Hor nonbait, kulparik gabeko ume batek, aspaldian erradikaturik zegoen difteria gaitza hartu eta hil da. Gaur egungo koloretako prentsako kide banintz, ume horren gurasoen izen-abizenen bila ibiliko nintzen eta lauzpabost orrialde idatziko nituen ume horrek non ikasten duen, non bizi den, bere lagunak zein diren eta bere aiton-amonen bizilagunekin egindako erreportajez osatuko nuen nire lana.
Baina ni, daltonikoa jaiotzez eta herentziaz, kolorekiko zaletasunik ez dudanez, txertoei buruz hitz egingo dut, zer diren, nola funtzionatzen duten eta zergatik diren garrantzitsuak esanez. Koloretako prentsak egin dezala putrearena, gu txolarre koitadu txiki batzuk besterik ez gara eta! Lehenik eta behin esan, nire formakuntza ikusi eta ikasitakoagatik, ni txertoen guztiz aldekoa naizela, eta nire iritzian, txertoak izan direla medikuntzan egin diren aurrerapenik garrantzitsuenetakoak, bizitza asko salbatu eta salbatuko dituen aurrerapena.
Gainera, txertoengatik erradikatu dira gure gizartean atzo arte heriotza tasa ikaragarriak eragiten zituzten milaka gaitz. Zorionekoa gure gizartea, non txertoak eskura dituena! Makina bat herrialde badaude urtean milaka pertsona hiltzen direnak txertorik ez dutelako. Txerto batek gaixotasun bat pairatzea ekiditen du, gaixotasuna agertu aurretik horren aurreko defentsak garatuz eta gaixotasuna datorrenean, beraren aurrean inmunitate sistema prestatuz. Gauzak orokorki eta modu erraz batean esanda, txertoan gaixotasunaren zati inaktibo bat doa eta gure gorputzean sartzen dugunean, gorputzak errekonozitu egiten du gaixotasuna eta bere aurkako defentsak garatu. Gaixotasunen sortzailerik ohikoenak, bakteria eta birusak dira, hauek gure gorputzean sartzen badira eta gorputzak ez badauzka beraien aurkako defentsak garaturik, bakterio eta birusak ugaldu egiten dira gorputzean arazoak sortuz eta arazo hauen larritasunaren arabera, heriotza eraginez.
Txerto batean bakterio eta birus hauen proteina batzuk doaz, beraz, gorputzak jada badu birus eta bakterio horren berri eta inmunitate sistema prest du hauen ugalketa ekiditeko, gaixotasunaren garapena moztuz eta bide batez bizitzak salbatuz.
Are gehiago, txertoa duen bati gaitza sartzen bazaio eta txertoaren laguntzaz ez badu garatzen, gaitz hau bere horretan geratzen da eta ez du beste pertsona bat kutsatuko, beraz, norbera txertotzeak ere, besteegan onura eragin dezake. Batez ere gaur egun, non milaka pertsona metro koadro gutxitan bizi garen. Hogeigarren mende aurreratu honetan, gezurra badirudi ere, ehunka talde daude txertoak farmazia-etxeen asmakizunak direla esaten dutenak, eta txertoen eraginkortasuna zalantzan ipintzen dutenak. Egia da txerto bat ez dela inoiz %100ean eraginkorra, egia da ere batzuetan txerto batek zeharkako kalteak eragin ditzazkeela, baina oso kasu gutxi dira munduan.
Ehunka gaixotasunen izenak aipatu ahal ditugu eta ziurrenik irakurleek ezagutu ere ez dituzte egingo, gaixotasun hauek txertoen bidez ezabatu baitira gure gizartean, baina argi, horrek ez du esan nahi ez daudenik gure gizartean eta moda batek bultzaturik berriro txertorik gabeko gizarte «moderno» bat sortzen badugu, gaixotasun hauen agerpen bat sortuko da. Hala ere ez daukagu zertan gaixotasun guztiez txertatu beharrik, ni gaztea naiz, inmunitate sistema on bat daukat eta gripearen birusa sartzen bazait, pare bat egunez sukarra edukiagatik segituan errekuperatuko naiz. Baina neure amona, ez dena ni bezain gaxtea, bere inmunitate sistema ez dauka punttu-punttuan eta agian gripe arrunt batek, niri egingo lidakeena baino kalte handiagoa egin liezaioke, horregatik hobe berak txertoa urtero hartuko balu.
Urtero hartu behar, zeren birus eta bakterio hauek eraldatzeko zaletasun handia dute eta urte batean balio duen txertoak, agian hurrengo urtean agertu den bakterio edo birus eraldatuaren aurka ez da eraginkorra eta txerto berri bat hartu beharra daukagu. Hau armamentu borroka bat duk txo! Eta argi ibili «naturalaren predikatzaileekin», txertoak ez dira produktu naturalak, bakterioak eta birusak aldiz bai. Ez dago gaixotasun txar bat harrapatu eta hiltzea baino gauza naturalagorik!!!