Eta txorizoa ere bai

Erabiltzailearen aurpegia Jon Ander Galarraga 2015ko aza. 8a, 10:30

Zutabe honekin, mundua behera datorrela aipatu nahi dizut ene irakurle fin horri. Tabakoa oso txarra omen da, arratsaldeetako garagardoa ere neurrian edan behar omen da eta laneko estresak bihotzekoak ematen omen ditu.

Orain, faktore bat gehiago gehitu behar diegu gure eguneroko tortura horiei. Munduko Osasunaren Erakundeak esan duenez, eta izen horrekin garrantzitsua izan behar du izan erakunde honek: hestebeteak eta haragi gorri prozesatuak ere minbizia eragin omen dezakete. Ez tabako, ez garagardo eta orain ez eta txorixo, saltxitxoi eta bestelakorik.

Gozoa dago ba gure Nikolas harakina, normalean bi aldiz zorrozten duen labana, gaur ordu erdian zortzi aldiz zorroztu du. Hestebete prozesatuak txarrak direla esan duten egunean bertan nabaritu du jendeak erosteko modua aldatu duela. Bezeroak mesfidati sartu dira bere harategian, Munduko Osasunaren Erakundeak, hestebete prozesatuek minbizia sortzeko probabilitatea apur bat igo egiten dutela esan badute ere, bezeroen buruan honela itzultzen da: «Ez ezak jan saltxitxoia eta bestelakorik, zeren urte gutxi barru hilko haiz minbiziak jota!».

Nikolasek nabaritu du bai, oilasko hegal asko saldu dituela egun horretan, baita ere indioilar bularrak. Txorizo eta saltxitxoia ez da saldu, hortxe geratu dira zintzilik, bere buruaz beste egin duen bat zuhaitzean geratzen den bezala… tilin-talan. Txorixo eta saltxitxoien suizidio kolektibo bat eragingo ote du ba Munduko Osasunaren Agentziak?

Nik ez dakit zelako jakintsu dauden erakunde horretan baina hemen arazo bat dago: edo komunikatzen ez dira ez oso finak, edo prentsa horia zain egoten da honelako berriekin triskantza bat egiteko. Ni, bigarrenaren aldekoa naiz.

Ez gara hasiko esaten minbizia sortzen duten elikagaiak nola sailkatzen diren eta zergatik esan duten berri txar hau, honezkero telebistan Landaeneko Klaudio eta bere aditu taldeaz nahikoa nazkatu dira nire irakurleak. Hemen esango dugun bakarra, egunero jaten ditugun elikagai asko direla minbizia sortu dezaketenak, hasi formaldehidoa duen udaretik eta furanoa duen kaferaino. Hoberena, ezer jan eta edan gabe egotea, honela ez gara minbiziz hilko, agian gosez bai, baina minbiziz ez.

Bestetik esan ere, gaur egun froga asko egiten zaiela elikagaiei eta oso jaki seguruak ditugula, nahiz eta askoren ustez ez izan naturalak, %99an seguruak dira eta segurtasun honek bermatuko digu etorkizunean 100 urteraino bizitzea. Pentsa gure arbasoek gu baino produktu naturalagoak jaten zituztela: etxean hazitako txerriak, baratzetik atera berriak ziren barazki freskoak… baina gu baino urte gutxiago eta bizi kalitate eskasagoan bizi zirela, eta gainera oso ohikoak zirela elikagaien bidez sortutako infekzioak eta heriotzak. Zorionekoak gu.

Nikolas harakinak gogoan ditu behi eroen gaitza, hegaztien gripea eta txerrien sukar aftosoan, edo nire amonak dioen bezala «naparmiña». Nikolasek badaki gizartea eta bere bezeroak ganaduak bezala direla, denbora tarte batean zerbaitekin aztoratzen direla, baina asteak pasa ahala hau guztia erabat ahaztuko zaiela eta bere saltxitxoiak berriro jaitsiko direla bere zintzili-lekutik bezeroen otartekora. Jendeak indioilarra eta oilasko bularkia ona dela esango du, baina arratsaldeko lau t'erdietan, iruñako txorizo otarteko bat dagoen lekuan... kendu daitezela Munduko Osasun Agentzia guztiak. Jan lasai irakurle, eta gogoan izan nire amonak dioena: «Zure birraitonak adina txorizo, gibel, odolki, birika eta tripaki jan duenik ez dago izan Gipuzkoa osoan, eta laurogeita hamar urtera arte bizi izan zen».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!