Oiloak eta oilarrak gurean

Erabiltzailearen aurpegia Jon Ander Galarraga 2016ko urt. 9a, 10:00

Euskal ekokulturaren txoko xume honetara, gure baserri inguruko animaliarik miretsienetako bat ekarri dugu gaurkoan. Eta ez gara ari ederki aprobetxatzen dugun txerri edo aldarean ipini beharko genukeen astoaz, gaurkoan oilarrei buruz ariko gara, betidanik gure baserrietako metereologoak izan baitira. Adi Zabalatarreneko Pello eta Aizpurueneko Andoni... hemen bada konpetentzia eta!

Lehenik esan behar duguna da, oilo eta oilarrak oso gertuko animaliak ditugula eta gizakiak aspalditik izan dituela bidelagun, beraz ez da harritzekoa gure ekokulturan beraiei buruz kontu ugari izatea. Hegazti hauen ezaugarrietako bat beren puntualtasuna da. Ez dakit zelako erloju digitala duten, baina justu eguzkia ateratzen denean hasten da oilarra kukurrukuka, agian oilarrak lo arina izango du eta lo seko gauden bitartean, berak segituan esango du: «Euzkie ateatzen ai dek!». Baina hain puntuala den animalia bat orduz erratzen bada... orduan bai komeriak, badator zerbait txarra gure baserri ondora!

Gure Gipuzkoa zahar eta maitatu honetan, «zerbait txarra» bi modutakoa izan ohi da, edo baten bat hilko da, edo euritea dator. Gipuzkoarrok horrelakoak gara, beldurra pizten digun bakarra, geure bizia kontserbatzea eta eguraldi ona izatea da. Egunen batean, oilarrak kukurruku garaiz kanpo egiten badu, adibidez arratsaldeko seietan... ekaitza dator. Gainera kukurruku hauek kontatu egin behar dira, izan ere oilarrak kukurruku hiru aldiz egiten badu, lasai egotea daukagu, hori omen da normalena. Baina hiru kukurrukutik gora egiten baditu eguraldi txarraren seinale edo, nola ez, baten batek azken hatsa emango duenaren abisua omen da. Kukurrukua aldiz, gauerditik aurrera egiten badu, baserri inguruan beste munduko izakiren bat dabilen seinale eta ezinbestekoa da gipuzkoarren arazoen aurreko erremedioa piztea: kandela bedeinkatua. Makina bat karrerako irakasgai gainditu ditut nik nire amonaren kandela bedeinkatuei esker. Nola izan liteke hain merkea horren erremedio bikaina?

Baina, oilarren jakintza ez da soilik kukurrukutan mugatzen, egunean zehar hauen jokamoldea aztertzen badugu ere makina informazio lortu ahal dugu, adibidez, oilarra zuhaitz batean gora igotzen bada, eta bertan geratzen bada: eurite baten seinalea da, eta igotzen den zuhaitza sagarrondoa bada… ekaitza. Beraz, ekaitzak zure baratzea txikitzerik nahi ez baduzu, ez landatu sagarrondoa oilotegi alboan.

Beraz, utzi alde batera Euskalmeteko sateliteak eta eguraldia markatzen duten fraideak, eta ipini oilar bat zure sukaldean, eguraldiaz gain, bizilagunen heriotzaren berri emango dizu, eskelak begiratu beharrik gabe. Oilarren kontu hauek, Euskadiko metereologo eta fraide famatu den Pello Zabalaren Naturaren mintzoa liburu bikainetik ateratakoak izan dira, bada hor gure ekokulturaren kontu ugari, bai kontu hauek biltzen eta bai idazten, aupa hi!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!