Bioaniztasunetik: Ba omen zen birus bat

Erabiltzailearen aurpegia Jon Ander Galarraga 2014ko urr. 30a, 10:09

Ba omen zen birus bat non Afrikan urtero milaka pertsona hiltzen zituena eta Europan bat hil zuenean, mundu guztiko alarmak piztu zituena. Ipuin bat ematen duen arren hauxe gertatu da Ebola izeneko birusarekin, urrunean dagoenean lasai geunden asteburutako futbol partidak ikusiz, halako batean etxe inguruan paseatu da eta denok beldurrez kikilduta! Zoritxarrez honela funtzionatzen du gaur egungo gure gizarte honek eta apurka-apurka aldatzen goazen arren, urte asko pasako dira honelako injustiziak desagertzeko.

Gaurkoan animali eta landareak alde batera utzi eta birusekin sartuko gara, bizidunak ez diren arren, zenbait bizidunak akabatzeko ahalmen nahikoa badute eta zergatik ez, interesgarriak dira. Birusa ez da bizidun bat, edozein gauzek biziduna izateko hiru gauza eduki behar ditu: ingurutik banatzen duen mintz edo azal bat, bere kasa elikatzeko gai izatea eta ugaltzeko gaitasuna.

Birusek hiru baldintza hauetatik bat ez dute betetzen: ez dira elikatzen. Azken finean birus batek egiten duena, gure zelulen gainean ipini, ziztadatxo batekin gene batzuk sartu bertara eta gene hauek, eskuliburuak bailiren, gure zelulako elementu ezberdinak erabiliz beste milaka birus eraikitzen dituzte, ostean zelula lehertu egiten da birus berriak odolean barrena askatuz eta berriro birus festa hasiz! Birusak gure zelulak tailer bat bailiren erabiltzen ditu, ostean bertan lehertzeko. Birus bat famatu egin da azken aste hauetan, Ebola izena ipini zioten: Artola, Olaizola, Sarasola… izen euskalduna ote du?

Urruneko ahaide euskaldunak dituen birus honek sekulako odol jarioak eragiten ditu gorputzean, odol-hodien inguruan dauden zelula lehertzen baititu. Alde handia dago gaixotasun hau Afrika erdian harrapatu edo Europa aurreratuan pairatu, hemen gutxienez odol jario hauen aurka badago zerbait egitea gure gorputzak birusari aurre egiten dion bitartean, Afrikako herrixka xume bateko etxola batean ordea… zorionekoak gu eta gutarrak. Honez gero nire irakurleak adituak dira Ebola kutsatzeko moduetan eta dituen sintometan, ez baitago besterik telebistan.

Kutsatzea nahiko zaila den arren, nik ez dakit zein gobernuk kontrolatzen gaituen, baina Ebolarekin kutsatu zen espainiar bakarrak, erabat kontrolpean eduki beharreko gizonak, bere erizaina kutsatu zuen, eta hau gutxi balitz, erizain hau aste betean sukarrarekin hortxe ibili da, oraindik zaila da esatea nolatan ez garen denok Ebola gaitzarekin akabatu.

Beldurrez dardarka ipintzen naiz, «protokolo» hitza entzuten diedanean. Orain denok seguru gaude, jada gaixotasun hau kontrolatua dago eta asteburuko futbol partiden ostean, amnesia batek joko gaitu eta horrenbeste beldur eragin duen birus honetaz ahaztu eta Kantizanoeneko Gorka Xabierren tertuliak ikusten jarraituko dugu, etxe oneko semea!

Inor gogoratzen al da, orain arte izan ditugun gaixotasun arraro guztiez? Ahate bat erreka bazterrean akabatuta agertzen bazen, hegazti gripea zen. Txerri batek kurrin arraro bat egiten bazuen, gripe aftosa edo nire amonak dioen bezala, «naparmina» zen. Behi batek estropezu egiten bazuen, behi eroen gaitzarekin zegoen kutsatuta. Eta Txinatar batek trenean doministiku egiten bazuen, gripe horia zen. Ostean gripe mota berri bat ere etorri zen, A gripea deritzona, uste genuen munduaren bukaera zetorrela!

Munduarena ez, baina osasungintzako aurrekontuen bukaera izan zen, zenbat diru gastatu ote zen gero kiloka soberan geratu ziren txertoak erosten. Gehiago dira gaur egun lanera doazela autoarekin istripua izan eta hiltzen direnak, edozelako gaixotasunekin akabatzen direnak baino, orain milaka urte ez zen autorik, baina harrapari, gaixotasun eta zauriekin hiltzen ziren gure ahaide urrunak, eta berrogei urterekin jada agure zaharrak ziren, nahiz eta beraien elikadura zegoen ekologiko eta naturalena izan. Zorionekoak gu eta gure garaikideak.

Beraz egon lasai gaixotasun arraroekin, kontuz autoan ibiltzean eta ez fidatu protokoloez. Segi lasai futbola eta Gaztañagaeneko Patrizia ikusten, bitartean gure azpiko kontinentean, jaiotzearen loterian zorte txarra izan duten milaka pertsona ari dira odol husturik hiltzen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!