Armiarma eme baten sarean ar batek okerreko pausoren bat ematen badu, eme erraldoiaren bazkari bihurtzen da, sarean erori den euli arrunt bat balitz bezala. Ugal sasoian ordea, ar koitaduak ugaldu nahi badu, eme erraldoiarengana hurbiltzea beste erremediorik ez dauka. Horretarako, euli edo xomorro gozo bat uzten dio sarean, emea berau janez entreteni dadin. Ostean gainka egiteko oso denbora gutxi dauka, justu emeak oparitxoa bukatu bitarteko minutu exkaxa. Arraren izaera eta adorearen arabera bi estrategia dauzkate: gainka egiteko munduko errekora gainditu eta emeak jaten amaitu baino lehenago ziztu bizian alde egitea, beste eme bat topatzeko esperantzetan, edo «gora gu ta gutarrak!» oihukatu eta gainka egiten hiltzea. Jesukristok azken afaria egin zuen bezala, armiarma ar askok azken gainkaldia egiten dute, beti ere ezer baino hobea izango da, ezta? Mantis erlijiosoetan ere antzeko zerbait gertatzen da, emearen afizioetako bat da gainka egitera datorren arrari burua moztu eta langostino bat bailitzen zurrupatzea. Kasu honetan ordea arrak balentria gehiago du. Nonbait mantis arrek bilbotar ahaideren bat izango dute, zeren hauek emearengatik ihes egin ordez, beraien burua eskaintzen diote. Eta emea ar bilbotarraren burua jaten dagoen bitartean, bururik gabeko arraren gorputzak, disimulu handiz emearen azpitik sartu eta gainka egiten dio inongo laguntzarik gabe. Ikusten denez, animaliatxo hauen gorputzaren azpiko zatiek ez dute buruaren beharrik, bakarrik pentsatzen dute… gizakian bezala.
Arrainen munduan ere bizitza gogorra dute ugaltzeko asmoan dauden arrek. Bada rape edo zapoaren familiako arrain bat, deabru arraina deritzona, non, arra emearen parasito dena. Eta ez gara ari esaten, rape emeak rape arrari egunero hamaiketakoa jarri, arropa garbitu, lisatu eta hurrengo egunerako jantzi behar duen ordenean ohe gainean uzten dionik... are okerragoa da. Zapo arra, jaio orduko eme baten albo batean itsasten da eta bere ahoa emearen odol zirkulazioan barneratzen du. Honela, betirako parasito bihurtzen da emearen odola zuzenean edanez. Emeak arrautzak ipintzen dituen aldiro, hor dago arra espermatozoide zurrutada bat botatzeko arrautza horien gainean... a ze bizimodua rape arrarena, jan eta jo! Ar hauen emearenganako dependentzia erabatekoa da, eme gabe gosez hiltzen dira, horregatik, arrautza batetik ar bat jaiotzean, segituan eme bila hasi behar du, bestela ez baita gai bere kasa elikatu eta bizitzeko. Ez irakurleok, ez… rape arrak ez dira mutiltzar hiltzeko jaio! Hauek ere Atlantikoa gurutzatuko lukete emazte beltzaran baten bila!
Azkenik, arrainak utzi eta goazen apoen artera, hemen ere arrek badute eta zer esan nahikoa. Zenbait aporen kasuan, ugal sasoian arrak zoratu egiten dira eta eme bila hasten dira biharko egunik ez balego bezala. Emea aldiz, putzu baten alboan ipintzen da seinale usaintsuak botaz ar bat etorri zain. Imajina ezazue beraz putzu horren alboan antolatzen den festa, eme bat feromonak isuriz, eta beregana hurbilduz milaka ar «goseti». Apoak ikertzen ibiltzen diren biologoek diote, eme asko gainka egin nahian dabiltzan arren azpian itota hiltzen direla, askotan arrek ez dutela emea beste arrengatik bereizten eta arren arteko harremanak egoten direla.
Hau gutxi balitz, badira putzu horretan eskua ipini duten biologoak eta ehunka apo arren biktima izan direnak, gogorra da bai biologoen bizitza, baina gure etxean esaten den bezala «dabilenari gertatzen zaiok!».
Horregatik ene gipuzkoar arrazako Homo sapiens ar maitea, gauez Tolosara jaitsi eta neskatan egitea kostatzen bazaizu, ez kexatu, pentsatu armiarma edo apoekin, gizagaxo hauek zu baino esfortzu handiagoak egiten dituzte neska topatzeko eta!