Zoritxarrez hau gezurra da eta zoritxarrez ere, mendian lan egiten duten bi biologo bakarrik ezagutzen ditut, beste guztiak laborategietan, arraindegietan eta kafetegietan daude lanean.
Eta ez pentsa mendian lanean ari direnak aberasten ari direnik. Biologo baten mendiko lana zer zen orain bost bat urte frogatu nuen neure azalean, masterreko tesia egin nuenean. Neure tesia, Hernion zeuden karniboro ertainen presentzia atzematea izan zen. Karniboro ertainak: azkonarra, lepazuria, lepahoria, katajineta, azeria eta basakatua dira besteak beste. Zuetako asko mendizale izango da eta ziur hamar urte daramatzazuela asteburu oro mendira joaten eta ziur inoiz ez duzuela ikusi esandako animalia mota hauetako inor, ezagutzea ere nahiko lan! Izan ere, karniboro hauek gautarrak dira eta ez dira gizakiaren oso lagunak, guk basoan hanka bat jartzerako karniboro hauek jada gugandik kilometro batera daude.
Animalia hauek aztertzeko beraz ezin gara mendian barrena beraiek behatuz joan, zeharkako metodo batez jakin beharra daukagu animalia mota hauek badauden ala ez. Zuetako askori honez gero, argazki kamara batez hornituriko haragi zati bat ipintzea bururatuko zitzaizuen, karniboroak haragiari hozka egitean karniboroari «Selfie» bat ateratzen duen kamera, eta egia esan, ez da ideia txarra. Baina nire garaian, eta gaur egun ere, Euskal Herriko Unibertsitatearen aurrekontuak horixe ziren: «Aurretik esaten ziren kontuak», eta kontuek, komeriak ekartzen dituzte eta han geratu nintzen ez «aurre», ez «kontu» eta ez kamera modernorik gabe. Beraz, beste zeharkako metodo merke bat asmatu behar eta AEBtako zientzialari famatu batek eman zidan ideia, arrasto tranpak ipintzea. Arrasto tranpa hauek diru gutxi eta aurreko kontu asko duten unibertsitateko biologoek erabiltzen dituzte.
Plastikozko tunel bat da, tunelaren amaieran sardina oliotsu bat ipintzen da eta sardina iritsi arteko bidea tinta beltzez margotzen da, eta justu sardinaren alboan paper zuri bat itsasten da. Honela karniboro ertaina sardina jatera doanean, bere hankak tinta beltzez zikindu ostean, bere arrastoa paper txurian uzten du eta honela zein animali den identifikatu ahal dugu, karniboro gaixoari inongo traumarik sortu gabe eta aurrekontuak ukitu gabe utziz.
Dirua falta denean, adimena garatzen omen da, EHUko biologoek adimena topera daukate. Ze erremedio!!! Jakin behar da ere, lan hau egiteko sasoirik hoberena negua dela, karniboroak goseak daudenean, bestela zein karniboro izuti sartuko da plastikozko tunel ilun batean? Gizakiok gustura sartzen gara larunbat gauetan taberna zulo ilunetan, baina karniboroak ezberdinak dira. Bestetik esan ere, tranpa hauetako bakoitzak 5 kilo pisatzen zituela eta eraginkorra izan zedin, aldioro 5 tranpa ipini behar zirela. Eta han joan zen, biologo izan nahi zuen oilasko kumea, hogei eta bost kilo bizkarrean, elurra, euria eta hotza irentsiz, alboan sardina lata oliotsu batekin Hernion barrena.
Astean behin ipintzen ziren tranpa haiek eta hurrengo astean beste leku batean birkokatzen ziren, benetako irrika egoten zen paper zurian zelako arrastoak agertzen ziren ikusteko. Laurden batean ez zen ezer agertzen edo arrastoak ez ziren identifikagarriak. Arrastoen gehiengoa katua izan ohi zen, basakatu ala etxeko katua? Nork daki, ziurrenik etxeko katu basokotua. Eta noizean behin, katajineta, bisoi batek edo lepazuri batek uzten zuen bere sinadura paper txuri hartan. Zeuk eraikitako arrasto tranpa hartan, basoaren sakonean bizi zen animalia basati izu batek bere arrastoa utzi izan zuela ikusteak, futbol zale batek bere taldeak gola sartzen duenean sentitzen duen zirrararen modukoa zen. Tesiaren ondorio nagusia, Hernion basati bihurtu ziren etxe-katu ugari zegoela zen, baina ordutik aurrera, ez naiz sardina lata oliotsu batetik ezer jateko gai. Baina beno, basurde baten lagun egin nintzen eta bere gainean joaten naiz egunero lanera, eta «bokailloa» ahazten bazait, nire miru lagunak ekartzen dit bulegoko leihora. Inork tesi honen informazio gehigarririk nahi badu, twitter-era idatzi nazala @bioaniztasuneti.