Latxa, sasi ardi eta besteak

Erabiltzailearen aurpegia Jon Ander Galarraga 2016ko uzt. 22a, 18:00

Ardirik badugu gurean, mendian ez badira, autoen atzeko aldean itsatsita. Geure ardi arrazen izenak galdetuz gero, soilik ardi latxa datorkigu gogora, muturgorria edo muturbeltza, eta kitto.

Bila hasiz gero ordea hamaika bat ardi arraza baditugu gurean, eta ez da gutxi alajaina! Iparraldean Manex ardi burubeltz eta burugorriak ditugu, ardi adardunak, Pirinioetako larre gogor eta zailetan oso ongi egokitzen direnak eta hauen esnearekin Ossau-Iratiko gazta egiten omen da. Bi ardi arraza hauen oso antzekoa, ardi latxa burugorri eta burubeltza daukagu, eta izenak dioen bezala, ile «latza» duen ardia da eta honen esnearekin, horrenbeste fama duen Idiazabal gazta egiten da. Hauen parekide dugu Karrantzako ardi muturbeltz eta muturgorria... dirudienez, euskal artzainek bi kolore bereizten zituzten soilik: gorria eta beltza. Baina arraza hauetan xelebreena eta baztertuena, sasi ardia dugu.

Ardi argala, tentea, ile exkaxekoa eta buztan luze eta soil batekin, ez da ez gure autoen atzean ipiniko genukeen ardi potolo eta poxpolina. Sasi ardi gajoak, itxura exkaxa izateaz gainera, ez du ia esnerik ematen eta bere artileak ezer gutxitarako balio du, gainera, nahiko independentista omen da eta taldean ibiltzeko arazoak ditu, honek, berau maneiatzeko arazoak dakartza. Ardi bat burugogor ipintzen denean komeriak izaten dira artzain lehiaketetan, pentsa zer izango den ehunka sasi ardi burugor eta independentista izatea! Arrazoi hauengatik beraz, ez da azken urteetan gurean oso preziatua izan ardi gaixo hau.

Baina badu sasi ardiak beste ardi politek ez duten ezaugarri bat, sasi eta sastraka zalea dela. Horregatik bere izena, «sasietako ardia», behin eta berriz arritzen nau euskaldunen abilezia eta irudimena animaliei izena ipintzeko! Diotenez, alemaniarrak oso zuzenak eta zorrotzak omen dira animalia eta objektuei izenak ipintzerakoan. Sasi artean ibiltzen den ardia.... «Sasi ardia». Ile atza duen ardi muturbeltza… «Ardi latz muturbeltza»! Ea zein hizkuntza zuzen eta zorrotzek hobetzen duen hori. Gora gu ta gutarrak! Sasi ardiarekin jarraituz, inguruak garbitzeko ardi egokia omen da, ahuntzaren pareko erabili omen daiteke eta gainera, kumatze oso erraza omen du, ez omen du laguntzarik behar, beraz, pilotu automatikoa ipinia duen ardia dugu sasi ardia, etxearen bueltan ipini eta zizka-mizka, sasi eta belar txarrak jango dizkiguna. Itxura batean behintzat ahuntza batek baino lan gutxiago ematen du, sasi ardia ez dago orain kate motzean eta orain kate luzean ipintzen ibili beharrik. Euskaldunok historikoki ardizaleak izan gara eta gure etxeko sutondoetako kontuetan, ardiak badaude non nahi- Ba al zenekiten ardi beltzek artaldea tximistetatik babesten zutela? Horregatik izango zuten kolore beltza, tximista batek jotzen duen ardiak, beltza izan behar du nahi eta ez! Mitologian ere badu aipamena ardiak.

Ba al zenekiten, Mari jainkosaren gurdi hegalaria bi aharik tiraka eramaten zutela? Ni ez naiz aharietan aditua, baina ikusi izan ditut bi ahari elkarren parean ipintzen direnean gertatzen diren triskantzak, beraz, bi ardi gurdi berean lotzea ez dakit ideia oso ona izango ote zen, baina Mari Jainkosa bat omen zen eta Jainkoen kontuetan, zu eta ni bezalako hilkorrok ezer gutxi kritikatu ahal dugu… bestela tximista batek beltz-beltz eginda utziko gaitu. Bukatzeko esan, arditik ateratzen dela gipuzkoar barrualdeko produktu zoragarri bat: mondejua. Ene barrualdeko gipuzkoar maitea, ez joan Villabonako mugatik aurrera «mondejue ekarrikoit» esanez, inork ez baitu odolkiaren lehengusu zuri hau ezagutzen eta apreziatzen. Eta ardi jaleek soilik ezagutzen duten «pikatxa»? Harritu egiten gara beste lurraldeetako gizasemeak bufaloen odola eta esnearekin egindako edari bat edaten ikustean, baina hangoek guri ardi odolarekin eginiko tortilla bat jaten ikusiko baligute, esango lukete «Hok dittuk hi, basapiztik!».

Gaur egun zoritxarrez pikatxa ez da legala, ilegalizatu egin zuten, marihuana bezala, soilik Aralarren bueltan dauden baserri zahar batzuen ganbaretan erosi ahal da estraperloan. Mondeju gutxi saltzen den sasoi honetan, pikatxa ilegala bihurtu den milurteko honetan, ardiki janaz desagertu diren sasoi ilun hauetan eta artzain probak olinpiadetan sartu ezin diren garai moderno hauetan, jada ardiak lekua galdu du gurean, laster Idiazabal gazta ere, behi esnearekin egin beharko dute eta ardi latxa soilik gure autoen atzean ikusiko dugu… pegatina moduan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!