Bioaniztasunetik: Agustinen baratzea

Erabiltzailearen aurpegia Jon Ander Galarraga 2016ko mar. 12a, 10:00

Baratzezale amorratua da Agustin. Errekondotarreneko Jakobaren irrati programa guztiak entzuten ditu, Tolosako feriara astero joaten da baserritarrekin tomateei buruz hitz egitera eta editatu diren baratzezaintzako liburu guztiak dauzka, guztiak txukun-txukun ipinita, Norvegiarra den denda merke batean erositako eta izen arraroko liburutegi txurian.

Baina Agustinek ez dauka baratzerik, Agustin, asfaltoko semea da, baratzegile birtual peto-peto bat. Agustinek baratzezaintzaz duen jakintza, liburu eta internetetik ikasi du. Agustinek oso ederki daki letxugen artean tipula landatzea ona dela, badaki ere ilbehera dagoenean baratxuriak ipurdiz behera landatu behar direla eta Azaroko lehen ilgoran mozten diren porruen saldarekin, tomateen gaitzaren aurkako erremedio paregabe bat egin ahal dela. Baina esan bezala, Agustin baratzelari teorikoa da, Agustinek ez dauka baratzerik. Zorionekoa da ordea gure Agustin, bere herri asfaltatuaren erdian auzo baratzeak ipini baitituzte, eta hileko kuota baten truk, baratze bat lortu du! Lehen eguna zirraragarri izan da Agustinentzat, Zabalatarreneko Peiok eguraldi ona iragarri baitu, eta goizeko ordu txikitan aitzurra hartu eta lurra prestatzeari ekin dio. Partzela bikaina lortu du, orientazio onarekin, ur deposituaren alboan, errepidetik urrun, Lur planetaren indar astrofisikoak ongi elkartzen diren eremu batean eta erradiazio elektromagnetikorik gabekoa noski, erradiazio elektromagnetikoa txarra baita kalabaza ereiteko garaian! Autore famatu baten liburu bateko gomendioak jarraituz, lau errenka egin ditu, bakoitza metro terdiko tartearekin. Bertan letxuga eta tipula alternatuz landatuko ditu, elkarri laguntzen dioten barazkiak omen dira eta… hala zioen liburuko 45 orrialdeak behintzat.

Baina haiengatik metro bat baino gertuago ez du landatuko brokolirik, brokolien gertutasunak kalte egiten baitiote letxugei eta oker jaio arazten baititu tipulak… 17. orrialdeko 6. atala. Baratzearen krokisa paper gainean egin ostean, Agustinek aitzurra jaso du buru gainetik eta lehen errenkada egiten hasi da, pago egur moztu berriarekin egindako kirtena duen aitzurrarekin… interneten erosia eta nola ez, 22. orrialdean gomendatua. Liburuek, ordea, ez diote esan Agustini landu gabeko lurra gogorra dela eta ordu erdian aitzurtzen aritu ostean bizkarreko mina hasten dela, eskuan babak ateratzen direla eta lurra ez dela liburuetan agertzen den bezain polita eta biguna. Ordu erdian sei aitzurkada eman ditu eta lur madarikatu hori mugitu ere ez da egin! Lehen errenkada bukatzerako eguerdiak jo dio Agustini, babak lehertu zaizkio, bizkarrak berebiziko mina ematen dio eta kiroletarako supermerkatu famatuan erosi zituen bota goretex-dunei ura sartu zaie. Nola da posible, zaldientzako arropa dagoen supermerkatu batek ez edukitzea baratzerako botarik? Liburuetan agertzen ez den nekeak eta esfortzuak ezinduta, bere baratzearen ertz batean eseri da, eta bere goiz guztiko lana ikusi du: lau errenkada, bakoitza sei metro luze ere ez da, eta baratzeak beste ehun bat errenkada hartuko lituzke. Agustinek baratze bat duelakoan eta, lokatzez beteriko lur zikin bat dauka, aitzurrarekin egindako lau errenkadez apaindua. Liburuetan agertzen diren irudiez gogoratzen da Agustin gizagaixoa, zeinen baratze ederrak, pinpilinpauxekin eta amona mantangorriez josiak, ez dute ez Agustinek orain daukan lokaztiaren ahantzik. Baina Agustinek ez du etsi eta asteburuan zehar jo eta ke aritu da baratzean eta lau errenkada zirenak hogei bihurtu dira eta bere bizian lehen aldiz hamar letxuga eta beste hainbeste tipula landatu ditu, hurrengo hilean baratxuriekin hasiko da eta gero aromatiko batzuk landatuko ditu tartean, eta litekeena da konpostagailu bat ere ipintzea. Baina Agustin hurrengo astean arratsaldez doa lanera, eta asteburuan bazkaria dauka familiarekin eta igandean semearen pilota partida dauka, gainera hemendik bi astera lagun batzuekin Errioxako ardandegi batera doazela konturatu da.

Orduan Agustinek, poltsikotik urruneko kontrol bat hartu eta baratzeari PAUSE botoia eman dio, hurrengo hilean etorriko da PLAY botoari eman eta letxugak ureztatzera, baratxuriak landatzera, aromatikoak ipintzera eta konpostagailu bat lortzera. Eskerrak baratzek PAUSE botoia daukaten, bestela nola eduki lezake bada urbanita batek baratzea!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!