdi aroko sorginen ehizaren moduko otso ehizak ikustea, zirku mediatiko bat bihurtuz eta arazoa uste dena baino larriagoa erakutsiz.

Egunen batean txanogorritxuren ipuineko gaizkilea, basoan ezkutatzen den gizon eskuluze bat izango da, arriskutsua, eta txanogorritxu salbatuko duena, beste modu batean pentsatzen duen gizarte bat… edo agian xextoan makil bat gordeta duen txanogorritxu bat!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!