Kukukeriak

Erabiltzailearen aurpegia Jon Ander Galarraga 2015ko api. 16a, 11:40

Kukua dugu sasoi honetan famatu egiten den hegaztia, urte guztian kasurik egiten ez diogun arren, martxo inguruan bere kantuaren zain ipintzen gara zoro modura, irrati eta telebistan ez da egoten beste konturik!

Eta zelako kasualitatea, kukuaren kantua «kuku-kuku» da; kukuari izena ipini zion lehen euskaldunak ez zuen ez irudimen handirik. Nola egiten du hegazti horrek? «Kuku-kuku». Ba «kukua» deituko diogu. Pertsona hau izango zen euskal hegaztien gehiengoari izena ipini ziona, zeren euskal hegazti izendegia mota honetako izenez betea dago. Adibidez, nola egiten du xoxoak? «Xo-xo-xo». Nola kantatzen du ixkixuak? «Ixki-ixki», eta txepetxak? «txep-txep-txep». Hontz mota bat bada, urubia izena duena, «uru-uru» egiten du, «uru» bi egiten ditu. Euskal hegaztiei izena ipini zien pertsonak, lan handia egin zuen bere garaian baina, ez zen ez oso originala izan.

Gaurko gure hegaztiarekin jarraituz, kukuak (Cuculus canorus) hegazti euskalduna izan behar du nahitaez, hau ere udan, euskaldun on bat bezala beraneatzera joaten baita, baina Errioxa edo Benidorm inbaditzera joan ordez, Afrikara joaten da. Nonbait ez zaio gustatzen, Miren Josune eta bere eskusoinuaren Txoritxoak kantua.

Oso animalia preziatua eta xarmangarria da kukua gurean, baina jende gutxik ikusi du argazkietatik kanpo. Eta argazkietan ikusitakoan ere, ez da batere hegazti polita, uso handi luzanga baten tankera dauka kolore nahiko grisekin eta zozoekin. Bere itxura ez da oso interesgarria baina bai bere jokamoldea; izan ere, kukua, beste hegaztien habien parasitoa da. Kuku amak, beste hegazti txiki eta ertainen habian ipintzen du bere arrautza, habia horretako arrautza batez ordezkatuz, eta kukutxo txikia jaiotzean, bere lehen intentzioa, bere anai-arreba ordekoak habiatik behera botatzea da. Batzuetan, kuku ama bat baino gehiagok ipintzen dituzte habia berean beren arrautzak eta orduan, kuku kumeen borroka hasten da: indartsuenak bere espezie kideak botatzen ditu habiatik. Honela etxeko seme-alaba bakarra bihurtzen da eta bere aita-ama ordekoen mimo eta janari guztiak jasotzen ditu.

Guraso ordekoek, agian elkarren artean elkarrizketa hau dute: «Bai, gure semetxoak itxura arraroa du, baina berdin maiteko dugu». Aita-ama ordekoek, bere barrenean txertaturik dagoen programari helduz bere kumetxo arraroa elikatuz jarraitzen dute. Gertatzen dena da, bere kumetxo arraroa, aste gutxiren bueltan gurasoak baino handiagoa egiten den txoritzarra bihurtzen dela, sekulako jankak egiten dituela eta etxetik bidaltzea kosta egiten dela. Badu bai gizakiaren antza kukuak!

Munduan zehar kuku espezie eta populazio asko daude eta populazioen artean jokamolde asko. Kuku populazio bakoitzak, bere arrautza ipiniko dion hegazti gogokoena du, eta arrautzak, hegazti espezie honen arrautzen kolorearen antza edukitzen dute; nolabait kuku arrautzak beste hegaztiarekin kamuflatu egiten dira. Gainera, badira kuku populazio batzuk, non ez dituztenak bere arrautzak besteen habian ipintzen eta beraiek hazten dituzte kumeak. Kuku hauen arrautzak zurixkak izan ohi dira, ez baitute beste hegaztienarekin kamuflatu beharrik. Iberiar Penintsulan, kukuak lezkari (Acrocephalus sp.) eta txirtaren (Anthus sp.) habiak parasitatzen ditu eta gaur egun kukua ez dugu arriskuan dagoen espezie bat.

Ekonomiari onura eta galera ekarri izan dizkion hegaztia da, izan ere, kukua lehen aldiz entzuten denean eta poltsikoan ez baduzu dirurik, ekonomikoki oso urte txarra izango omen duzu. Alukeria da, kukua mendian entzuten da eta inor ez doa mendira patrikan bostehun euro hartuta. Azken lau urte hauetan kukuen migrazio handiak izan dira nonbait Europa osoan eta jende asko harrapatu du bere lehen kantuak poltsikoak hutsik dituela, horregatik egungo krisi egoera. Kasualitatez, banketxeko zuzendari asko joaten dira mendira patrikak beteta eta hauek urte bikainak izan dituzte. Beraz, krisia ez da izan «gure aukeretatik kanpo bizi izan garelako», krisia kukuaren errua izan da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!