Ikusi arte

Erabiltzailearen aurpegia Jon Ander Galarraga 2015ko uzt. 30a, 09:29

Gaurkoa dugu denboraldiko azken zutabea, eta nola amaituko du ba ekokulturaren txoko xume honek denboraldia? Hasi zuen bezala, bizidunei buruz hitz egiten.

Bizidun guztiak dira interesgarriak, lurrean arrastan dabilen txingurri batetik hasi eta gure gainetik hegan igaro den enara bateraino. Bizidunak begiratzen jakin egin behar da ordea, bizidunei ez zaie gure ohiko begiekin begiratu behar, beste begi batzuekin begiratu behar zaie beraien benetako izaera ikusteko.

Adibide sinple bat ipiniko dugu. Ziur oraintxe bertan zure etxeko alboren batean armiarma txiki bat dagoela, laster zure oinen azpian akabatua izango dena. Begiratu armiarma horri adi, zortzi hanka ditu. Ez bi, ez sei eta ez hamar, zortzi, zergatik ote? Ziur arrazoi matematiko unibertsal bat badagoela hanka kopuru hori izateko eta oraingoz behintzat inongo biologok edo matematikarik ez duena asmatzerik izan. Begiratu bere «ipurdia», globo formakoa al du? Emea izango da orduan. Ez badu globo formakoa, arra izango da, begiratu aurreko aldean ea begien parean hankatxo txiki lodi batzuk badituen, hor dauka bere zakila. Armiarma arrek ugal organoak aurreko aldean dituzte. Sarerik egiten ote du armiarma horrek ala ehiztari aktiboa da? Ehiztari aktiboa bada, azkar mugituko da eta salto ere egingo du, gainera aurrealdean begi handiak edukiko ditu. Ez al da ari interesgarria bihurtzen ia akabatu zenuen armiarma ziztrin hura?

Beste adibiderik nahi? Begiratu inguruan duzun oilo inozo horri, baserri batean bizi bazara behintzat. Ez da oso interesgarria ezta? Bi hankako animalia da, zu eta ni bezala, hegaztia, lumaduna, garai bateko dinosauroetatik eratorria eta beraien gertueneko ordezkaria. Ziurrenik dinosauro erraldoi harrapakari haiek, oilo honen antzera ibiliko ziren. Begiratu lumarik gabeko hankei, ziur dinosauroek honelako hankak zituztela. Oiloa, etxekotutako animalia da, basoilotik etorria ziurrenik. Seguraski basoiloak hegaz gehiago egingo zuen gure etxeko oiloak baino. Baina zergatik behar zuen hegan ospa egingo zion basoilo bat garai bateko gizaki hark? Hobe, hegan gaizki egiten zuten basoiloak aukeratzen eta hezten joan, batere hegan egiten ez zuten oilo geldo eta inozoak lortu arte.

Ikusten duzue, ikuspuntu aldatzen jakin behar da gauza arruntak interesgarri bihur daitezen. Espero dut, bi-hiru asteko zutabe xume honek ere, urteen poderioz zuen ikuspuntua apur bat aldatu duela, eta lehen aspergarri edo arratsalde pasako dokumental ziren bizidunak, orain interesgarri izatea.

Mila esker letren beste aldean egoteagatik, pena da audiometrorik ezin eduki izana, ez baitakit benetan zenbat ote zaudeten hor atzean. Barka erregulartasun eza, hasiera batean aste betekoa, gero bi astekoa eta azkenik irregulartasuna, nire eskutik at geratzen diren erabakiak izan dira. Eta hurrengo denboraldirako zer? Nork daki! Agian berriro euskal ekokulturaren txoko xume honek zuen etxeetara bidaiatzen jarraituko du edo agian beste lekuren batean lur hartuko du eta beste zokoren bat kolonizatzen hasiko da. Non amaituko duen ez dakien txoko xume honen autoreak eskerrak besterik ez ditu letren atzean daudenentzat.

Mila esker jasotako mezu elektroniko, telefono dei eta kaleko «hik Atarian idazten dek ezta?» edo «hi egunkarian idazten diken biologoa haiz ta!» guzti horiengatik. Bizidunak diren heinean, biologoak izango dira eta idaztea atsegin duten biologo-idazleak diren heinean, txoko txiki xume hauek izango dira, tarterik eskaintzen bada behintzat. Ondo pasa uda!!! Ikusi arte!!!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!