Euskal Ekokulturaren txoko berria

Erabiltzailearen aurpegia Jon Ander Galarraga 2015ko urr. 4a, 10:26

Ikasturte berria hasi deneko honetan, hemen da berriz ere gure ekokulturaren txoko xume hau. Zuen etxeetara, gure kulturaren zati txiki eta sarritan baztertu hau iristeko asmotan. Aurten leku berri bat eman digute, ez da ohiko lekua, baina barrenean irakurriko duzuena bai da betikoa, autore berarekin eta kontu berdinekin. Gure inguruko landare eta animaliez aritu gara, nolakoak diren, non bizi diren, zergatik diren horrelakoak… beti ere modu sinplean azalduta, gu ere txiki eta sinpleak baikara.

Etapa berri honetan ordea, gure ekokulturaren txoko xume hau interaktiboagoa izatea nahi nuke. Izan ere, euskaldunok badugu ingurunearekiko atxikimendu berezi bat eta gure etxeetako sutondoan, beti entzun izan ditugu animali edo landareez kontu xelebreak. Pena handia izango litzateke kontu eta historia txiki polit hauek denboraren atzaparretan galtzea.

Horregatik, hartu boligrafo eta paper zuri bat, joan zuen guraso edo aiton-amonengana edo zergatik ez, zure etxe alboko baserriko gizon-emakume adindun horrengana eta hasi galdetzen. Zein animali basati ezagutzen dituzten, nola deitzen dieten, «onak ala txarrak» diren, ehizatuak izaten al ziren… ziur informazio oso baliagarria dagoela hitz horietan ezkutatua. Kontu eta informazio hori j.galarraga@gmail.com e-mail helbidera bidali eta hementxe bertan argitaratuko eta aztertuko ditugu.

Bilketa lan honi hasiera emateko, hona hemen neuk bildutako kontu bat, non, azeri, oilaskoak eta sardinak tartean dauden. Nire aitona zenak zioen, azeria (Vulpes vulpes) zakurra baino adimentsuagoa omen dela. Pertsona bati «hi haiz hi, azerie, hi!» esandakoan ez diogu ez inozoa deitzen.

Nire aitonaren esanetan, azeria oilasko lapurretara doanean, lehenik iskina batetik zaunka moduko bat egiten omen du, oilaskoen jabea zaunka egindako puntura erakarriz eta bitartean beste bide batetik ezkutuan oilategira sartuz eta berebiziko triskantza eginez. Noski, lehenik oilarra akabatzen omen du eta gero harrapatzen dituen oilo guztiak, azkenik hauetako bat hartu eta ospa egiten omen du. Oilar gizajoak garesti ordaintzen du oilo eme ederrez betetako oilategiko ar bakarra izatea.

Bestetik, azeriez asko zekien gizon batek esan zidanez, azeria sardina zale porrokatua omen da, eta hau erabiltzen omen zen garai batean azeriak harrapatzeko tranpa moduan. Zuhaitz baten adar batetik pita bat zintzilikatu eta honen bukaeran amu handi bat sardina fresko batekin ipintzen omen zen. Sardinak, azeri baten altuera baino gorago egon beharra zeukan derrigorrez, azeriari salto eginarazteko. Azeria sardinarengana salto egiterakoan amutik zintzilika geratzen omen zen eta bertan krudelki amaitzen zituen bere «gaiztakeriak eta egindako kalte larriak», bi hilean behin oilasko pare bat harrapatzegatik ordaindu beharreko hipoteka nonbait!

Geuk dugun hipoteka bakarra ordea, hilean behin zuei informazio interesgarri eta entretenigarriarekin irribarretxo bat ateratzea denez, zuen istorio eta kontuen zain geratzen gara, ea hurrengo zutabean zuen zerbait argitaratzen dugun. Adi ikastetxe eta beste modu batean pentsatzen duzuen irakasleak, ikasleekin burutzeko jarduera oso interesgarria da eta!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!