Zenbaitetan, ordea, eta gure hizkuntzaren arabera, izen zientifikoa ez dator bat bizidunaren itxurarekin, izan ere, izen zientifikoa latin eta grekotik etortzen da eta nahiz eta hizkuntza haietan zentzua eduki, gure euskara maitean zentzu gutxi dauka. Adibidez, Troglodites troglodites izenarekin, Txindokipeko kobazulo batetik ateratako gizaseme erraldoi eta basati bat dakarkigu gogora, baina izen zientifiko honen atzean, txepetxa daukagu, gurean dugun txori txiki eta koitaduena. Tolosaldekook Zarautz inbaditzera joaten garenean eta bertako itsasoan, milaka Egraulis encrasiolus dabiltzala igerian esango baligute, ziztu bizian aterako ginateke uretatik, ur ondoetan barrena gu jan nahian dabiltzan milaka urpeko munstro egongo balira bezala. Baina lasai ene lehorreko surflari eta hondartza inbaditzaileok, garai denean ederki jaten baititugu gure zartaginean Egraulis encrasiolus errazio ederrak, geuk antxoa deitzen diogun arren. Animaliatxo hauen izen zientifikoak beldurra ematen duen arren, alderantzizko kasuak ere badaude, izen zientifiko xaloa eta pinpirina duten animaliak, eta gero berebiziko munstrotzarrak direnak.
Hala nola, Meles meles deritzon basoko ugaztun iletsua bezala. Izen zientifikoa oso barregarria dauka, Tolosako gaueko ordu txikitan egiten diren dantza mota latindar bat ematen du Meles meles-ak. Baina ene Tolosako gauzaleok, ez nuke taberna baten zokoan Meles meles batekin topatu nahi, izen barregarri honen atzean azkonarra baitaukagu, bere atzapar handi, zorrotz, letagin beldurgarri eta bere izaera ez lagunkoiarekin batera. Argi ibili, Meles meles bat egingo dizun emakume bat arrimatzen bazaizu larunbat gauean, abisatuta zaude! Baratzegintzan ere badaude izen bereziak, Solanum lycopersycum batekin egindako entsalada zalea naiz ni, orain uda datorren honetan pil-pilean daude jaki borobil eta gorri hauek. Eta entsalada honi kolore berde apur bat eman nahi badiogu Lactuca sativa hosto batzuk gehitu, eta garratz punttua emateko, Allium cepa zuri edo more apur bat txikitu, negar apur bat egin eta badugu geure kilo eta erdiko txuletarentzat aurre platera… ez gara ba bazkaltzeko garaian entsalada batekin soilik geratuko ezta? Txuletak aipatu ditugula, nire gustukoenak Bos taurus helduarenak dira, punttuan eginda eta noski, hezurrik soberan geratzen bada, gure baserriko Canis lupus domesticus-ak ederki jango ditu.
Baserriko animaliez ari garela, hauek dira agian izen zientifiko logikoenak dituztena, oiloak Gallu gallus dira, eta hain gurea den astoak Asnus africanus izena du. Txerriak ordea Sus scrofa dira eta nola ez, basurdeak ere izen bera dute, oso gertu baitaude ahaidetuta. Izen zientifiko politak ere badaude, asko atsegin dut azeriaren izena: Vulpes vulpes edo euskaldunok pikutara bidali genuen euskal balearena Eubalaena glacialis... Orion harro egongo dira arren. Paleontologoak aztoratuta egon omen ziren, orain milaka urte Amerika kolonizatu zuten lehen gizakiez, hauen ehizak, bertako mamutak eta ugaztun handiak pikutara bidali baitzituzten, berebiziko artikulu pila idatzi da iraungipen masibo honi buruz. Baina jakin nahi nuke proportzioan euskaldunok egin genuen bale triskantza handiagoa ez ote zen, lau txintxorroren gainean eta urte gutxitan! Eskerrak ez ginen Ameriketako lehen kolonizatzaileak, bestela…
Azkenik esan, bizidun baten izen zientifikoa duen euskal musika talde bat badela gurean, oso talde ona eta famatua. Alegiako festa alternatiboan, Bulebarrean «Artoa» taldeak jotzen duela esaten badugu, seguru ez dela larunbat gauean inor agertuko Bulebarrera. Baina kartelean, «Artoa»-ren ordez, Zea Mays-ek jotzen duela ipintzen badugu, Alegiako Bulebarra topera beteko da, Homo sapiens ar eta eme mordoa elkartuko da bertan eta txosnako Hordelum vulgare fermentatuz egindako edariak zanga-zanga sartuko dira eztarritik. Gero esan, izen zientifikoek ez dutela gure egunerokoan eraginik!